Begirada hezteko bilaketa bat

Jon Miranda Labaien 2021ko urr. 6a, 07:59
Argazkia: Unai Sorarrain

Sormenaren Kabia bekarekin hiru asteko egonaldia egingo du Alkizan Joseba Agirrezabalagak; Naturarekin harremanetan, bertakoek duten begirada horren bilaketan dihardu bere lanean

Fagus Alkiza interpretazio zentroak urtero artista eta kultura munduko sortzaileei bideratutako beketako bat eskuratu du aurten Joseba Agirrezabalagak (Azpeitia, 1982). Hiru asteko egonaldia egingo du Alkizan eta Ur Mara museoko tailerra baliatuko du lanerako. Lehen egunak behaketarako, herritarrekin egoteko eta sorkuntzarako erabiliko ditu eta azkeneko astean produkzio guztia nola antolatu eta erakutsi pentsatuko du. Agirrezabalaga gustura dago lanerako sortu zaion aukera berriarekin.

Arte Ederretako ikasketak bukatu zituen 2006an eta urte batzuetan sorkuntza alde batera utzi ondoren, 2012an ekin zion, berriz ere, arte munduan murgiltzeari. «Madrilen arte ikerkuntzarako master bat egin nuen. Geologia eta artea tartekatzen zituen lan bat egin nuen amaieran, oso teorikoa. Ikerkuntzak Zumaiako flyschera eraman ninduen. Lan hori oinarri hartuta hasi nintzen berriz ere marrazten eta esparru hori da orain esperimentatzen ari naizena». Naturako formak interesatzen zaizkio Agirrezabalagari, inspirazio bezala hartzen ditu eta bere erara imitatu. Testura ezberdinak bilatzen ditu bere lanetan.

«Askotan egun osoa ematen dut ezer aurkitu gabe eta azken unean nahi gabe testura bat azaltzen zait eta gustura joaten naiz etxera. Momentu horrek beste guztiak baino gehiago balio du», azaldu du artista azpeitiarrak. Ustekabea interesatzen zaio, eta askotan baita akatsa ere. «Ni nahikoa kaotikoa naiz lanerako eta errorea gertatzen denean horretan jartzen dut arreta, errepikatu ezin den horretan. Gauzak gertatzen dira eta askotan ez duzu jakiten zergatik».

Bilaketak proiektua aurkeztu du Sormenaren Kabia bekarako, eta Agirrezabalagaren ustetan bilaketa prozesu horrek berak definitzen du ondoen bere lana: «Ez zait gustatzen buruan zerbait eduki eta horren bila joatea edo zerbait topatu eta serieak edo antzeko lanak errepikatzen aritzea. Esperimentatzen noa, inprobisatuz egiten dut, eta prozesuan bertan aurkitzen ditut gauza interesgarrienak».

NATURA IKASLEKU

Bere lanetara naturaren portaerak eramateko ahalegina dagoela dio artistak. «Askotan egiten dut naturako forma bat hartu eta errepikatu testura bat lortu arte. Marrazkiek naturan topa ditzakegun forma organikoak gogorarazten dituzte; abstraktuak dira, ez dira margo errealistak». Bere lan egiteko modua «basatia» dela aitortu du, margotzerako orduan «zabartasuna» bilatzen duela maiz. «Narratsa den hori interesatzen zait, perfektua ez dena, beste batek orban bezala definituko lukeen hori».

Gertatzen ari den hori jaso nahiko luke bere lanetan eta susmoa du naturan egunaren bueltan gertatzen diren gauzetako asko oharkabean pasatzen zaizkiola. «Nik hiritar tipora ikusten dut nire burua, asko jota, hiruzpalau zuhaitzen izenak dakizkit. Joaten naiz basora eta hostoak baino ez ditut ikusten. Horregatik bertako jendeak naturarekin duen harreman horretan sakondu nahiko nuke nire egonaldian. Hemengoek begiratzen dute Herniora eta jabetzen dira gertatzen ari denaz. Ni ez. Begirada hori zabaldu nahi dut, naturan zer bilatu daitekeen jakin nahi dut gero nire lanera eramateko. Alkizarren laguntza beharko dut».

Hasia da begirada hori hezten, aurreko larunbatean Fagus Alkiza interpretazio zentroak antolatutako Onddoak, bioaniztasunaren giltzarri ibilaldi gidatuan hartu zuen parte eta aurrerantzean badu asmoa bere lana herritarrekin partekatzeko, Ur Mara museoan. Bertako tailerrean kokatu du lan egiteko tokia Agirrezabalagak eta basoa alboan edukitzea aukera interesagarria iruditu zaio. Koldobika Jauregiren eta Elena Cajaravilleren laguntza eta aholkularitza eskertu ditu.

Ur Marako tailerrean dauden torkulo prentsak baliatuko ditu lanerako. «Pintura eta grabatuaren arteko teknika erabiltzen dut. Azken urteetan monotipiak landu ditut. Metakrilatoan pintura isuri eta gero hori paperean estanpatzen dut prentsa baliatuta. Nire lan egiteko erari ondo egokitzen zaio, azkar egin behar izaten delako». Dena den, Agirrezabalagak ez du bere burua puristatzat eta teknika eta material ezberdinak probatzen saiatzen da.

Asteotan egindako lanaren emaitzak abenduaren 17an erakutsiko ditu, Alkizan sormen prozesu honen berri emateko antolatutako ekitaldian. Unai Sorarrain herritarrak prestatutako ikus-entzunezko batean jasoko dira Agirrezabalagaren ibilerak. «Gustatuko litzaidake Ur Mara museoAn egindako lanaren mostra bat erakustea, horri ere garrantzia ematen baitiot, lan hauek bata bestearen ondoan jarri eta sortzen den elkarrizketa interesatzen zait». Orduan ikusiko da artista azpeitiarrak egin duen bilaketak zein aurkikuntza ekarri dituen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!