'Odonatuak, uraren hegoak' erakusketa ikusgai izango da Alkizan

Jon Miranda Labaien 2021ko ira. 22a, 07:58
'Trithemis annulata' espezieko arra. Argazkia: IƱaki Mezquita

Datorren astean Fagus Alkiza interpretazio zentroan Odonatuak, uraren hegoak erakusketan zehar bisita gidatuak egingo ditu Iñaki Mezquitak (Alegia, 1959) Aranzadiko entomologoak. Haur eta helduentzako bisitak izango dira.

Zer dira odonatuak?

Odonatuak dira intsektuen barruko orden bat. Intsektuak animalia klase bat dira eta horren barruan ordenak daude. Odonatuak bi adarretan daude banatuta: sorgin-orratzak eta burruntziak. Lurrean dauden intsekturik zaharrenetarikoak dira. Duela 300 milioi urte sortu ziren eta gaur egunera arte iraun dute. Garai hartako organismo gehienak bezala gaur egungoak baina handiagoak ziren ordukoak. Burruntzi batek, hemen, 9-10 zentimetro neurtzen ditu orain eta garai hartako karboniferoko fosilak topatu dituzte 70 zentimetrokoak.

Erraz bereizten al dira sorgin-orratzak eta burruntziak?

Bai, gertatzen dena da euskaraz animaliei ez zaizkiela izen arruntak jarri espezieka, sinonimo bezala funtzionatu duten izen generikoak erabili izan ditugu. Odonatuak izan arren biak bereizi egin behar direla uste dugu guk. Sorgin-orratzak, hemen Euskal Herrian behintzat, oso animali lirainak eta finak dira. Txikiak izan ohi dira eta bide motzean egiten dute hegan. Mailu itxura duen buruaren bi albotan dauzkate begiak. Eta geldi daudenean, beste espezie askok bezala hegalak bildu egiten dituzte. Burruntziek, aldiz, ezin dute hori egin. Pausatzen direnean ere hegoak beti zabalik izaten dituzte, gurutze bat osatuz. Sendoagoak dira, burua biribila izaten dute eta begiak kontaktuan izaten dituzte.

Panel ezberdinetan zer azaltzen duzue erakusketan?

Dugun informazio guztiaren entresaka egin behar izan dugu, gure ilusioa litzateke gauza gehiago kontatzea. Baina informazio gehiegi ematea askotan kaltegarria izaten da. Uste dut emandakoarekin asmatu dugula.

Gizakiok bezala ura beharrezkoa dute odonatuek. Hori da beraien habitat naturala.

Bai. Ezinbestekoa dute ura. Jar ditzakete arrautzak leku lehor batean, baina leku horretan ura izango dutenaren segurtasunarekin. Mendeetan zehar egokitu egin dira, pentsa, duela bospasei milioi urte gizakion agerpenari ere eutsi zioten. Animalia bizkorrak direlako da hori.

Gizakion artean zein iruditeri dago odonatuen inguruan?

Kulturen arabera aldatzen da. Ekialdekoetan, animalia hauek izan dira kuraia, ausardia eta noblezia adierazten duten animaliak, eta sakratuak izan dira. Hemen, aldiz, oso irudi txarra izan dute. Batere oinarririk gabeko kontuak zabaldu dira intsektu hauen inguruan, begietara hozka egiten dutela, adibidez. Erdi Aroan deabruaren laguntzailetzat jotzen zuten, gizakien ahul puntuak seinalatzen zituzten animaliak hartu zituzten begitan. Begi handiak zituztenak, hain zuzen: saguzarrak, hontzak, muskerrak, sugandilak, sugeak eta odonatuak. Animalia hauek oso kuxkuxeroak dira, gustatu egiten zaie ingurua aztertzea. Edozer gauzari begira egoten dira eta azkenean hori haien kalterako izan da.

Urmaeletan, erreketan, putzuetan topatuko ditugu.

Bai eta toki horiek eraikuntzarako baliatu izan dira maiz. Gurea ere ez da kasu bakarra, Europan, odonatuen %60-70 galdu da putzu eta hezegune txikietatik. Gizakiok harreman zaila izan dugu odonatuekin, beraiek bizi diren tokiak balio ez duten tokitzat eta zikintzat jo izan ditugulako. Eta hain justu alderantzizkoa da, guretzat atseginak ez diren beste intsektuak jaten baitituzte.

Hezegune horiek babestea, beraz, garrantzitsua da?

Bai. Babestea eta berriak sortaraztea. Eskola urmaelen sarea ari gara osatzen orain Aranzadi zientzia elkartetik. Berria egitea, aurretik zeudenak berreskuratzea edo inguruan dauden putzuak baliabide didaktiko bezala erabiltzeko modua ematen ari gara. Oso pozik gaude proiektuarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!