Genero desberdintasunari aurre egiteko programa jarriko dute martxan

Ataria 2021eko urriaren 18a

Alkizako Udalak herriko hezkuntza komunitatearekin eta herritarrekin batera adostuko du programa. Emagin elkarteko teknikariek kudeatuko dute prozesua eta asteartean egingo dute aurkezpen ekitaldia Fagus Alkiza interpretazio zentroan 18:30ean.

Alkizako Udalak genero desberdintasunari aurre egiteko programa bat martxan jartzea erabaki du. Herriko hezkuntza komunitatearekin eta herritarrekin batera berdintasuna lortzea helburu duen prebentzio proiektua da martxan jarriko duena. Emagin elkarteko teknikariek kudeatuko dute prozesua eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdinbidean programako teknikarien aholkularitza eta laguntza ekonomikoa jasoko du udalak egitasmoa aurrera eramateko. Bideari ekiteko aurkezpena egingo dute asteartean, urriaren 19an, 18:30ean Fagus Alkiza interpretazio zentroan. Bertan, ekimenari buruzko xehetasunak emango dituzte udal ordezkariek zein prozesua kudeatuko duen Emagin elkarteko teknikariek ere.

Bestalde, genero indarkeria kasuen aurrean jarraitu beharreko protokoloa zein izango den adostu du Alkizako udal taldeak. Indarkeria matxista pairatzen duten emakume eta nerabeentzat baliagarria izan daitekeen informazioa biltzen duten esku orriak banatuko dira postontzietan eta informazio hori bera udalaren web orrialdean ere jarriko dute eskura.

Azkenik, herriko bi sarreretan genero indarkeria gaitzesteko panelak ezarriko dituztela jakinarazi du Alkizako Udalak. Mezua herriko emakumeekin batera adostuko dute datozen asteetan. Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko eguna da eta data horren bueltan egingo dute mezua erabakitzeko parte hartze prozesua.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!