Aurrekontuaren laurdena inbertsioetara bideratuko dute Alkizan

Ataria 2023ko otsailaren 9a

Besteak beste, Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuko proiektuetara eta plan orokorraren idazketara bideratuko dituzte inbertsio nagusiak.

Alkizako Udalak 2023ko aurrekontua onartu du urtarrilaren31n egindako osoko bilkuran. 700.769 euroko aurrekontua izango du udalak eta kopuru horren %25a inbertsio berrietara bideratuko du, hain zuzen, 175.000 euro.

Inbertsioen artean hauek azpimarratu ditu udalak: herri bideak konpontzeko 17.000 euro, plan orokorraren idazketari hasiera emate 35.000 euro, Hernio-Gazume  KBEn buruko diren proiektuetarako 66.000 euro eta Erretore etxean inbertitzeko 32.000 euro. Inbertsioen atalean bi partida berri sortu dituzte: bata, kirol gelako makinak berritzeko; eta bestea, ondare arkeologia berreskuratzeko lanetarako.

Osoko bilkuran, Villabonako Olaederra kiroldegia erabiltzeko tarifan alkizarrei beherapena egitea onartu zuten udal ordezkariek, aurrez Alkizako eta Amasa-Villabonako udalen arteko hitzarmena berretsiz. Eskaera hori luzatu zuten herritarrek 2022an egindako  parte prozesuan. 

Alkizako Tokiko Energia Komunitatearen estatutuak ere onartu zituzten azken osoko bilkuran eta eraketa akta sinatzeko baimena eman zaie udal ordezkariei. Lehen urratsa eman dute komunitatea osatzeko.

Alkizako herri eskolari eta Beleburupe guraso elkarteari diru laguntzak ematea ere adostu dute zinegotziek urteko lehen osoko bilkuran.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!