Ur hornidura hobetzeko lanak egingo dituzte Alkizan

Jon Miranda Labaien 2022ko uzt. 19a, 19:00

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako departamenduarekin hitzarmena sinatu du Alkizako Udalak. Aldundiak 30.000 euroko laguntza emango du ur biltegia eraberritzeko.

Alkizako hirigunea eta Sakamidra, Azaldegi eta Aldapa bailaretarako etxebizitzak edateko urez hornitzen dituen goiko biltegia hondatuta dago eta birgaitu beharra dago. Horrela azaldu du Inaki Irazabalbeitia herriko alkateak. "Garrantzitsua da proiektua udalarentzat eta herritarrentzat. Herritarren %75a, gutxi gora behera hornitzen da biltegi horretatik". Ura galtzen du biltegiak arrakala handiak dituelako. "Horrek berekin dakar, ez berehalakoan, baina etorkizunean biltegia lehertzeko arriskua". Pitzadurak konpondu, paretak sendotu eta altuera gehiago emango diote deposituari, biltegiratze ahalmena handitzeko eta hornidura instalazio "jasangarriagoa eta eraginkorragoa" lortzeko. "Ur hornikuntza seguruagoa eta osasuntsuagoa eskaini ahal izango diegu herritarrei".

Lanak egiteko 35.000 euro inguruko aurrekontua du udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako departamenduarekin hitzarmena sinatu du obrak finantzatu ahal izateko. Aldunditik egin dieten harrera ona eta beroa eskertu ditu alkateak, "prest agertu dira hasiera-hasieratik ur deposituarekin dugun arazoa konpontzeko", esan du Irazabalbeitiak.

Aldundiak 30.000 euro bideratuko ditu birgaitzen lanen gastua ordaintzeko eta sarbidea egokitzeko. Jose Ignacio Asensio diputatuak azaldu duenez ura galtzea saihestu nahi dute lan hauekin: "Alde batetik, ura, ondasun preziatu hori, alferrik galtzea ekidingo dugu, eta bestetik, bizilagunen bizi kalitatea hobetuko dugu". Lanek hamaika asteko iraupena izango dute, baina ez dira aipatutako birgaitzera mugatuko; aitzitik, sarbidea egokitzeko lanak egingo dituzte. Hitzarmenean jasotakoaren arabera, bihar-etzi azpiegitura modu jasangarrian optimizatzea aurreikusten dute, inguruan eguzki plakak instalatuz. Horregatik egokituko dute bertarako sarbidea. Enrique Ramos  Obra Hidraulikoetako zuzendaria ere Alkizan izan da eta harentzako esker hitzak izan ditu diputatuak. "Elkarlanean jardun beharra dugu, Gipuzkoako azpiegiturak garatzen eta hobetzen jarraitzeko eta lurralde barruko hornidura sarearen saneamenduan eta optimizazioan sakontzeko. Ingurumena zaintzea ere bada gure ardura, eta ura ondo kudeatu beharra dago. Alkizan biodibertsitatea eta ekosistema zaintzeko esperientzia dute", esan du Asensiok.

Ur biltegian egingo diren lan hauekin aurrerapauso handi bat egingo du udalak, kalitatezko edateko uraren kontsumoa herritarri bermatzeko. Alkateak nabarmendu duenez, azpiegitura hidraulikoak hobetzeko udal planaren testuinguruan kokatzen da deposituaren birgaitzea.

Alkizako etxeetara iristen den edateko ura Ilunbe errekaren iturburuan sortzen da, Hernio magalean. Beheko biltegian lehen biltegiratzea egiten da, eta bertan egiten da kloratze prozesua. Biltegi horretatik Arana auzoa hornitzen da zuzenean, eta aldi berean, ura ponpatzen da goiko biltegira, handik udalerriko gainerako auzoetara ura eramateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!