ELKARRIZKETA

«Gladys del Estalen memoriaren zati bat preso geratu da»

Jon Miranda Labaien 2022ko mai. 26a, 07:59

Gladys del Estal ekintzaile ekologistaren inguruko memoria ikertuz egindako lana liburu batean eman du orain Kepa Fernandez de Larrinoa buru duen taldeak; bihar aurkeztuko dute Alkizan eta astelehenean Anoetan

Lera taldeko burua da Alkizan bizi den Kepa Fernandez de Larrinoa (Bilbo, 1958). Ikerketa-ekintza egiten dute eta orain Gladys del Estalen inguruan egin duten lanak maila ezberdinetan ondorioak ekartzea nahi lukete.

Non du sorburua liburu honek?

Azkeneko hiru urteotan, Lera Mugarik Gabeko Antropologoak taldean, estatuaren bortizkeria politikoaren biktimen oroitzapena aztertzen aritu gara. Ikertutako kasuetako bat Gladys del Estalena izan da. Txosten bat egin genuen Nafarroako Elkarbizitza departamendurako eta txostena berridatzi eta egokitu dugu, irakurleak hobeto irakurri eta gaiak identifika ditzan. Gogora institutuak laguntza eman zigun argitalpen hau egiteko eta horri esker liburua kalean dago.

Tuteran erail zuten  Del Estal 1979ko ekainaren 3an.

Bai. Egun hartan nazioarteko festa moduko bat zegoen deituta, eguzkiaren bueltako festa antinuklearra zen. Euskadiko talde ekologistek Tuterara joateko deialdia egin zuten. Del Estal donostiarra zen eta lagunekin batera joan zen jaialdi horretara. Ospatzekoa zen festa alai eta baketsuak sarraskia izaten amaitu zuen. Guardia zibil batek bertatik bertara tiroa bota zion Del Estali. Hilketaren hotsa zabaldu ahala, mobilizazio ugari izan zen Euskal Herri osoan. Gizartean haserre handia sortu zuen hilketak.

Gertakizun horiek gaur egun nola gogoratzen diren jaso duzue liburuan?

Ez bakarrik hori. Bizi zen artean nolako pertsona zen aztertu dugu. Hil zuteneko momentu horiek nola gogoratzen diren ikertu dugu eta horretarako hemerotekan arakatzen ibili gara eta garai horretan atera ziren komunikatu andana jaso dugu liburuan. Baina guzti horrekin batera, aztertu dugu nola oroitzen dugun gaur egun Gladys del Estal. Memoria instituzionala, gizarte memoria eta memoria familiarra bereizi ditugu liburuan, gauzak hobeto kokatzearren. Oroitzapen eta ahanzturaren mekanismo kulturalak eta sozialak dira publikazio honetan ageri direnak.

Bat al datoz memoria instituzionala, gizarte memoria eta familiarena?

Estatu indarkeriaren biktima izan zen Del Estal. Instituzioen eta gizartearen memoria ez datoz bat. Memoria mekanismoek argi itzalak dituzte. Fokua alde batean jartzen da eta beste alde batzuk itzalpean geratzen dira. Del Estalen memoriaren zati bat preso geratu da urte hauetan, politikak bahituta, eta batez ere instituzio politikoek egindakoagatik. Errekonozimendu falta hori hor dago. Ahaztuta eta baztertuta geratu da, estatu indarkeriaren beste biktima asko bezala. 


Mugimendu ekologistan sinbolo bat bezala gogoratzen da Gladys del Estal?

Bi memoria toki publiko egon dira nagusiki Del Estal gogoratzeko. Bata Tuteran, Ebro ibaiaren gainean dagoen zubian, hil zuten tokian. Plaka batzuk badira han eta jendea biltzen da urtero bertan  lore eskaintza egiteko. Testuinguru antimilitarista nahikoa indartsua da Tuteran, ekologista ere bai, baina ekainaren 3an egiten duten ekitaldi horrek badu kutsu antimilitarista. Gero Donostian badago beste memoria toki garrantzitsu bat, Cristina Enea parkea, erritualki Gladys Enea parkea bihurtzen dena Del Estalen heriotzaren urtemugaren bueltan. Urtero, oroitzapen ekitaldi bat burutzen du Eguzki talde ekologistak parkearen gainaldean jarrita dagoen bere omenezko hilarrian. Talde ekologistek eskatu izan dute parkeari behin betiko izena aldatzeko, baina eskabidea bere horretan geratu izan da. Hala ere, jende askok Gladys Enea bezala izendatzen du parkea oraindik ere. 2009an, Urumea pasealekutik parkera doan oinezkoentzako pasabideari bere izena jarri zioten.

Memoria toki gehiago ez du Del Estalek?

Memoria familiarra eta memoria instituzionalari begiratuta badaude beste bi memoria toki. Polloeko hilerrian eman zioten lur Del Estali eta hura da familiaren memoria tokia. Guk ikerketarako memoria familiarra jasotzerako orduan ikusi dugu ateak ez daudela zabalik. Gurasoak hilak ditu Del Estalek eta anaia nekatuta dago aspalditik kontu guzti hauekin. Gu memoriaren parte horretan ez gara sartu, gauza intimoa da eta errespetatu beharra dago. Bestalde, instituzionalki, EHUko Informatika fakultateko batzar aretoari Gladys del Estal izena jarri zioten 2019an eta berriki bere izena daraman sari bat ere sortu dute.

Izan ere, informatika ikasketak egin zituen Del Estalek.

Bai eta aitzindaria izan zen mundu horretan. Jende askok ez du ezagutzen bere arlo hori eta ondo dago argitara ekartzea. Baina itzal-argiak sortzen dira hemen ere. Informatika fakultatean sortu diren memoria toki eta sariaren izendapenarekin gogoratzen dena da emakume honen bizitza, baina ez nola hil zen eta hil eta gero nola tratatu izan zuten. Pertsona argia eta langilea zela bai, baina ingurugiro hezkuntzan zuen trebakuntza, irakasle bezala gazteekin egin zuen lana, berekin batera zeraman mezu sozial hori ez da gogoratzen. Memoria instituzionalak badu hutsune hori.

Oraindik ere pausoak eman behar dira memoria berreskuratzeko norabidean?

Bai. Egia, justizia eta erreparazioa hitzak oso garrantzitsuak dira.  Eman beharreko pausoak ez daude emanda eta inpunitateak hitz gakoa izaten jarraitzen du.

Gaur egungo errealitatea hobeto ulertzeko balio du memoria ariketa honek?

Pentsa, gaur egun energiaren gaiak nolako gaurkotasuna duen. Argindarraren eta gasaren prezioei begiratu besterik ez dago. Errekurtso naturalen erabilpena eta kapitalismoaren barruan errekurtso horren kudeaketa puri-purian dauden eztabaidak dira. Edo zer esanik ez antimilitarismoari dagokionez; badatoz berriro ere karga armamentistikoa eta arma nuklearren beldur horiek. Ahaztuta zeuden gaiak ziren aspaldi eta Del Estal hil zuten garaian eztabaida horiek kalean zeuden, eguneroko borroketan. Duela 40 urte gizartean erantzuten zitzaien horrelako egoerei, gaur egungo gizartean ez dirudi horrelako erantzukizunik dagoenik.

Nola egingo duzue liburuaren zabalkundea?

Gure asmoa da Tolosaldeko liburutegietan ale bana uztea. Aurkezpen txikiak eta gai honen aitzakian tertuliak egiteko asmoa dugu. Solasaldi horietan liburua eskuratzeko aukera egongo da. Gu prest gaude horretarako. Alkizan bihar 18:30ean egingo dugu Fagus Alkizan, eta Anoetan, astelehenean, ordu berean, udal liburutegian. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!