Memoria itzali ez dadin, herriko ikazkinei omenaldia egin diete

Ataria 2022ko martxoaren 26a

Alkizako ikazkinei omenaldia 13 1648307486356
Alkizako ikazkinei omenaldia 1 1648307480666
Alkizako ikazkinei omenaldia 2 1648307481077
Alkizako ikazkinei omenaldia 3 1648307481514
Alkizako ikazkinei omenaldia 4 1648307481980
Alkizako ikazkinei omenaldia 5 1648307482475
Alkizako ikazkinei omenaldia 6 1648307482911
Alkizako ikazkinei omenaldia 7 1648307483584
Alkizako ikazkinei omenaldia 8 1648307484126
Alkizako ikazkinei omenaldia 9 1648307484539
Alkizako ikazkinei omenaldia 10 1648307484988
Alkizako ikazkinei omenaldia 11 1648307485455
Alkizako ikazkinei omenaldia 12 1648307485898
Alkizako ikazkinei omenaldia 14 1648307486811
Alkizako ikazkinei omenaldia 15 1648307487267
Alkizako ikazkinei omenaldia 16 1648307487746
Alkizako ikazkinei omenaldia 17 1648307488233
Alkizako ikazkinei omenaldia 18 1648307488703

Gregorio Iruretagoiena, Joxe Aierbe eta Jabier Iruretagoiena txondorgileak omendu dituzte, urtez urte ikazkin moduan egindako lanagatik eta herriari egindako ekarpenagatik.

Egun berezia zuten gaur Alkizan. Garai batean ikazkin ibilitako herritarrei omenaldi xume bat egiteko eguna, zehazki. Bide horretan, mendez mende "lan gogor horietan aritu ziren gizon-emakumeei" esker ona adierazi diete, udalak eta herriak. Gaur, besteak beste, Gregorio Iruretagoiena, Joxe Aierbe eta Jabier Iruretagoiena txondorgileak omendu dituzte. Baina ikazkin lanetan aritu diren eta orain gutxi hil diren herritarrak ere gogoan izan dituzte.

Eguna behar bezala hasi eta girotzen joateko, Alkizako basoetan barrena ibilbide gidatua egin dute goizean Valentin Mugartza, Aizkorri-Aratz parkeko zuzendariarekin. Bidean naturaz gozatzeaz gain, ikazkinen ofizioa eta zuhaitz lepatuen mundua hobeto ezagutzeko aukera izan dute bertaratu direnek.

Ibilbidea amaitzerako zain ziren plazan herriko ikazkin ohiak. Elizako zimiterioan solasean aritu dira Gregorio Iruretagoiena, Joxe Aierbe eta Jabier Iruretagoiena. Ezer esaterako, benetako ikazkinak haien gurasoak zirela argitu du Gregorio Iruretagoienak, "gu gurasoen ondoan aritutakoak gara, laguntzaileak". Baina solasaldiak aurrera egin ahala argi geratu da, ikasitako praktikara eraman eta urte luzez aritu dira txondorrak egin, zaindu eta ikatza saltzen.

Aierbek eta Jabier Iruretagoienak kontatu dute 9-10 urte ingururekin basoan bakarrik aritutakoak direla lanean. Gaua pasatzen ere geratuak, bakar-bakarrik mendian, txondorra zaintzen. Hamaika pasadizo kontatu dituzte hiruren artean, eta hala esan du Gregorio Iruretagoienak: "Alkizan 17 txondor ketan kontatu izan dituztela esan ohi da, pentsa". Eta herritarren galderei segika kontatu dute haiek nola egiten zuten txondorra.

Egindako txondorraren araberako ikatza izaten zela azaldu du Jabier Iruretagoienak. "Txondor handienek ikatz mardulena zuten, materiala ere hobea jartzen zitzaielako, mazizoagoa; egur mehearekin egindakoa, ordea, kaxkarragoa izaten zen".

Eta gero ikatza saltzera Tolosara joaten zirenekoak ere kontatu ditu Jabier Iruretagoienak: "Ateratzen genuen ikatz guztia saltzen zen, baina dirua mehe izaten genuen. Astoak ikatz zakuz kargatu eta Tolosara joaten ginen saltzera". Gregorio Iruretagoienak azaldu du garai hartan gozogile guztiek ikatzarekin egiten zutela lan, beraz erraz saltzen zela.

Kontu kontari aritu ostean, solasaldia borobiltzeko, Anjel Mari Peñagarikanok bertso sorta eskaini die hirurei. Eta ondoren, hamaiketakoa egin aurretik, udalak, Iñaki Irazabalbeitia alkatearen eskutik, txondorraren maketa bana oparitu die, eta agurra dantzatu diete, herritar guztien txalo zaparrada artean.

Omenaldia amaitzeko, txondorgileak eta haien familiartekoak hamaiketakoa egitera joan dira ostura, eta izena emanda zuten herritarrek Mikel Garaizabal somelierraren gidaritzapean, ardo, sagardo eta gazta dastaketa egin dute Zimiterioan. Goiz osoan zehar, Ikiliko txondorra erakusketa ikusi ahal izan da Zimiterioan. Alkizako Itxurain Elkarteak 2009an Ikili baserriaren ondoan egin zuen txondorrari buruzko liburua kaleratu zuen. Xabier Artola Zubillaga Artzubik egindako argazkiekin osatu zen liburua eta argazki horiek ikusgai izan dira.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!