Ur Mara egonaldia, sortzaileen jakintza esparruak zabaltzeko

Jon Miranda Labaien 2022ko mai. 31a, 11:59
Argazkia: Unai Sorarrain

Ekainaren 15era arte eman dezakete izena parte hartu nahi duten sortzaileek; astebeteko bi egonaldi antolatu dituzte Alkizako izen bereko museoan

Diziplina arteko elkarrizketa sortzea, sortzaileak beste jakintza esparruetako lagunekin harremanetan jartzea, sorkuntza artistikoan gizartea ahalduntzea eta hausnarketarako tarte bat zabaltzea. Asmo horiekin egingo dituzte aurten Ur Mara egonaldiak, izen bereko museoak antolatu, eta Alkizako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuta. Astebeteko bi txanda antolatu dituzte, ekainaren 27tik uztailaren 2ra eta uztailaren 18tik 23ra, eta parte hartu nahi dutenek, ekainaren 15a baino lehen eman beharko dute izena.

Iaz, Sormenaren Kabia izenarekin antolatu zituzten lehenengo aldiz egonaldiak eta bertan parte hartu zuen Carmiña Dovale arkitekto donostiarrak: «Aurretik ere ezagutzen nuen Ur Mara eta ahal izan dudanetan parte hartu izan dut bertatik luzatutako proposamenetan. Iazko egonaldia intentsiboagoa izan zen, ordea. Hala ere, badirudi toki horretan denbora gelditu bezala egiten dela. Eta lasaitasun sentsazio horrek esperientzia osoagoa izatea ahalbidetzen du». Berdina pentsatzen du Mirari Sagarzazu ilustratzaile oñatiarrak ere. «Iaz oso giro goxoa sortu zen gure artean eta pandemiagatik jendearekin harremantzeko ohitura ia-ia galduta geneukala, aukera polita izan genuen jendearekiko tratua berreskuratzeko».

TALDE LANEAN

Egonaldiak irauten duen bitartean, artearekin edo bestelako jakintza alorrekin zerikusia duten adituen bisita izango dute parte hartzaileek, eta saio teorikoak eta praktikoak jasoko dituzte. Iaz, adibidez, Ana Galarraga zientzialariaren bisita izan zuten eta gizakiaren eta gorputzaren inguruko hausnarketei segika, taldean Frankestein bat osatzeko proposamena jaso zuten ikasleek. «Bakoitzak gorputz atal bat hartu eta gure erara irudikatu behar izan genuen. Nik bizkarrezurraren muina osatu nuen. Ariketak aukera eman zidan beste diziplina batzuk lantzeko. Ilustraziotik nator, baina pieza orokor hori eskulturikoa izanik, arlo hori ere landu dut», esan du Sagarzazuk.

Besteak beste, Ur Mara museoko arduradunen eskutik grabatua, eskultura eta art-action bezalako teknikak ikasi ahal izango dituzte parte hartzaileek eta tailerreko tresnak eta material natural zein organikoak erabili ahal izango dituzte. Koldobika Jauregi eta Elena Cajaraville museoko arduradunen «eskuzabaltasuna» azpimarratu du Dovalek: «Beren egiteko modua ezkutatzen duten artisten eredutik urruntzen dira eta jendearekin konpartitzen dute egiteko modua, gure maila berean jarrita gainera».

Donostiarrak aitortu du iazko egonaldiak aukera eman ziola intereseko gai hauetan sakontzeko. «Ur Marara gerturatzen naizen bakoitzean aurkikuntza berri bat izaten dut. Bertan hasi nintzen grabatua egiten eta Koldobikak berriro ere teknika azaltzen duen aldiro zerbait berria ikasten dut», azaldu du Dovalek. Sagarzazuk uste du egonaldian parte hartzeak gauza berriak esperimentatzeko aukera eman diola: «Batez ere gauza berriak probatzeko baimena eman diot nire buruari egonaldiei esker».

Aurtengo egonaldian parte hartu nahi dutenek, ekainaren 15a baino lehen eman beharko dute izena eta www.urmara.com helbidean edota 609 465 942 telefonoan izango dute informazio gehiago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!