ELKARRIZKETA

«Umeak irakurzaletzeko giro goxoa sortu eta txokoak egin nahi ditut liburutegian»

Jon Miranda Labaien 2022ko urr. 20a, 07:58

Kultur teknikari eta liburuzain gisa jardungo du Alkizan; datorren asteko Liburutegien Egunaren harira, Euskal Herriko mitologia ezagutzeko ekimena antolatu dute

Hasi berria da Alkizan Maider Aldazabal Mateo (Tolosa, 1998) eta «ilusioz» hartu du ardura. Liburutegian egokitzapen batzuk egiteko asmoa du eta dagoeneko lehenengo ekimenak antolatu ditu datorren asterako.

Zer moduzko harrera egin dizute Alkizan?

Egun gutxi daramatzat eta erritmoa hartzear nago, baina oso harrera ona egin didate.

Aurrez ezagutzen al zenuen Alkiza?

Bai. Aurreko bi urteetan udan begirale bezala aritu naiz hemen eta ezagutzen ditut haurrak eta baita zenbait guraso ere. Harritu ninduen hain herri txikia izanik zenbateko mugimendua duen ikusteak. Ekintza kultural asko antolatzen dira Alkizan eta horrek ere animatu ninduen langintza honetan hastera.

Zein izango da zure zeregina kultur teknikari gisa?

Herri txikia izanik, kultur teknikari gisa aritzeak beste hainbat zereginetan jardutea ere esan nahi du. Liburuzain bezala ariko naiz, besteak beste. Astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan 16:30etik 18:30era egoten da zabalik Erretore etxeko lehenengo solairuan.

Zein dira liburutegiko erabiltzaile ohikoenak?

Gehienbat 4 urtetik 10 urtera artekoak izaten dira. Helduagoak ez dira hainbeste animatzen, alboan plaza eta frontoia daude eta eguraldi onarekin joera daukate bertan geratzeko. Azterketa garaietan helduagoak etortzen dira ikastera.

Zein asmo dituzu liburutegirako?

Nahikoa espazio zabala da eta aukera asko ematen ditu gauza ezberdinak egiteko. Buruan dut berrikuntza batzuk egitea, tokiari berari etekin handiagoa ateratzeko. Umeak irakurzaletzeko giro goxoa sortu eta txoko ezberdinak egin nahi ditut liburutegian. Ikusten dugu haurrak etortzen direla liburutegira, baina jolasera gehiago irakurtzera baino.

Nola ospatuko duzue Alkizan Liburutegien Nazioarteko Eguna?

Uste dut aukera aparta dela nik liburutegirako buruan dudan proiektu txiki horrekin hasteko. Mitologiaren gaia aukeratu dut. Toti Martinez de Lezearen Euskal Herriko leiendak oinarri hartuta, egunero hiru pertsonaia mitologiko aukeratu eta horiek lantzeko jarduera ezberdinak egitea pentsatu dut datorren aste osoan. Gainera norberak bere pertsonaia mitologikoa sortzeko aukera emango dut, umeek ere euren irudimena landu dezaten.

Aurrera begirako zein asmo dituzu?

Gau beltzaren harira badut asmo bat. Mozorrotu, liburutegia pixka bat girotu, eta nik neuk ipuin bat kontatu nahi nieke umeei. Arimen gaua fantasiazko gau bat da, baduena ohitura Euskal Herrian, eta umeei hori azaltzen saiatuko naiz. Eta gero, herrian, aurki San Martin jaiak izango ditugu eta hori prestatzen ere ari gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!