Arte sorkuntza landa eremura ekarri nahi du Sormenaren Kabia bekak

Jon Miranda Labaien 2022ko mai. 11a, 18:00

Edozein diziplinetako proposamenak aurkeztu ahal izango dira ekainaren 30era arte; bi proiektu aukeratuko dira eta artistek hiru asteko egonaldia egin ahal izango dute Alkizan 

Artistek sortu, esperimentatu eta esperientziak partekatzeko Sormenaren Kabia bekaren bosgarren deialdia egin du Alkizako Udalak. Bi proiektu sarituko dituzte eta artistetako bakoitzak hiru asteko egonaldia egingo du Alkizan, aurtengo iraila eta azaroa bitartean. 1.000 euroko diru saria ere emango zaio proiektu bakoitzari. Proposamenak gaurtik ekainaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira sormenarenkabia@gmail.com helbide elektronikoan, artistaren datu pertsonalak, egitasmoaren deskribapena, proiektua esplikatzeko material grafikoa, lan egutegia eta curriculuma azalduz.  

Kultura eta arte sorkuntza hirietatik deszentralizatzeko helburuz sortu zuten Sormenaren Kabia beka eta Inaki Irazabalbeitia alkateak nabarmendu duenez, egitasmoarekin erakutsi nahi dute landa eremuko herri txikietan ere proiektu artistikoak gauzatu daitezkeela. «Akuilua izan nahi dugu, sorkuntza artistikoa gizarteratzeko eta artisten lanari ikusgarritasuna emateko». Hautatutako artistek herriko ondare naturalaz gainera, bertako ondare kulturala ezagutu eta bizitzeko modua izango dute: «Herriko ohiturak, tradizioak, eta nola ez, gure hizkuntza ezagutzeko aukera paregabea izango dute. Bertara datorrenak euskara ezagutzen ez badu, udalak hainbat baliabide eskainiko dizkio horretan laguntzeko».

Baliabide horiek eskaintzeaz gainera, alkateak gogoratu du eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlanari esker antolatzen dela beka. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Fagus Alkiza interpretazio zentroak, Herri Ostatuak, Lete apartamentuak, Inazio Urruzola txakolindegiak, Ekotalok eta Ur Mara museoak hartzen dute parte egitasmoan. Parte hartzaileek hiru asteko egonaldia, hain zuzen, Lete apartamentuetan egin ahal izango du eta udalak artisten eskura jarriko ditu proiektuaren ezaugarrietara egokitzen diren herriko espazio ezberdinak.

Herritarrekin harremana

Eskaini bakarrik ez, antolakuntzak saria eskuratuko duten artistei eskatuko die erakustea nola egiten duten lan, bai alkizarrei baita bertaratutako bisitariei ere. Gainera, antolakuntzak ikus-entzunezko bana ekoiztuko du proposamenak ezagutzera emateko. Unai Sorrarain herritarrak egindako bideoak jendaurrean aurkeztuko dituzte abenduaren 22an eta artistek aurkezpen ekitaldian parte hartu beharko dute.

Hautatuek nahi izanez gero, Koldobika Jauregi eta Elena Cajaravilleren aholkularitza jasoko dute egonaldian. Jauregi bera izango da, aurreko urteetan bezala, aurkeztutako proiektuak aukeratzeko epaimahaiko kide. «Proposamenak herriaren nortasunarekin koherentea izan beharko du eta hautagaiek aintzat hartu beharko dute Alkiza landa eremuko herri txiki euskalduna dela. Naturarekiko eta herriarekiko errespetuz jokatu beharko dute eta sorkuntza prozesuan ezingo dute ingurumenari kalte egin diezaiokeen materialik edo teknikarik erabili. Herriko eragileak eta herritarrak aintzat hartzea ere baloratuko dugu», esan du Jauregik.

Eskultore alkizarrarekin batera, Maria Andres koreografo eta dantzariak –duela bi urte bekadun izan zen–, Undermount Igeldo plataforma artistikoko kideek eta Usoa Zumeta serigrafia egileak hartuko dute parte epaimahaian. Laura Miner Undermount Igeldo plataformako kideak azpimarratu nahi izan du behar-beharrezkoak direla Sormenaren Kabia bezalako ekimenak: «Daramagun abiadura honetan geldialdi bat egin eta hirietatik ateratzea beharrezkoa dugu artistok. Gozamena izan daiteke naturarekin harremanetan jarri eta sormen lan bat egitea». Gauza bera nabarmendu du Zumetak ere: «Alkizara hiru astez etorri eta zure eguneroko gurpil zoro horretatik ateratzea gauza ederra da. Artistontzat arnasgune dira horrelako ekimenak».

Askotariko diziplinak

Aurkeztutako proiektuak edozein diziplina artistikotakoak izan daitezkeela nabarmendu dute antolatzaileek. «Izan daitezke teknologia berriak, antzerkia, dantza, literatura, eskultura, bertsolaritza, arte plastikoak, ikus-entzunezkoak, argazkilaritza, diseinua, moda eta abar luze bat».

Aurtengo deialdiaren aurkezpen ekitaldian parte hartu du Ainhoa Goenaga artista zarauztarrak. Nahiz eta bere proiektua iaz hautatuen artean ez egon, harremana egin du Ur Mara museoko kideekin eta aurtengo Slow Art egunean parte hartu du. Sormenaren Kabia bekaren testuinguruan habien inguruan egin dituen lanak erakutsiko ditu egunotan museoko negutegian. «Habiak sormenaren adierazpen gorena dira. Oso material gutxirekin sekulako eraikuntzak egiten dituzte txoriek. Bio-eraikuntza gisa ikus ditzakegu. Hori oinarri hartuta, sorkuntza eredu horri jarraituz, habia batzuk egin ditut eta egunotan hemen izango dira ikusgai», esan du Goenagak.

Juan Kruz Igerabidek ere parte hartu du beka deialdiaren aurkezpenean. «Munduan nagusitzen ari diren joeren ifrentzua da hau. Hemengoa bezalako artearen ikuspegi biziago bat ugarituko balitz, ez dakigu herri eta gizarte bezala zer irabaziko genukeen. Asko, nire ustez». Habiari eskainitako poema batekin animatu ditu artistak beka deialdian parte hartzera. Gaurtik, ekainaren 30era arte zabalik izango da izen ematea. 

Erlazionatuak

Juan Kruz Igerabide habiez

Tolosaldeko Ataria 2022 mai 11 Alkiza

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!