Erretore etxea birgaitzen egingo du inbertsio handiena Alkizako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2021ko abe. 30a, 11:58

Alkizako Udalak 288.000 euro gorde ditu inbertsiotarako 2022ko aurrekontuan. Besteak beste, Erretore etxeko egokitzapenak egiteko, tartean igogailua jartzeko, 104.000 euro erabiliko ditu.

Abenduaren 28an eginiko osoko bilkuran Alkizako Udalak 2022ko aurrekontua onartu du. Orotara, 791.898 eurokoa izango da 2021ekoa baino 46.000 euro txikiagoa. Aurrekontuaren bi kapitulu handienak udal langileen soldatak eta inbertsioak izango dira, hurrenez hurren, %29a eta %36a suposatzen dute.

2022an 288.000 eurotako inbertsioak egingo ditu Alkizako Udalak. Inbertsiorik handiena Erretore etxea birgaitzen egingo dute, igogailua jartzeak hartuko duelarik parterik handiena. Horretarako 104.000 euro gorde dituzte aurrekontuan. Udalerriko eremuan kokatzen diren Hernio-Gazume Kontsebazio Bereziko Gunearen lurretan udalak 87.000 euro inbertituko ditu espazio natural horren kontserbazio egoera eta biodibertsitatea indartzeko. Ur-hornikuntzako sarea hobetzeko udalak 30.000 euro erabiliko ditu 2022an.

Inbertsio horiek guztiak egin ahal izateko udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak jasotzea aurreikusten du.

2022rako aurrekontuaz gain udalbatzak ‘Euskal Presoen eskubideak errespetatu, salbuespen Legedia indargabetu’ erakunde-adierazpena onartu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!