Ione Larrañaga eta Joseba Agirrezabalak irabazi dute Sormenaren Kabia beka

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 17a, 17:00

Laugarren ekitaldian hamabost lan aurkeztu dituzte eta epaimahaiak literatura eta ilustrazioa, eta monotipia eta serigrafia uztartzen dituzten proposamenen alde egin du.

Sormenaren hariak ez du etenik, datozen asteetan Alkizan bertan izango baitira aurtengo bi sarituak. Ione Larrañaga ilustratzaileak eta Joseba Agirrezabalaga artista plastikoak irabazi dute 2021eko Sormenaren Kabia beka. Udalaren eta herriko eragileen elkarlanari esker sortu zen Sormenaren Kabia beka 2018an. Ekimen horri esker, hainbat artistek naturagune paregabean hausnartu, esperientziak partekatu eta lan egiteko aukera izan dute azken urteotan. Aurten honako hauek osatu dute epaimahai: Susana Cencillo García musikaria eta musika irakasleak; Mariasun Landa Etxebeste idazleak; Txiki Keixeta margolari eta eskultoreak; eta Koldobika Jauregi Zinkunegi eskultorea. 

Epaimahaikideek Sormenaren Kabia edozein sortzailerentzako irekita dagoela azpimarratu zuten aurtengo dizioaren aurkezpenean. Gainera, dei berezia egin zieten hitza lanerako erreminta duten sortzaileei. Hala, jasotako proposamenak denetarikoak izan dira, hamaika gai mahai gaineratu dituzte hautagaiek: arkitektura, antzerkia, marrazketa, zeramika, bideogintza, argazkilaritza, literatura eta abar. Epaimahaiak, azkenik, literatura eta ilustrazioa, eta monotipia eta serigrafia uztartzen dituzten proiektuen aldeko hautua egin du.

Ione Larrañaga eta Joseba Agirrezabalagak hiru asteko egonaldia egingo dute Hernio mendiaren mangalean. Naturako elementuak izango dira euren proiektuetako protagonistak. Abenduaren 17an jendaurrean aurkeztuko dute bekari esker burututako lana. Gainera, urtero legez, Unai Sorarrain  bideogileak ikus-entzunezko bana egingo du sortzaileen lana ezagutzera emateko. Bekari loturako informazioa eskura egongo da www.fagus-alkiza.eus atarian eta interesa duenak artisten lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izango du.
JOSEBA AGIRREZABALAGA ZUBIZARRETA
Agirrezabalaga Arte Ederretan lizentziaduna da eta Arte ikerkuntzarako masterra egin zuen Madrileko UCM unibertsitatean. Bere lan plastikoak beti izan du naturarekin lotura estua. Naturaren formak hartu izan ditu askotan ardatz bezala konposizio abstraktuak sortzerako orduan. Testura bilaketa bat dago prozesuan, askotan akatsaren bidez lortutakoa. Irudi abstraktuak dira gehienak, zera organikoak. Marrazkiak, pintura eta hainbat teknika grafiko erabiltzen ditu artistak irudiak sortzeko.
 
Musika proiektuetan ere badabil lanean azkenaldian (Paezur, MV eta JA). Alaitz Alberdi artistarekin proiektu bat partekatzen du. Bien artean lanak egiteaz gain, teknika grafikoen lantegi bat zuzendu zuten Azpeitiko Dinamo sormen gunean (Labana eta Orbana, 2020).
IONE LARRAGO (IONE LARRAÑAGA GORRITXO)
Arte Ederretan graduatua da Madrileko UCM unibertsitatean, bertan pinturan espezializatu zen beranduago Ingalaterran bizi izan zen.
 
Marrazketa eta ilustrazioan interesa sustatu eta Bartzelonan ilustrazio eta komiki masterra egitea erabaki zuen. Gaur egun ilustrazioan eta muralgintzan dabil. Batez ere denboraren inguruan egiten du lan, ziklikotasuna, iragankorra, ezegonkorra... Natura, memoria eta gizakia erabiltzen ditu etengabeko aldaketa horiek irudikatzeko, bere hitzetan, batez ere naturan oso erraz ikus daitezkeelako bizitza eta heriotzaren etengabeko ziklo horiek.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!