ELKARRIZKETA

«Metalekin nahastuz balioa eman nahi diet basoko materialei»

Jon Miranda Labaien 2022ko urr. 19a, 16:00

Laia Varela Sormenaren Kabia beka eskuratu ondoren egonaldi artistikoa egiten ari da Alkizan; metal preziatuak eta harribitxiak basotik jasotako materia organikoarekin nahastuko ditu eta gaztainaren prozesua eramango du bitxietara

Hirugarren astea du Alkizan Laia Varelak (Donostia, 1987) eta aurreko bi asteetan bildutako gogoeta guztiak bere bitxietan islatuko ditu egunotan. Material organikoa eta metalak nahastuko ditu.

Zein ibilbide artistiko egin duzu hona iritsi aurretik?

Nik magisteritza egin nuen eta sei-zazpi urtez irakasle moduan aritu nintzen. Gero, bitxigintzarako grina sartu zitzaidan eta Easo Politeknikoan erdi mailako ziklo bat egin nuen. Sormenaren munduan sartu eta Parisera bidali ninduten praktikak egitera. Hainbeste gustatu zitzaidan giroa bertan bizitzen geratu nintzela. Sei urte eman nituen Parisen eta duela bi itzuli nintzen Euskal Herrira.

Zergatik aukeratu zenuen bitxigintza?

Ez zen kasualitatea izan. Txikitatik egiten nituen eskumuturrekoak eta bestelako piezak hariekin. Moda asko gustatzen zitzaidan eta familian ere bagenituen eskultoreak. Biak uztartzeko modu egokia iruditzen zitzaidan bitxigintza, niretzat bitxiak eskultura modukoak dira, miniaturan.

Sortzaile gisa zein lan egin dituzu orain arte?

Parisen eman nuen denboran, hausnarketak nire bitxietan islatzeko aukera izaten nuen. Bitxigintza garaikidearen munduan murgildu eta hainbat lan eta erakusketa burutu nituen. Azkeneko urteak pieza txikiagoak lantzen eman ditut eta azokaz azoka aritu naiz nire sormen lanak erakusten. Banuen gogoa piezen lanketari berriro heltzeko eta hausnarketa sakonagoetan murgilduz balio eskultoriko hori duten piezak sortzeko. Sormenaren Kabia beka honek eman dit horretarako aukera.

Zein gogoeta eta hausnarketa islatzen dituzu zure bitxietan?

Lan dezente egin dut arkitektura eta arte modernoaren inguruan. Barrua mugiarazten didan gai bat hartu eta hori piezetara eramaten dut. Emozioak ere landu izan ditut eta azken batean beste arloetan egiten ditudan gogoetak bitxigintzara ekartzen saiatzen naiz.

Zein proiektu aurkeztu duzu Sormenaren Kabia bekarako?

Ni hiritarra naiz. Donostian jaioa naiz eta urte asko eman ditut Parisen. Alkizara etortzeak ingurunearekin harremanetan egoteko aukera eman dit eta baita basoa ezagutzekoa ere. Beraz, esploratu nahi nuen nola uztartu dezakedan metala materia organikoarekin, kontuan hartuta udazkenean gaudela eta mugimendu handia dagoela basoan. Nik ez dut esku-hartze handirik egin nahi basoan, handik jasotzen dudana nire bitxietarako erabili baizik.

Zein da lanaren asmoa?

Gaztainekin lan egitea erabaki dut. Gaztainaren garapen naturala bitxigintzara eramango dut. Gaztainaren hostoa, oskola eta fruitua bera erabiliko ditut. Hori izango da ardatza, baina haz dadin gaztainondoak ekosistema bat behar du. Inguruko hosto, adar eta fruituak baliatuta pieza gehiago egiteko asmoa dut.

Nola antolatu duzu zure lana?

Lehenengo astea basoa bisitatzen eman nuen, argazkiak atera nituen eta materiala bildu nuen; bertako jendeak gidatu ninduen basoan barrena. Bigarren astean Ur Marako Elena Cajaravillerekin egin nuen lana eta bozeto batzuk prestatu nituen. Hirugarren eta azken aste honetan buruan dauzkadan pieza horiek gauzatuko ditut, fabrikazioan emango ditut azken egunak.

Zein material erabiliko duzu zure piezetan?

Normalean zilarra eta urrea erabiltzen ditut. Azkeneko piezaren batean urrea nahastuko dudala uste dut eta harribitxiren bat ere erabiliko dut. Metal preziatu horiek basoko materialarekin nahastuko ditut. Betiko luxuzko bitxigintza hori lurtartu nahi nuke, material organikoarekin nahastu alegia. Azken batean, basoak bere horretan bitxi preziatuak direla iruditzen zait; metalekin nahastuz balioa eman nahi diet basoko materialei.

Sortze prozesuan zein une duzu gogokoen?

Hasierako prozesu hori gustukoa dut. Gauza berria da eta ilusio handia jartzen diot, ume baten antzera bizi dut guztia. Eta azkenekoan ere, piezak gauzatzerakoan asko gozatzen dut. Orduan da umea erdituko banu bezala.

Aurreratu dezakezu nolakoak izan diren piezak?

Pieza handiak izango direla esan dezaket. Desfile baterako balira bezala pentsatutakoak. Eskultura txikiak, esan dezagun. Azken batean, ikerketa beka bat da hau eta guztiz aske jardun nahi dut bilaketa horretan. Prozesuan gozatu nahi dut eta badakit bereziak izango direla piezak. Orain egingo ditut bitxiak baina gero abenduan Alkizan egingo den aurkezpenean ikusi ahal izango dira. Materia organikoarekin egindakoak direnez eboluzio bat ere jasango dute eta denboraren iragaite hori ikustea ere interesgarria egiten zait.

Janzteko modukoak izango dira piezak?

Bai. Beti esaten dudan bezala nik egiten ditudan bitxiak soinean eramatekoak dira, badute funtzio hori. Behin bukatuta, gainean daramatzagunean beste bizitza bat hartzen dute.

Herritarrekin hartu-emana izan duzu.

Eskolan egon naiz umeekin eta aste honetan helduekin beste ekintza bat egiteko asmoa dut. Umeak beti daude irekita gauza berriak ikastera, baina helduek ez dut uste espero dutenik azalduko diedana. Ea animatzen diren prestatutako bitxiak probatzera.

Zein espazio baliatu dituzu lanerako egunotan?

Tarteka Ur Marako Elenaren tailerrera gerturatzen naiz, batez ere laguntza edo aholkularitza behar dudanean. Behin erabakia hartuta daukadanean, etxean dudan tailerrean egiten dut exekuzioa.

Alkizara bizitzera etorri berria zara. Zer suposatzen du zuretzat hemen bizitzeak?

Bai. Beka eskatu nuenean ez nekien hemen bukatuko nuenik. Egia esan toki zoragarria da. Lasaitasun handia dago eta naturaren inspirazioa datorkit. Nik arkitektura ukituarekin egin ditut piezak orain arte, baina naturan bertan ere badago geometria pila bat eta ziur nago horrek piztuko duela nire irudimena.

Eta Sormenaren Kabia beka bat egotea nola ikusten duzu?

Oso ongi. Ez naiz edozein herritara etorri. Artearekiko zaletasun handia dago Alkizan. Nik ekainean Ur Mara egonaldietan parte hartu nuen eta orduan izan nuen bekaren berri. Sormenaren Kabia beka edukitzea, diziplina ezberdinetako artistei aukera ematea, oso garrantzitsua da. Edonon ez da hori pasatzen. Pribilegiatua sentitzen naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!