Sormenaren Kabia bekaren aurtengo uzta

Ataria 2022ko abenduaren 29a

Fagus Alkiza interpretazio zentroan aurkeztu dituzte euren lanak Mirari Errondosorok eta Laia Varelak.

Abenduaren 23an Fagus Alkiza interpretazio zentroan aurkeztu zituzten aurtengo Sormenaren Kabia bekaren saridunen emaitzak. Rotetan parte hartzen duten bi sortzaile izan dira aurten bekadun. Mirari Errondosorok biomaterialak ardatz hartuta ikerketa egin du eta Alkiza bertako hondakinak erabilita material berriak sortu ditu. Laia Varelak, berriz, bilduma berezia sortu du basoan topatutako materialekin; bereziki, gizakiaren eboluzioa gaztainarenarekin alderatu du, sortutako bitxiei istorio bat erantsiz.

Bi artistak eskertuta agertu dira bekari esker hiru astez aukera izan dutelako buru-belarri beren proiektuetan murgiltzeko. Sormen prozesu horren jarraipena egin du bideoz Unai Sorarrain herritarrak eta ostiraleko aurkezpen ekitaldian eskaini zituzten artista bakoitzaren jarraipenarekin sortutako ikus-entzunezkoak. Aurten, gainera, lehen aldiz, Markel Sorarraini esker streaming bitartez jarraitu ahal izan da aurkezpen ekitaldia.

Herriko eragileak presente egon dira artisten sormen prozesuetan eta haiekin gogoratu dira Errondosoro eta Varela: Lete nekazalturismoarekin, Inazio Urruzola txakolindegiarekin, Alkizako Ostatuarekin eta Ur Mara museoko Koldobika Jauregi eta Elena Cajaravillerekin.

Bosgarren ekitaldia izan du aurten bekak eta Inaki Irazabalbeitia alkatea «pozik» agertu da izan duen ibilbidearekin: «Alkizaren herri proiektuaren helburuetako bat da kultura zabaltzea, eta testuinguru horretan ematen dira bekak, artistek sortzeko aukera izan dezaten ingurune natural batean».

Argazkiak: Unai Sorarrain

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!