Mirari Errondosoro eta Laia Varela aurtengo Sormenaren Kabiko irabazleak

Ataria 2022ko uztailaren 30a

Argazkian Mirari Errondonsoro igandeko Etxeondo Fest-en

Alkizako Udalak bosgarrengoz jarri du martxan ekimena eta bi proiektu saritu ditu; artistetako bakoitzak hiru asteko egonaldia egingo du Alkizan, iraila eta azaroa bitartean.

Artistek sortu, esperimentatu eta esperientziak partekatzeko Sormenaren Kabia bekaren bosgarren deialdia egin zuen maiatzean Alkizako Udalak. Dagoeneko bekaren saridunak zeintzuk diren eman du ezagutzera: Mirari Errondosoro Kimuri proiektuaren sustatzailea eta Laia Varela bitxigintzan aritzen den artisaua.

Eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlanari esker antolatzen da beka. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Fagus Alkiza interpretazio zentroak, Herri Ostatuak, Lete apartamentuak, Inazio Urruzola txakolindegiak, Ekotalok eta Ur Mara museoak hartzen dute parte egitasmoan. Parte hartzaileek hiru asteko egonaldia, hain zuzen, Lete apartamentuetan egin ahal izango dute eta udalak artisten eskura jarriko ditu proiektuaren ezaugarrietara egokitzen diren herriko espazio ezberdinak.

Herritarrekin harremana

Eskaini bakarrik ez, antolakuntzak saria eskuratuko duten artistei eskatuko die erakustea nola egiten duten lan, bai alkizarrei baita bertaratutako bisitariei ere. Gainera, antolakuntzak ikus-entzunezko bana ekoiztuko du proposamenak ezagutzera emateko. Unai Sorrarain herritarrak egindako bideoak jendaurrean aurkeztuko dituzte abenduaren 22an eta artistek aurkezpen ekitaldian parte hartu beharko dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!