Elkarrizketa

«Auzolanak herria egiten duela uste dut»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko abe. 22a, 11:58

Tolomendik Auzolangin(l)tza proiektuaren barruan galdetegia zabaldu du eskualdeko elkarte, eragile eta mugimendu ezberdinei zuzenduta. Xabier Artola Zubillaga Alkizan bizi da, eta galdetegia bete duenetako bat da. Tolomendiren webgunean bete daiteke galdetegia, eta betetzen dutenen artean bertako produktuekin osatutako saski eder bat zozkatuko dute.

Zergatik bete duzu galdetegia?
Edurne Ayuso Alkizako kultur teknikariak esan zidan ea beteko ote nuen, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan ekimena. Noski, baietz esan nion. Nik nekiena behintzat beteko nuela, edo nik parte hartutako ekimen edo ekitaldi horietakoa behintzat kontatuko nuela.

Erraza izanda erantzutea?
Bai. Zerbait kontatzeko baldin baduzu erraza da.

Zein izan da zuk Alkizan egin duzun auzolan mota edo zer kontatu duzu?
Egia esan urte batzuk badira jada egin zela. Agian azkena egin zela izango dira zortzi edo bederatzi urte. Lanbide zaharrak berreskuratzeko lan batzuk egin ziren. Adibidez, txerri festa bat egin zen, txondorra, garo meta bat eta sagardogintza ere bai. Ez zen bakarrik txondorra egitea izan. Hamar egunez han ibili ginen txondorraren inguruan, edo sagardoarena egin zenean, lehenengo sagarrak biltzera joan ginen, gero sagarra jo eta hori guztia plazan egin zen. Txerri festa beste horrenbeste eta garo meta ere bai. Eta hor eskolak parte hartzen zuen eta baita herriko jendek askok ere.

Eta guzti hori auzolanean egiten da?
Hori da. Nolabaiteko auzolana da eta auzolana izan zen. Eta nik uste dut azpimarratzekoa dela ere zenbat jendek parte hartzen zuen. Gero, egia da, gorabeherengatik utzi egin zitzaiola hori egiteari. Azkeneko urteetan ez da halakorik berriz egin. Lan horietan oso inportantea zen dokumentazioa, hau da, hor egiten zen guztia dokumentatu egiten zen, bideoak, argazkiak eta abar. Hori hor gelditu zen, eta txondorrari buruzko liburu bat atera zen, argazki liburua, hori argitaratu egin zen, eta gainontzeko guztiak hemen gelditu ziren, herrian bertan egindako erakusketa batzuetan.

Auzolan horietan zein zen zure parte hartzea?
Hain zuzen ere ni argazkilaria edo argazki zalea naiz, eta batez ere argazki lana egiten nuen. Jarduera guztietan hor egoten nintzen eta argazkiak egiten nituen, eta gero erakusketak-eta prestatzen nituen.

Garrantzitsua iruditzen zaizu auzolan hauek gizarteratzea, mantentzea, berreskuratzea?
Noski, inportantea iruditzen zait. Nik uste dut auzolanak herria egiten duela. Baina beste aldetik ikusten dut gaur egungo bizimoduak pixka bat auzolanetik aldendu egiten gaituela. Nolabaiteko bizimodu indibidualistago batean sartuta gaude, eta gero eta zailago ikusten dut gauza hauek aurrera eramatea. Oso-oso garrantzitsua iruditzen zait, baina ez dakidana da nola bultzatu honelako jardunak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!