'Harkaiztietako bizilagunak' bisita gidatua egingo dute Alkizan

Ataria 2022ko uztailaren 13a

Uztailaren 27an, 10:00etatik aurrera egingo dute bisita gidatua. Izena eman beharko da aurrez.

Harkaiztien gainean hegazti sarraskijaleak ikusteko aukera izango da Alkizan, uztailaren 27an. Bisita gidatua egingo dute eta bidean sai arre eta sai zuriak ikusi ahal izango dira. Alkizako plazatik abiatuko dira 10:00etan eta bi ordu eta erdi inguru iraungo ditu irteerak. Ibilbidearen zailtasun maila ertaina da. Oinetako eta arropa egokia eramatea da aholkatzen dute. Aurrez izena ematea ezinbestekoa da. Horretarako, bidali posta kultura@alkiza.eus helbidera edo whatsappa 688 604 466 zenbakira.

Alkiza Hernio mendiaren magalean dagoen landa-eremuko herria da. Naturagune aparta izateaz gainera, ekologikoki balio handikoa da. Izan ere, Natura 2000 Sare europarraren baitan aitorturik dago eta 2012an Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zuten, besteak beste, Europar Batasunaren interesekoak diren espezieak daudelako bertan, horien artean, harkaiztien gainean hegan ikusi daitezkeen hegazti sarraskijaleak. Alkiza sai arren eta sai zurien bizi-tokia da.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!