Ordenantza fiskal berriak onartu ditu Alkizako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 6a, 14:01

Alkizako Udalak irailaren 28an eginiko osoko bilkuran 2022rako ordenantza fiskalak onartu ditu, hartutako beste hainbat erabakien artean.

Datorren urteari begira, ordenantza fiskal berriak onartu ditu Alkizako Udalak, irailaren 28an egindako osoko bilkuran. Udalak jakinarazi duenez, 2022rako ordenantza fiskalek bi berrikuntza nagusi dituzte 2021ekiko. Batetik, udalak 2021ean Erretore etxea eskuratu duenez, bertako gelak alokatzeko eta erabiltzeko tarifak ezarri ditu.

Bestetik, ur-hornikuntzako eta ur-saneamenduko tasak finkatzeko sistema aldatu egin dute, uztaileko herri batzarrean herritarrei azaldu bezala. Helburua da bi zerbitzu horien kudeaketak defizitik ez sortzea udalaren aurrekontuetan. 2022tik aurrera, ur-saneamenduaren tasa ez dute kalkulatuko etxeek duten ur-kontsumoaren arabera, baizik eta etxe guztiek tasa finko bat izango dute. Horrekin saneamendu-sareak mantentzeak duen kostua berdintzera hurbildu nahi du udalak. Ur-hornikuntzako tasa ere igo egin dute helburu berarekin.

Aldaketa izan duten gainerako zergek eta tasek KPIaren neurrian izan dute aldaketa. Tasa batzuek ez dute aldaketarik izan, hala nola, zabor bilketakoak eta dokumentu administratiboak igortzegatikoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!