Herriaren etorkizuna irudikatzen ari dira alkizarrak prozesu batean

Jon Miranda Labaien 2022ko mai. 18a, 11:59

Erretore etxea birgaitzeko lanekin jarraituko du aurten udalak; bertan kokatuta dagoen barnetegian behin-behineko bizitokia prestatu dute Ukrainako 14 errefuxiaturentzat

Alkizako Udalak parte hartze prozesu bat jarri du martxan herritarren iritziak bildu eta 2030era bitartean herri gisa jorratu beharreko lan ildoak definitzeko. Prozesuaren lehen fasean 16 urtetik gorako alkizar guztiei galdetegia banatu zaie eta dagoeneko jaso dituzte erantzunak udaletxean. Gutxi gora behera, heren batek entregatu du galdetegia eta parte hartzearekin pozik agertu da Inaki Irazabalbeitia alkatea. «Orain arteko proiektuak ebaluatzeko eskatu zaie herritarrei eta hemendik aurrera prospekzio lana egiteko». Laia kooperatibaren laguntza jaso du udalak prozesua dinamizatzeko eta behin galdetegietako emaitzak jasota bi bilera, behintzat, aurreikusi dituzte: bata gazteekin egingo dute, eta bestea, berriz, herritar helduagoekin.

«Azkeneko urteetan Fagus Alkiza proiektuarekin apustu handia egin du udalak, jakin nahi genuke herritarrak bat datozen ildo horrekin», esan du alkateak. Turismo jasangarrian oinarritutako egitasmo horrentzako espazio bila, iaz Erretore Etxea erosi zuen udalak, inbertsio garrantzitsua eginez. «Proiektuaren barruan, euskara girotzeko barnetegi bat irudikatzen dugu. Hezkuntza sailarekin hizketan ari gara eta badago borondatea barnetegi sarea indartzeko. Alkizakoa aukera egokia izan liteke». Horretarako, ordea, birgaitu egin beharko dute eta Alkizako Udala hasia da zeregin horretan.

Aurten 140.000 euro baliatuko dituzte Erretore Etxeko irisgarritasuna hobetzeko. Kanpoaldetik igogailu bat instalatuko dute eta larrialdi irteera bat egokitu eraikinaren atzealdean. Eskailerak ere irisgarritasun irizpidetara egokituko dituzte. «Lizitazioa laster aterako dugu eta lanak uztailean hasi nahi genituzke. Diru laguntza eskatu dugu lan hauek finantzatzeko eta espero dugu inbertsoaren %60-65 bueltan jasotzea».

Eraikina erabat egokituta edukitzeko epea laburtu egin daitekeela uste du Irazabalbeitiak, besteak beste, Europatik datozen Next Generation laguntzei esker. Dena den, hurrengo urteko lanak aurreratzen hasiak dira udal ordezkariak, eta eraikinaren eraginkortasun energetikoa hobetzeari helduko diote 2023an.

INGURUMENAREKIKO KEZKA

Alkizako Udalak energia eraginkortasunaren aldeko apustuari eutsi nahi dio eta Gipuzkoako Foru Aldunditik sustatzen ari diren komunitate energetikoen proiektuarekin bat egingo du. Alkateak nabarmendu duenez, herrian 30 familia baino gehiagok agertu dute borondatea komunitatean parte hartzeko. Urte eta erdi da, energia berriztagarrien aldeko lehenengo urratsak eman zituztenetik eta herriko pilotalekuko teilatuan plaka fotovoltaikoak jarri zituztela. Udal eraikinen energia hornikuntzarako balio dute plaka horiek. «Nahiz eta urtebete baino gehiago izan obrak bukatu zirela, konexioa ezin izan dugu duela hilabetera arte egin, energiaren alorreko marrazo horiek trabak baino jartzen ez zituztelako».

Ingurumenarekiko kezka horrek gidatuta hondakinen bilketa sisteman aldaketak egin ditu Alkizako Udalak. Hondakin organikoa biltzeko edukiontziak jarriko dituzte herriko bilketa puntuetan. Orain arte, organikoa banakako konpostagailu eta auzo-konposta guneen bitartez kudeatu dute, baina alkatearen esanetan, sistemak ez ditu emaitza onak utzi: «Lotsa emateko moduko emaitzak ditugu herrian. Tolosaldeko Mankomunitateak eman dizkigun datuen arabera, Alkizan birziklatze tasa %47aren bueltan dago, eskualdeko batez bestekotik 20 puntu beherago. Errefusarentzako edukiontzietan bildutakoa aztertuta ere, %44 hondakin organikoa zela konturatu gara. Egoera honi buelta eman behar zaio. Uste dugu oraingo aldaketarekin aurrera urrats batzuk eman ahal izango ditugula. Urtebeteko epea emango diogu geure buruari sistema berriak emaitzak ematen ote dituen edo ez ikusteko». Sentsibilizazio kanpaina bat burutzen ari da udala Tolosaldeko Mankomunitatearen laguntzarekin, eta egunotan, organikoa biltzeko ontziak eta poltsa konpostagarriak banatzen aritu dira herritarren artean.

«Ezin dugu esan herrian natura zaintzen dugunik, bien bitartean hondakinak gaizki kudeatuta, natura hondatzen badugu», esan du alkateak. Natura, gizakia eta kultura dituzte Alkizako herri proiektuaren hiru zutabeak eta aurtengo aurrekontuaren zati bat, herriko biodibertsitatea zaintzeko erabiliko dute. 87.000 euro baliatuta, besteak beste, Itxurain gunean ur putzu artifiziala sortuko dute, anfibio, intsektu eta bestelako animalientzat habitat egokia sortzeko; herrian ganaduzaleek erabiltzen dituzten larreak garbitzeko lanak ere egingo dituzte. Beste azpiegitura batzuk konpontzen ere gastatuko dute dirua, herria urez hornitzen duen depositua berrituko baitute, horretarako 35.000 euro erabilita.

UKRAINARREN INTEGRAZIOA

Alkizak, gaur egun, 370 biztanle inguru ditu eta horietatik 14 herrira etorri berriak dira Ukrainako gerratik ihesi. Udalak, herritarren lan boluntarioaren laguntzaz, Erretore Etxeko barnetegia egokitu du errefuxiatuei ostatu emateko. «Herritarren ekarpena eskertzekoa izan da, erabat inplikatu dira lagun hauentzako bizitokia egokitzeko. Udalak ere, bere aldetik, inbetsio batzuk egin ditu barnetegia oinarri-oinarrizko baldintzetan jartzeko. Iruditzen zaigu instituzioek ez dutela aintzat hartu udalerri txikiok egin dugun ahalegina eta egindako inbertsio hori berdindu egin beharko litzatekeela uste dugu», aipatu du Irazabalbeitiak.

Zortzi heldu eta sei ume iritsi dira Alkizara Ukrainatik. Txikienak hasiak dira eskolan eta integratzeko bidean direla uste du alkateak. Pertsona helduagoak integratzeko, berriz, bitartekoak jarri behar direla esan du: «Oraingoz erresidentzia eta lanerako baimena dute, badira bi mutil 16-17 urtekoak eta haiek euren ibilbide akademikoa jarraitu beharko lukete, horretarako, ordea, hizkuntza behar dute, eta uste dugu Euskadi mailan muntatu den harrera sistemak horrelako gauzak ez dituela kontuan hartu».

Alkizako Udalak eginkizun horri heldu dio, bere kabuz, eta jatorriz ukrainarrak diren 8 herritarrentzat bi hilabeteko euskara eskola trinkoak antolatuz. Astean bederatzi orduz jardungo dute euskara ikasten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!