Komunitatea edo sareak indartzean dago gakoa

Tolosaldeko Ataria 2022ko uzt. 15a, 15:12

Auzolan prozesuetan komunikazioak duen eraginaz, sareak indartzeaz eta guztiei eragiten dien erronkei denen artean erantzuteaz aritu dira, Auzolangin(l)tza proiektuaren barruko tailerrean.

Auzolangin(l)tza proiektuaren barruan, bigarren prestakuntza tailerra egin dute gaur, Alkizako Ur Mara gunean. Lehendabiziko tailerrean auzolana arautzeaz aritu ziren, eta bigarrengoan sozializazioarekin eta komunikazioarekin lotutakoak landu dituzte, Ion Muñoa Deustuko unibertsitateko irakaslea eta komunikazio arloko ikerketa taldeko kidearekin eta Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiarekin.

Koldobika Jauregi Ur Mara guneko arduradunak hartu du hitza lehenbizi, eta auzolanaren garrantzia azpimarratu du. Natura eta artea batzen dituen proiektua dela Ur Mara azaldu du, eta diru laguntzak jaso arren, horiek ez dutela aurrekontuaren %8 gainditzen nabarmendu du. "Auzolana bizirik dago oraindik; gurean, esaterako, 30 pertsona inguru aritzen dira antolatzen ditugun ekimenetan laguntzen, beraz, Ur Mara auzolana da batik bat".

Komunikazioak nola lagundu dezakeen berritu eta indartu nahi den auzolan prozesuetan. Hori izan du hizpide Ion Muñoak. "Auzolan deialdi bat dagoenenean, askotan komunikazioaren alderdi bati begiratzen diogu , eta jendeak parte hartzen ez badu iruditzen zaigu ez dela ondo iritsi mezua edo kanalean huts egin dugula". Bada, Muñoaren ustez, hori arazoaren zati bat izan daiteke. "Komunikazioa komunitatearen gizarte interakzio nagusi bezala ulertuta, egin behar duguna da komunitate hori indartzeko komunikazioan pentsatu, eta ez bakarrik komunikazioa modu instrumental batean".

Azken batean, auzolana indartzea komunitatea indartzeko bide bat gehiago dela dio Muñoak, "auzolana komunitate batek behar batzuei erantzuteko duen antolakuntza mota bat baita. Komunikazioa, berriz, komunitate batek dituen gizarte interakzioetarako tresna nagusia". Komunitatearen bizitasunak eragina duela aipatu du: "Herri txiki bat izan dezakegu, baina bertako herri bizitza edo komunitatearen parte direnak erdia baino gutxiago izatea; herri handiagoa den heinean, bizitzeko modu gehiago daude, kanal gehiago, eta badirudi zailagoa dela iristea, baina ez da beti horrela izaten, gauza batzuetarako errazagoa izan baitaiteke". Herrian dauden komunikazio sistemak, komunikabideak edota erlazio moduak aztertu behar direla dio Muñoak, eta horren arabera antolatu tokian tokiko ezaugarri eta berezitasunetatik abiatuta; "auzolan proiektuak eta prozesuak  desberdinak izaten dira herri bakoitzean eta tamainaren arabera, baina uste dugu logika berbera jarraitu daitekeela, hau da, auzolana, komunikazioa eta komunitatea uztartu daitezkeela herri bizitza indartzeko, eta horrek auzolana eta herria bera hobetzea ekarriko du".

Auzolanaren berrikuntza edo eguneratzeari nola egin ekarpena beste eredu batzuetatik. Horretan jarri du azpimarra Naiara Goiak. Gizarte berrikuntza laborategia da Arantzazulab eta lankidetzazko gobernantzan jartzen dute fokua; "erakundeak eta gizartea elkarrekin interakzioan aritzeko eta elkarrekin agenda publikoa eraikitzeko harreman eredu berria bilatzen du, eredu horizontalagoa". Gizarte berrikuntzak eragile ezberdinen arteko harremanak beste modu batean egiteko tresnak eta eraginkorragoa izateko metodoak eskaintzen dituela esan du Goiak; "eraldaketa kolektiborako giltza izatea da asmoa". Gizarte berrikuntzaren arloan egiteko eta pentsatzeko moduak daude; "ideia da berrikuntza hori eraginkorragoa eta inklusiboagoa izatea auzolanean".

Lankidetzazko gobernantzaren adibide moduan, Tolosan egingo duten herritarren batzarra jarri du. "Beti betikoek parte hartzen dutenaren ideia ekiditea ere badute helburu horrelako dinamikek". Izan ere, kasu honetan, zozketa bidez aukeratzen dira batzarrean parte hartzen duten herritarrak, eta gaiak jorratzen hasi aurretik adituekin egoten dira informazioa jasotzen. "Tolosaren kasuan, ongizate emozionalaren gaia jorratuko dute, urritik abendura bitarte izango da, eta herritarrek emango dituzten gomendioei jarraipena emateko konpromisoa hartu du udalak".

Teknologiak harremanetan, komunikazioan eta auzolanean nola eragiten duen ere azaldu du. "Gaur egungo faktore eraldatzaile nagusienetako bat da, guztiz aldatu baitizkigu interakzio sistemak". Bere ustez, teknologiak zer paper jokatu dezakeen identifikatu behar da, "harremantze ereduak, auzolana, aktore ezberdinen arteko sareak indartzeko eta eraginkorrago egiteko". Geroz eta "indibidualistagoa" den gizartea dugula dio Goiak, "baina, parez pare ditugun erronkei ezin zaie bakarka erantzun. Sareak indartu behar dira eragile ezberdinen artean, eta guztioi eragiten diguten erronkei denen artean erantzun".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!