Sorkuntza artistikoa eta jakintza uztartuko dituzte udan

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko mar. 30a, 07:59
Gipuzkoako Foru Aldundiko, Ur mara museoko eta Alizako Udaleko ordezkariak, atzo, ekimenaren aurkezpenean. JOSU ARTUTXA

'Ur Mara egonaldiak' ekimena aurkeztu dute; bost eguneko bi saio antolatu dituzte, artea, natura eta erronka berriak maite dituztenentzat.

2018an, sormena, artea, kultura, natura eta gizakia lotzen zituen proiektu berritzailea jarri zuten martxan Alkizako Ur Mara museoan: Sormenaren Kabia Beka. Aurtengo udarako, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuta, izena aldatu diote ekimenari: Ur Mara egonaldiak. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean aurkeztu dute, eta bertan izan dira Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Saileko zuzendaria, Koldobika Jauregi Ur Mararen sortzailea, Elena Cajaraville museoko zuzendaria eta Iñaki Irazabalbeitia Alkizako alkatea.

Jauregik eta Cajaravillek gidatuta, bost eguneko ikasketa saioak burutuko dituzte egonaldietan parte hartuko dutenek. Bi egonaldi izango dira: lehena, ekainaren 27tik uztailaren 2ra, eta bigarrena, uztailaren 18tik 23ra. Egonaldietan parte hartzeko, ezinbestekoa da adinez nagusia izatea, eta gehienez ere hamabi laguneko taldeak osatuko dituzte. Taldea osatzeko gutxienez zazpi partaide beharko dira, bestela bertan behera geratuko da ikastaroa. Egonaldiak euskaraz, gaztelaniaz edota frantsesez eskainiko dira, izen ematearen arabera.

Antolatzaileek gai bat proposatuko diete partaideei, eta hori aintzat hartuta garatuko dute euren lana, bakarka zein taldean. Halaber, egonaldiak irauten duen bitartean, artearekin edo bestelako jakintza alorrekin zerikusia duten adituen bisita izango dute, eta saio teorikoak eta praktikoak eskainiko dizkiete ikasleei. «Diziplina arteko elkarrizketa sortzaile baterako aukera paregabea da», adierazi du Jauregik.

Artista eta sortzaileek ez ezik, zientzialariek, pentsalariek, irakasleek eta jakin-nahia duen orok har dezakete parte egonaldian. «Eginez ikasiko dugu, entzunez, hitz eginez, ikusiz, ukituz, pentsatuz edota apurtuz», esan du museoaren sortzaileak. Gainera, egonaldietan parte hartzen dutenek, herrian bertan ostatu hartzeko zenbait aukera izango dituztela aurreratu dute. «Artea, natura eta erronka berriak maite dituztenek, ingurune natural pribilegiatuan ikasi eta esperimentatu ahal izango dute, Alkiza Natura 2000 Sare Ekologikoaren baitan aitortutako paisaia ikusgarriaz inguratuta»,

Baliabideei dagokionez, Ur Marako tailerreko tresnak eta material natural zein organikoak erabili ahal izango dituzte parte-hartzaileek. Askotariko tresnak dituen lantegia dago museoan bertan. Halaber, material desberdinen objektuak sortzeko aukera ematen duten makinak eta ekipamendua eskaintzen ditu. Besteak beste, erreprodukzio grafikorako makinak (torkuluak, prentsak eta abar) eta obra grafiko seriatua egiteko behar den azpiegitura guztia du.

Egonaldi hauen bitartez, diziplina arteko elkarrizketak sortu nahi dituzte antolatzaileek. «Artista eta sortzaileak beste jakintza-esparruetako lagunekin harremanetan jarriz, errealitateri buruzko begirada kritikoa garatzeko aukera izango dute». Bestetik, gizartea sorkuntza artistikoan ahalduntzea nahi dute. «Artearekiko eta bestelako jakintza-zientzietako interesa duten pertsonen jakin-mina eta esperimentatzeko gogoa asebeteko duen egonaldi berritzailea eskainiko dugu». Azkenik, hausnarketarako tartea ere eskainiko diete ikasleei. «Erronka beraren aurrean hamaika bizipen eta irakurketa egiteko aukera izango dute».

Jada irekita dago izena emateko epea; interesa dutenek, ekainaren 15era bitarte dute matrikulatzeko aukera. Izena eman edo ekimenari buruzko informazio gehiago eskuratu nahi dutenek Urmara.com webgunea bisitatu, mail@urmara.com helbide elektronikora mezu bat bidali edo 609 465 942 telefono zenbakira deitu behar dute.

UR MARA EGONALDIAK

Lehen egonaldia

Ekainaren 27tik uztailaren 2ra.

Bigarren egonaldia

Uztailaren 18tik, 23ra.

Landuko diren teknikak.

Grabatua, eskultura eta art-action.

Prezioa.

250 euro (ostatua aparte).

Izena emateko azken eguna.

Ekainak 15.

Kontaktua eta sare sozialak

Webgunea: Urmara.com

Telefonoa: 609 465 942.

E-maila: mail@urmara.com

Instagram: @urmaramuseoa

Facebook: @museourmara

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!