'Hitzak zaindari' erakusketa Alkizara dator

Ataria 2021ko aza. 23a, 07:58

Azaroaren 26tik urtarrilaren 14ra arte jarriko dute; ostiralean, Pettiren kontzertu akustikoa egingo dute erakusketa zabaltzeko

Pandemia garaian euskal literaturan aurki daitezke zaintzarako aukerak. Horrela uste dute euskal liburugintzako hainbat eragilek. Euskal Editoreen elkarteak, Idazleen elkarteak, Itzultzaileen elkarteak eta Galtzagorrik elkarrekin prestatu dute, Kutxa Fundazioaren laguntzarekin, Hitzak zaindari izeneko egitasmoa. Proiektuaren barruan antolatutako erakusketa ibiltaria Fagus Alkiza interpretazio zentroan izango da ikusgai, azaroaren 26tik urtarrilaren 14ra.

Ana Urrestarazu Euskal Editoreen elkarteko idazkari teknikoak azaldu duenez, «ertz ezberdinetatik zaintza lantzen duten euskal literaturako 20 testuk osatzen dute erakusketaren ardatza». Testu horien aukeraketan bost adituk hartu dute parte: Lurdes Otaegik, Alex Gurrutxagak, Xabier Olarrak, Uxue Alberdik eta Itziar Zubizarretak. «Aukeratutako testuen artean badaude kantuak, feminismoaren ikuspegitik aritzen direnak edota familiarekin lotura dutenak. Zaintzaz hainbeste hitz egiten den garaiotan, euskal letretan babestu gaitezkeela erakusten dute», esan du Urrestarazuk.

Udaberrian abiatutako ekimena ibiltaria izan da eta Donostian hasitako bideak Alkizan izango du amaiera, tartean Eibar, Zumarraga edota Zarautz bisitatu ondoren.

INAUGURAZIO EKITALDIA

Ostiralean, azaroaren 26an, 18:00etan zabalduko dute erakusketa Fagus Alkiza interpretazio zentroan. Inauguraziorako gonbidatu berezi bat ekarriko dute: Petti musikari beratarrak kontzertua eskainiko du 19:00etan herriko elizan. Urrestarazuren esanetan, «berak ezagutzen ditu erakusketan ageri diren euskal literaturako testuak eta gure proiektura egokitutako emanaldi berezia prestatuko du».

Hitzak zaindari erakusketa, urtarrilaren 14ra arte izango da Alkizan, eta bertaratzen direnek, erakusketarako aukeratutako testuak biltzen dituen liburuxka jasoko dute opari. «Merezi du bisitak», nabarmendu du Urrestarazuk.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!