Herriaren etorkizunaz gogoeta egingo dute Alkizan

Ataria 2022ko apirilaren 22a

Maiatzaren 1era arte herrian banatu den galdetegia erantzuteko aukera izango dute alkizarrek.

Alkizako Udalak herritarren parte hartze prozesu bat jarri du abian herritarren iritziak bildu eta 2030 bitartean Alkizak herri gisa landu beharko lituzkeen lan ildoak definitu ahal izateko.

Udalak jakinarazi duenez galdetegi bat banatuko zaie herritarrei haien iritziak eta kezkak biltzeko helburuarekin. Galdetegia 16 urtetik gorako alkizar guztiei banatuko zaie eta denek izango dute erantzuteko aukera. Galdetegia internet bidez erantzun ahal izango da esteka honetan: https://forms.gle/patBbJCyriaSvWg76. Bestetik paperean ere erantzun ahal izango da, horretarako galdetegia herriko buzoietan banatuko da edo udaletxeko bulegoetan jaso ahal izango da. Betetako galdetegiak udaletxearen buzoian sartu beharko dira.

Maiatzaren 1a izango da erantzunak jasotzeko azkeneko eguna. Galdetegi horren erantzunak jaso ondoren herritarrekin bilerak antolatuko dituzte erantzunak landu eta bateratzeko. Taldeak adinaren eta interesen arabera antolatuko dituzte. "Zuen kezkak eta iritziak jaso nahi ditugu gure herriaren etorkizuna guztien artean landu ahal izateko", esan dute udal ordezkariek. Galdetegia erantzutea eta deituko diren bileretan parte hartzea eskertuko dutela adierazi du Alkizako Udalak.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!