Gerra Ukrainan

Ukrainako herriari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egingo dute

Ataria 2022ko martxoaren 3a

Ostiralean 18:30ean egingo dute elkarretaratzea eta bereziki gogoan izango dituzte ukrainar jatorriko alkizarrak eta beraien senitartekoak.

Alkizako Udalak kontzentrazioa antolatu du martxoaren 4an, 18:30ean, Ukrainako herriari elkartasuna adierazteko eta herrialdearen inbasioa gaitzesteko. Ostiralean bilduko dira herriko plazan eta parte hartzeko deia egin diete alkizarrei.

"Urtarrilaren 24an Errusiako armadak Ukrainari eraso zion eta estatu horren lurrak militarki okupatzen hasi zen. Harez gero, gerra dago Ukrainako lurretan", adierazi du Alkizako Udalak. Egoera honen aurretan, erasoa "tinko" gaitzetsi du udalak eta Errusiari eskatu dio eraso militarrari amaiera emateko. "Gatazkak eta desadostasunak ez dira indarraren bidez konpontzen, elkarrizketaren bidetik baizik eta bi parteei eskatzen diegu armak isildu eta elkarrizketa zintzo bati heltzea, nazioarteko eskubidea eta herrien autodeterminaziorako eskubidea zutoin izango dituena".

Ukrainako herritarrei "samina eta elkartasuna" adierazi die udalak eta bereziki gogoan izan ditu ukrainar jatorriko alkizarrak eta beraien familiartekoak. Bide batez, Ukrainatik etor daitezkeen errefuxiatuak hartzeko konpromisoa hartu du, "herriak dituen baliabideen neurrian".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!