Hondakinak biltzeko sistema berria jarriko dute Alkizan

Tolosaldeko Ataria 2022ko ots. 3a, 11:47

Plazako auzo-konpostarako gunea kendu egingo dute eta hondakin organikoak biltzeko edukiontziak jarriko dira herriko hiru gunetan. Astean bitan egingo da bilketa.

Alkizako Udalak hondakinen gaikako bilketa ahalik eta handiena egiteko, sistema berritzea erabaki du. Otsailaren 1ean egindako osoko bilkuran hartu du erabakia. Tolosaldeko Mankomunitatearekin elkarlanean landu dute sistema berria eta besteak beste, hondakin organikoak biltzeko edukiontziak jarriko dira herriko hiru gunetan. Orain arte, frakzio organikoa auzo-konpostajearen eta auto-konpostajearen bidez tratatu izan dute Alkizan eta gainerako frakzioak edukiontzien bidez. Horrekin batera, bilketa astean bitan egingo dute eta edukiontzietan txipik ez da ezarriko oraingoz. Herritarren artean materia organikoa biltzeko kuboak eta zabor poltsak banatuko dituzte. 

Gaikako bilketa portzentajea eskualdeko txikiena dela jakin du udalak, herriko datuak lehen aldiz esku-artean izan dituenean. "Errefusaren edukiontzian materia organikoa errefusa bera bezainbesteko proportzioan azaldu dela ikusi dugu", aipatu dute udaleko iturriek.

Urtarrilaren 28an egindako herri batzarrean azaldu zizkieten herritarrei sistemaren nondik norakoak eta hori proposatzera eraman duten arrazoiak azaldu zitzaizkien. "Herritarrek gaikako bilketa areagotzea beharrezkoa ikusten dutela azaldu zuten batzarrean", esan du udalak. Aurten herritarrei ez zaie zabor-tasa garestituko.

Udalak herritarren artean kontzientziazio-ekimenak bideratuko ditu eta urtean zehar hondakinen karakterizazioa egingo du hiruzpalau alditan. Datorren urte hasieran emaitzak berraztertuko dituzte eta horren arabera, erabaki osagarriak hartu edo ez erabakiko du udalak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!