Alkizako herri proiektuaren lan ildo nagusiak definitu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2022ko abu. 4a, 16:59

Parte hartze prozesu bat egin dute martxotik hona; 2030. urtera bitarteko bisioa landu dute alkizarrek.

2022ko martxoan Alkizako Udalak herritarren parte hartze prozesu bat jarri zuen abian herri proiektua berrikusi eta 2030 bitartean Alkizak herri gisa landu beharreko lan ildoak definitu ahal izateko.

Prozesua herritarrei zuzenduriko galdetegi batekin hasi zen apirilean eta horrekin herritarrek gai ezberdinen gainean zuten iritzia eta etorkizunera begira Alkizak dituen erronka nagusiak jaso ziren. Galdetegia 66 herritarrek osatu zuten online bertsioa eta paperezkoak batuta, hau da, 16 urtetik gorako biztanleriaren heren batek.

Prozesuaren bigarren urratsean herritarrak bi bileretan elkartu ziren ekainean zehar, galdetegiko emaitzak ezagutarazi eta etorkizunerako lan ildoen inguruan hitz egiteko. Taldeak adinaren eta interesen arabera antolatu ziren. Prozesua borobiltzeko ekainean zehar herriko bost eragile sozioekonomikoekin elkarrizketak antolatu ziren beraien ikuspuntua ezagutzeko: Ur mara, Ekotalo, Herri Ostatua, Lete landetxea eta Ganaduzaleen elkartea. Alkizako garapen sozioekonomikoaren etorkizunerako gakoak eman zituzten eragileok.

Prozesuan parte hartu duten udal ordezkari, herritar eta herriko eragile ezberdinei esker 2030. urterako Alkizako herri proiektuaren lan ildo nagusiak definitu ahal izan dira.

Besteak beste, hauek dira herri proiektu berrirako lehentasun handieneko gaiak:

  • Etxebizitza
    • Premiazkoa da etxebizitza eskaintza areagotzea, herriko gazteen beharrei egokituz.
    • Hutsik geratzen diren baserriek duten potentziala aprobetxatzea; hutsik geratzen direnen baserrietan, etxebizitza txikiagoetan banatzeko aukera aztertuz.
    • Etxebizitza eredu ezberdinak planteatzea, zerbitzu partekatuak eta estudio txikiak dituzten eraikinen ereduak bakardadean bizi diren pertsona helduenentzat irtenbide aztertuz.
  • Mugikortasun-irisgarritasuna
    • Garraio publikoaren maiztasuna areagotu eta herritarren beharretara egokitzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lanketa egitea.
    • Kotxea elkarbanatzeko saiakerak egitea aplikazioen bitartez.
    • Udaletxe-eskola-plaza eremua gatazkatsuaren inguruan lanketa egitea.
    • Oinez ibiltzea bultzatzeko oreka bilatzea.
  • Auzolana-partaidetza
    • Natur eremuari dagokion kudeaketan auzolana sustatzea, herri bideak garbitzen eta konpontzen, adibidez. Lan hauek gazteek egin ditzaten ordainsariak jartzea aztertzea.
    • Mendi bideak irekita egotea.
    • Partaidetza eredu berritzaileak jorratzea.
  • Landa eremuko ekonomia
    • Bertan eta inguruan ekoitzitako produktuei bultzada ematea
    • Lur jabe batzuekin adostu da ganaduzaleentzat lur amankomunatuak jartzea; Elkarlanerako inertziari jarraipena ematea.
    • Fagus Alkizan egiten diren lanak herritarren artean gehiago zabaltzea.
  • Erretore etxea
    • Erretore etxearen gainean hausnarketa eta eztabaida prozesu bat ireki eta herritarrak inplikatzea.
    • Eskatzen diren zerbitzuen inguruan gogoeta egitea: ostatua, kafetegia, dendatxoa, barnetegi-aterpetxea, tailer eta ikastaroentzat gunea...
  • Aisia
    • Ikastaro-tailer eskaintza zabaltzea herriari bizia emateko.
    • Gazteen dinamizazioa eskualde mailan berreskuratzea.
    • Villabonako kiroldegiarekin hitzarmen bat bideratzea sarrera merkatzeko.
    • Loatzo musika eskolan sartzeko aukera aztertzea.
  • Oinarrizko zerbitzuak
    • Lokal eta dendatxo baten bideragarritasuna aztertzea.
    • Juanenan ikasgela bat formalizatzea eta ondo egokitzea.
    • Birziklatzea bultzatzea, kontzientziazioan eragitea, onurak partekatzea.
  • Zaintza
    • Bakardadean dauden herritar helduenei begirako zerbait egitea.
    • Gizarte zerbitzuen prozedurak erraztea.
  • Ingurumenaren babesa eta klima aldaketa
    • Klima aldaketaren inguruan kontzientziazioan eragitea.
    • Bertako produktuen kontsumoa areagotzea eta mendien kudeaketa eta bertako bioaniztasuna babestea.
    • Energia trantsiziorako bidea hastea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!