Nola hasi zinen abesbatza munduan?
Txiki-txikia nintzela hasi nintzen abesbatza munduan, lau edo bost urte nituela gutxi gorabehera. Villabonako Eresargi Txiki Abesbatzan hasi nintzen Arantxi Padilla irakasle zegoela, baina berak utzi eta hortik Loatzo Musika Eskolako abesbatzan sartu nintzen. Pauso bat gehiago ematea erabaki nuen eta nire gurasoak Tolosako Hodei Truk Abesbatzako koordinatzailea den David Azurzarekin jarri ziren harremanetan, eta geroztik aurrera egin dut.
Euskal Herriko Gazte Abesbatzako kidea zara. Noiztik eta nola sartu zinen taldean?
Euskal Herriko Gazte Abesbatza 2016an sortu zen. Hain zuzen ere, guk osatu genuen lehen edizio hura. Hainbat abesbatzetara deitu zuten, garai hartako abesbatza aitzindariak zirenak, hain zuzen ere. Azkenean, garai hartan oso gazte gutxi ginen abesbatza munduan oso sartuta geundenak edo abesbatza zuzendaritza egin nahi genuenak. Beraz, bakoitzaren ahotsa ezagutzeko froga txiki bat egin ziguten; kantutxo bat prestatu behar izan genuen eta bokalizazio txiki bat egin behar izan genuen. Horrela sartu nintzen.
Zer suposatzen du zuretzat Euskal Herriko Gazte Abesbatzako kide izatea?
Amets bat. Ez da konparazio onena, baina esate baterako, Euskal Herriko futbol selekzioko kide izateak sortzen duen sentimendua, abesbatza munduan Euskal Herriko Gazte Abesbatzako kidea izateak sortzen duen sentimendu bera izan daiteke. Azkenean, zu zara Euskal Herria ordezkatzen ari den gazte horietako bat, eta hori ohore handi bat da. Ilusioa.
«Beti amestu izan dugu Leidorreko oholtza gainean abesten genuela, eta bat-batean zure ametsa egi bihurtzen da»
Zein ahots zara?
Nesken artean hiru edo lau ahots izaten dira, eta mutilen artean ere hiru edo lau ahots. Ni soprano bigarrena naiz. Jende asko dago ahots indartsu edo altuagoa duena, baina nire kasuan, esan genezake ahots altuen artean bigarren ahots altuena naizela.
Lehena izateko pauso gutxi geratzen zaizkizu. Zaila da horretara iristea?
Teknika kontua besterik ez da, eta entseguetan hori asko eskertzen da.
Euskal Herriko eta Nafarroako gazteek osatzen duzue Euskal Herriko Gazte Abesbatza. Zenbat kide zaudete guztira?
Normalean lantaldea 40 gaztek osatzen dute, edo hori saiatzen dira behintzat. Batzuetan gutxiago egoten dira, eta beste batzuetan gehiago; bi gora edo bi behera, horrela ibiltzen dira. Hala ere, normalena lantaldean 40 gazte egoten gara, eta oraintxe bertan, horrela da, 40 gaztek osatzen dugu taldea.
Beraz, ez zarete gutxi. Zer moduz moldatze zarete zuen artean oholtza gainean?
Mundu desberdinetik datorren jende asko elkartzen duzunean, azkenean, bakoitza bere etxetik edo bere abesbatzatik datorrelako, zerbait zirraragarria sortzen da. Hau da, desberdina den hori guztia amankomunean jartzea oso aberasgarria da, baina aldi berean, horrek ere zailtasunak ditu. Izan ere, guztiak ohitura desberdinekin gatoz eta azkenean, ohitura berri batzuetara ohitu beharra dago. Gu kontzentrazioetan biltzen gara; hau da, ez gara eskuarki biltzen den abesbatza bat, astero-astero edo hilabetero ikusten garena, baizik eta, hiru edo lau hilabetetik behin edo ekitaldi berezi batzuetarako soilik biltzen gara. Beraz, horrek talde sendo bat izatea sortzen du, baina aldi berean, norberak bere kabuz lan gehiago ere egin behar izaten du. Hala ere, hori guztia oso aberasgarria da denontzat, eta uste dut merezi duen gauza bat dela, alferkeria alde batera utziz.
«Abesbatza munduan sartuta dagoenarentzat, bere bizitzako esperientziarik altuenetako bat da Tolosako Abesbatza Lehiaketa»
Lehen entsegua iristen denean, zaila egiten zaizue martxa hartzea hainbeste denbora ikusi gabe egon ostean?
Data batetik bestera alde handia dago, baina etxean lan asko egin behar izaten dugu.
Ekitaldi berezietan biltzeko ohitura duzuela aipatu duzu. Zeintzuk dira zuentzat data zehatzak?
Oso data zehatza izaten da guretzat abenduko zubia; data horretan urtero elkartu ohi gara eta. Aurten, ordea, ez dakigu elkartuko garen, urte guztian zehar Tolosako Abesbatza Lehiaketarako prestatzen aritu garelako. Normalean, lau edo bost hilabetetik behin elkartzen gara, ekitaldi berezi bat dagoenean soilik. Halako bat iristen denean lau edo bost entsegu egiten ditugu eta gero hurrengo hiru edo lau hilabeteetara ez dugu elkar ikusten.
Zein garaiko musika abesten duzue?
Guerrero musikagilearen XVI. mendekoa; Rossini XVIII. mende bukaerakoa eta XIX. mendekoa; eta Ravel XIX. mendekoa eta XX. mende hasierakoa. Gainontzeko kantuak garaikideak dira, eta euskal musika esparruan musikagile askoren obrak abesten ditugu. Adibidez, Javier Bello-Portu, Javier Busto, Xabier Sarasola edo Julen Elberdin.
Eta, hizkuntzari dagokionez?
Euskaraz, latinez, gaztelaniaz, ingelesez... edozein hizkuntza. Azkenean, gure zuzendariek aukeratu dute obra zehatz bat, agian munduaren beste aldetik datorrena, baina hori menderatzen ikasi eta jendeak zer abesten ari garen ulertzen saiatu behar dugu. Horretarako ere fonetika eta fonologia txukun-txukun jorratu behar dugu.
Egun gutxira Tolosako Abesbatza Lehiaketan ikusi eta entzun ahal izango zaituztegu. Lehen aldiz hartuko duzue parte Tolosako lehiaketan?
Bai, eta gainera, orokorrean, Euskal Herriko Gazte Abesbatzak lehiaketa batean parte hartzen duen lehen aldia izango da. Egia da gutako bakoitzak gure beste taldeekin hainbat lehiaketetan parte hartu izan dugula, baina denok batera EHko Gazte Abesbatza bezala inoiz ez. Izan ere, oso talde berria da, hazteaz eta osatzeaz inoiz utzi ez duen talde bat da. Maila honetara iristea oso zaila da, exijentzia maila altukoa baita. Beraz, halako lehiaketa batera aurkezteko prestatzeko urte batzuk behar izan ditugu.
«Mundu desberdinetik datorren jende asko elkartzen duzunean zerbait zirraragarria sortzen da»
Lehen aldia izanda, urduri egongo zarete, ezta?
Bai; hala ere, irrikatan gaude dena emateko. Izan ere, gazte abesbatza baten ezaugarrien artean dago leherketa dago. Hau da, kartutxoa kargatzen eta kargatzen joaten zara eta egun batean eztanda egiten du. Hori da guk espero duguna eta eztanda puntu altuena Tolosako Abesbatza Lehiaketan izatea gainera.
Nola animatu zarete Tolosako Abesbatza Lehiaketan parte hartzera?
Normalean, erabaki hori hartzen dutenak zuzendariak izaten dira, eta beraiek dira gure abesbatza dagoen mailatik lehiatzeko dagoen maila batera pasatzeko erabakia hartzen duten arduradunak. Hala ere, gure ardura ere gure guztizko ardura da. Bikain egin behar dugula esaten badigute, zuzendariek eman dizkiguten jarraibide guztiak bikaintasun osoz jarraitu beharko ditugu. Azkenean, denon ardura da gure abesbatza gaur egun dagoen mailan mantendu eta gehiago igotzea, eta nik uste denon aldetik onena jarri behar dugula. Hala ere, erabaki hori jakin genuenean pozik hartu genuen, eta dena emateko asmoarekin gaude.
Zu eskualdekoa izanik, zer esan nahi du zuretzat Tolosako Abesbatza Lehiaketan parte hartzeak?
Abesbatza munduan sartuta dagoen batentzat eta biziki bizitzen duen batentzat, bere bizitzako esperientziarik altuenetako bat da. Abesbatzako karreran tik bat jartzea bezalakoa da. Izan ere, abesbatza munduan Leidorrera igotzea edo Tolosako Abesbatza Lehiaketan parte hartzea zure ibilbideko puntu gorenera iristea bezalakoa da. Txikitatik ikusi dugu, txikitatik joan gara ikustera, beti amestu izan dugu Leidorreko oholtza gainean abesten genuela, eta bat-batean tik-a berdea jarri eta zure ametsa egi bihurtzen da.
Lehiaketan guztira zortzi taldek parte hartuko duzue, eta zuek zarete euskaldun bakarrak. Prestatuta duzuen errepertorioan euskal musika entzun ahal izango dugu?
Bai, gainera, Tolosako Abesbatzako Lehiaketak daukan oinarrietako arau bat da derrigorrez hemen bertan egindako obra bat abestu behar dela, horren helburua baita euskal musikagile eta euskal musika mundura zabaltzea. Parte hartuko dugun zortzi abesbatzok abestu beharko dugu eta modu berean ebaluatuko gaituzte.
Era berean, Euskal Herriko Gazte Abesbatzak izan duen ohoretako bat da Josu Elberdin musikagilearen Amorioa obra guretzako konposatu duela, eta guk estreinatu genuen. Gainera, nazioartean lehen aldiz Tolosan entzungo da. Guretzako neurrira eginda dagoen traje bat da, gugan pentsatuta dagoena. Presio handia izango dugu, baina aldi berean, gure euskal musika da, betidanik abestu diren melodiak dira, txukun-txukun eta bikaintasunez idatziak daudenak. Zirrara handiz abesten saiatuko gara.
Horrez gain, zer duzue prestatuta?
Hori ezin da esan, ikusi eta entzun egin beharko da.
Lehiarako prest zaudete?
Bai, urduri baina gogo handiz eta motorrak berotzen ari gara.