"Oso giro ona izan da, konplizitatea bizitu dugu"

Ataria 2021eko abuztuaren 23a

Ur Marako Sormenaren Kabia e 2 1629739435384
Ur Marako Sormenaren Kabia e 1 1629739435153
Ur Marako Sormenaren Kabia e 3 1629739435562
Ur Marako Sormenaren Kabia e 4 1629739435775
Ur Marako Sormenaren Kabia e 5 1629739436047
Ur Marako Sormenaren Kabia e 6 1629739436249
Ur Marako Sormenaren Kabia e 7 1629739436395
Ur Marako Sormenaren Kabia e 8 1629739436529
Ur Marako Sormenaren Kabia e 9 1629739436648
Ur Marako Sormenaren Kabia e 10 1629739436784
Ur Marako Sormenaren Kabia e 11 1629739437028
Ur Marako Sormenaren Kabia e 12 1629739437237
Ur Marako Sormenaren Kabia e 13 1629739437424
Ur Marako Sormenaren Kabia e 14 1629739437560
Ur Marako Sormenaren Kabia e 15 1629739437678

Ur Marako Sormenaren Kabiaren hiru egonaldi zituzten aurreikusita udarako, baina azkenean bakarra egin ahal izan dute, uztaila bukaerakoa, jendeak ez baitu izena eman beste bietarako. Koldobika Jauregi gustura azaldu da egindako egonaldiak eman duenarekin.

Materia izan zen gauzatutako astebeteko egonaldiaren gaia, eta Ana Galarraga zientzia dibulgatzaileak eman zion sarrera egonaldiari. "Oso aurkezpen polita egin zuen", esan du egonaldia bideratzen aritu den Koldobika Jauregik. "Zenbait bitxikeri azaldu zituen materiaren inguruan, eta bigarren orduan zenbait esperimentu kimiko egin zituen. Hirugarren orduan proposatu zuen materiaz hitz egiteko adibide ona izango zela Frankenstein pertsonaia. Azken finean Frankensteinek materiarekin zerikusia du, zati ezberdinez osatzen den beste gorputz berri bat baita". Zientzia eta etikaren inguruan ere aritu zen Galarraga. "Nola gaur egun hainbeste gauza ikusten diren zientziarekin, eta etikaren ikuspegia ematea, ondo dagoen edo ez bizitza berri bat sortzea, eta horren inguruan aritu zen", esan du Jauregik. Egonaldian parte hartu behar zutenez gain, beste zenbait pertsona ere izan ziren aurkezpena jarraitzen. 

Bederatzi parte hartzaile izan ziren egonaldian, eta Alkizan bertan lo egiteko aukera izan zuten. Behin aurkezpena egin ondoren, hurrengo egunetan egun osoko tailerrak egin zituzten. "Azkenean nekea ere etortzen zen, goizeko bederatzietan hasi eta arratsaldeko zazpiak arte egoten baikinen. Bazkaldu eta dena bertan egiten genuen", esan du Jauregik. "Oso aktiboak izan ziren egonaldian parte hartu zutenak. Frankesteinen ideiatik abiatuta gai hori landu behar zutela pentsatu zuten. Bakoitzak bere ikuspegia ematen zuen pertsonai horren inguruan eta denen artean erabaki zen zerbait sortzea. Bitartean eztabaida egiten zen etikaren inguruan".

Jauregik hainbat tailer eman zituen egonaldian zehar, adibidez akuarela eta olioak nola sortu azalduz, karea nola egiten den eta eginez, marrazteko ikatzak-eta prestatu, papera egin.... "Oso intentsoa izan da. Giroa oso ona izan da. Beraiek ere harrituta zeuden zuten giroaren inguruan; konplizitatea zegoen denon artean. Artea sortu da, tekniketan sakondu eta artearen transmisioa egin da". Jauregik sortutako giroa nabarmendu du: "Oso berezia izan da, eta espero genuena baino hobeto atera da. Konplizitatea bizitu dugu. Askotan tailerrak azalekoak egiten dira, baina hemen denbora asko zegoenez, asko sakondu ahal izan da. Arteak eta jakin-minak elkartu gaitu".

Egonaldiko argazkiak: UNAI SORRARAIN

Larunbatean, SK Efimeroak

Pena du Jauregik beste bi egonaldiak ez direlako atera, eta beste batean izan beharko duela gaineratu du, aurrera begira ere eskaini nahi duela azalduz. "Egoera puntuala da. Beste kultur eragile batzuekin hitz egin eta antzekoa bizitu dute. Pentsatzen genuen abuztuan jendeak ez zuela alde egingo eta hemendik egongo zela, baina ez da hori gertatu, eta ateak ireki orduko jendea mugitu egin da", esan du Jauregik.

Ur Mara museoan ekitaldiak proposatzen jarraitzen dute, eta hurrengoa datorren larunbatean izango da, musika emanaldia eta artea uztartuz. SK Efimeroak deitutako arte ekintzan, Bakardadea izenburupean, Susana Cencillo musikariak eta Koldobika Jauregi artistak parte hartuko dute. 20:00etan izango da, eta sarrera doan bada ere, plaza mugatuak daude, eta jardueran parte hartu nahi dutenek urmara.alkiza@gmail.com helbidera idatzi behar dute, izena eta telefonoa idatziz.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!