Fagus Alkiza interpretazio zentro berritua ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 27a, 12:35

Lau bisita gidatu egingo dituzte aurtengo udan eta bertan parte hartzeko kutlura@alkiza.eus helbidean edo 688 60 44 66 telefonoan eman beharko da izena.

Fagus Alkiza interpretazio zentroa eraberritu egin dute eta zentroaren itxura berria ezagutu nahi dutenentzat bisita gidatuak eskainiko dituzte aurtengo udan. Lau bisita izango dira guztira, horietatik hiru euskaraz (uztailaren 8an, uztailaren 29an eta abuztuaren 23an) eta bakarra gaztelaniaz (abuztuaren 26an). Parte hartu nahi dutenek mezua bidali beharko dute kultura@alkiza.eus helbidera edota 688 60 44 66 telefono zenbakira. Bisita egiteko 5 euro ordaindu beharko dira zentroan bertan. Alkizarrentzat eta 12 urtez azpikoentzat bisita doakoa izango da eta guztiak 11:00etan hasiko dira.

Fagus Alkiza interpretazio zentroa 2013an sortu zen. Hernio-Gazume Kontserbazio Eremua ezagutzera ematea da bere helburua eta bertan dauden altxorrak kontserbatu eta hobetzeko gizartea kontzientziatzea. Zentroa da naturagune hau ezagutzeko eskualdean dagoen azpiegitura bakarra eta eremura sartzeko ate nagusia. Alkizako Udaleko arduradunek esan dutenez, apurka-apurka aldatzen eta osatzen joan da erakusketa: "Ez du estatikoa izan nahi, baizik eta bizia eta garai berrietara moldatzen dena". Azken hilabeteetan erakusketa osatzeko hainbat lan egin ditu udalak. Zenbait informazio panel berritu eta elementu berriak gehitu ditu. Koldobika Jauregi eskultoreak eta Elena Cajaraville artistak, adibidez, harkaiztiaren erreplika egin dute.

Izan ere, Hernio-Gazume babestutako hainbat animalia eta landare espezieren bizitokia da, eta bertan aurki daitezke hainbat habitat, besteak beste, harkaiztiak. Bertan bizi dira hainbat sai-arre eta saguzar. Hemendik aurrera, harkaiztien erreplika ikusgai izango da Fagus Alkiza interpretazio zentroan eta Alkizako Udaletik deia luzatu diete herritarrei, bertara bisita egin dezaten aurtengo udan. "Ingurune hau polita izateaz gainera, balio ekologiko handikoa da. Alkiza  Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuaren barruan dago kokatuta eta Natura 2000 Sare ekologikoan aitortuta dago. Herri txiki bezain ederra da gurea, Hernio mendiaren magalean dagoena, bertako plazatik paraje ikusgarriez goza dezakegu noranahi begiratzen dugula ere".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!