GOGORATUZ

«Bitxiak jantzi egiten zaitu eta agerrarazten zaitu zuk mundura azaldu nahi duzun bezala»

Jon Miranda Labaien 2021ko abu. 22a, 07:59
Elena Cajaraville, bitxiak eskultura txikiak. J. MIRANDA

Presarik gabe, behar bezainbesteko denbora hartuta erantzun die Elena Cajaraville Ordoñana bitxigileak (Donostia, 1965) Tolosaldeko Ataria-ren galderei. Ur Marako estudioko ateak zabal-zabalik, paisaiari begira aritu da, zakurren zaunka, astoen arrantza eta txorien kantuak lagun dituela.

Nondik datorkizu sorkuntzarako grina?

Nire aitak beti izan du artearekiko afizioa. Berak ere akuarelak pintatzen zituen eta gogoan daukat nola joaten ginen berarekin Donostiatik Pasai Donibanera eta jolasean ibiltzen ginela aitak paisaiak pintatzen zituen bitartean. Erakusketak ikustera ere eramaten gintuen eta pentsatzen dut harra orduan sortuko zitzaidala. Gaztetxoa nintzela pintatzen ikastera eraman ninduten Jesus Gallegorengana.

Ikasketak aukeratu behar eta zurgintza aukeratu zenuen, ordea. Zergatik?

Nire aitona arotza izan zen eta banuen egurra nola lantzen den jakiteko gogoa. Batxilergo ikasketak amaitu eta lanbide heziketan eman nuen izena zurgintza ikasteko. Nik buruan banerabilen artearekiko eta eskulturarekiko gogoa, baina gero eskolan irakatsi zigutena ofizio bat zen. Aroztegi batean lan egiten ere saiatu nintzen, baina garai hartan ez zen ohikoa emakume bat horrelako lanetan ikustea. Beraz, nik nire bideari segi nion eta berehala heldu nien oihalei. Formakuntza prozesu baten ondoren, neroni hasi nintzen klaseak ematen, besteak beste, Errenteriako Xenpelar gunean. Gehienbat tapizak landu izan ditut eta gero patchwork bezalako teknikak.

Eta zergatik oihalgintzaren inguruko interes hori?

Nire ama eta izeba bat jostun bezala ibiliak ziren. Txikitatik ibili izan naiz oihal eta margo artean eta pentsatzen dut horrek eragina izango zuela nire erabakian. Oihal oso handiak egin izan ditut, tapizak. Txatalak aukeratu, tindatu, serigrafiatu eta josi egin izan ditut.

«Alemanian ezagutu nituen bitxi txiki haietan artelanak ikusten nituen, eskulturen gisakoak»

Garai hartako gure bizimoduarekin lotzen ditut lan horiek. Nafarroako Leazkuen etxe bat erosi genuen eta hemendik hara, handik hona, nomaden antzera ibiltzen ginen alde batetik bestera, ia maletak desegiteko astirik gabe. Iristen ginen tokira iristen ginela nik etxean bezala sentitu nahi nuen eta oihalak ziren horretarako modua. Bilduta eraman, momentu batean zabaldu, eta oihal horietan zegoen nire mundu osoa.


Elena Caraville Ordoñanak bere bitxiak erakusgai eta salgai ditu Alkizako Ur Mara museoan. J.M.

Alemanian Koldobika Jauregik eta biok egin zenuten egonaldian egin zenuen topo bitxigintzarekin. Zertaz jabetu zinen?

Bost urte eman genituen joan-etorrian eta orduan aurkitu nuen autore bitxigintza deitzen zaiona. Ordura arte ezagutzen nuena hemengo betiko bitxigintza zen eta ez zitzaidan asko interesatzen, ez zitzaidan iruditzen sorkuntzarako bide ematen zuenik. Alderantziz, Alemanian ezagutu nituen bitxi txiki haietan artelanak ikusten nituen, eskulturen gisakoak, espazio batean kokatu beharrean gorputzetan jartzeko eginak zirenak. Alde horretatik bitxigintza bada lan pertsonalagoa, eta eskulturaren konnotazio berdinak ikusten dizkiot, artelan batean bezala pieza bakoitza diskurtso baten bueltan eraikia dago. Tamaina txikikoa izateak eta materialen erabilerraztasunak harrapatu egin ninduen bere garaian eta ordutik eroso mugitzen naiz langintza honetan.

Bost urteko egonaldia izan zen Alemanian. Zer moduzko esperientzia izan zen zuretzat?

Primerakoa. Nire bikotekideari Koldobika Jauregi Düsseldorfen artea eta natura lotzen zituen proiektu batean parte hartzeko aukera eman zioten Insel Hombrich Museumen. Ni ere berarekin joan nintzen eta egitasmo esperimental hori bertatik bertara ezagutzeko aukera izan nuen. Koldobikari Zabalaga beka eman zioten eta Txillidak berak jarri zuen harremanetan Karl Henrich Müller mezenasarekin. Harekin elkarrizketatu ginen eta proiektuan parte hartzeko baiezkoa eman zigun. Hasiera batean sei hilabetetarako gindoazen, baina gerora nahi adina denbora geratzeko aukera eman ziguten. Jende askorekin izan genuen hartu-emana, Müllerrek diziplina anitzetako artistak bildu zituelako proiektuan, poetak, zientzialariak, pintoreak, eskultoreak... Sortzaileen artean giro oso interesgarria sortu zen eta nik bertatik bertara bizi izan nuen hori.

«Naturarekin harreman berezia dut eta niretzat inspiragarria dira elementu ezberdinak»


Oihalgintzan jardun zenuen bitartean zure lanak erakusteko aukerarik izan al zenuen?

Bai, besteak beste, Tolosako Aranburu jauregian erakutsi nituen nire lanak. Hasieran Alemaniako egonaldiak urte erdikoa izan behar zuenez, hemendik ez nuen beharrezko materiala eraman, ez bastidorerik ez ezer. Han nengoela Herbereetara joan nintzen, oihalak erosi eta bigarren eskuko merkatu batean josteko makina bat eskuratu nuen, oso merke. Lan asko egin nuen han nengoela, eta besteak beste, Donostiako Ekain arte galerian erakutsi nituen oihalak, Koldobikarekin arte lanekin erakusketa partekatuta.


Agatha Ruiz de la Pradarekin lan egiteko aukera ere sortu zitzaidan. Alemanian geundela Koldobikak erakusketa garrantzitsu batean hartu zuen parte Kazeslauko Wurth museoan. Erakusketa hartan, Txillidaren obran oinarritutako jantzi batzuk aurkeztu zituen Ruiz de la Pradak eta orduan ezagutu genuen elkar. Harremana sortu zen bion artean eta erakusketa bat antolatu genuen elkarrekin Madrilen, nik nire oihalekin eta berak bere jantziekin.


Caravallijek Ur Mararako estudioko ateak zabaldu dizkio ‘Ataria’-ri. J.M.

Euskal Herrira itzuli eta bitxigintzan buru-belarri murgiltzea erabaki zenuen.

Ez zuzenean. Alemanian ezagututako bitxigintza molde horrek arrastoa utzi zuen niregan, eta modu ez oso kontzientean, bitxien diseinuak marrazten nituen paperean, gehiagora jo gabe. Buruan bueltaka zebilkidan zerbait zen, baina nik nire oihalekin eta serigrafiekin jarraitzen nuen. 2002an Gerezi alaba jaio zitzaigun eta ondoren eman nuen izena Easo Politeknikoan bitxigintzako erdi mailako graduan. Lehenengo promozioa izan zen gurea eta oso irakasle onak izan genituen. Ikasleen artean gehienak adin batetik aurrerakoak ginen, asko artisauak, euren teknika hobetu nahian izena eman zutenak. Ikaskideen artean harreman polita egin genuen eta bitxigintzan jarduteko enpresa bat sortzeko proiektua landu genuen hiru lagunen artean. Gero, ordea, 2008ko krisi ekonomikoa etorri zen eta bertan behera geratu zen asmoa. Norbera bere kabuz aritzeko erabakia hartu genuen eta nik hemen Ur Maran jarri nuen estudioa eta denda.



Non topatzen duzu bitxigintzaren sormenerako abiapuntua?

Niretzat eskultura txikiak egitea bezala da bitxiak sortzea. Artelan bat sortzen duzunean espazioa izaten duzu buruan eta bitxigintzarekin, berriz, gorputza. Niri gustatuko litzaidake janzten duen pertsonak bitxi hori sentitzea bere identitatearen parte, amuleto gisa uler dezala, ukigarria den zerbait bezala. Bitxiak jantzi egiten zaitu eta agerrarazten zaitu zuk mundura azaldu nahi duzun bezala.

«Museoa 2000.ean zabaldu genuen. Artea, natura, filosofia eta etnografia biltzen dituen toki bat da Ur Mara»


Iaz sortu zenuen 'Sua' bilduma, itxialdi betean geundela.

Bai. Naturarekin harreman berezia dut eta niretzat inspiragarria dira elementu ezberdinak. Naturako forma horiek nire gorputzetik pasa eta interpretatu egiten ditut, pieza horien bitartez hainbat gairi buruz hitz egiten dut. Suarekin ere igualtsu pasa zitzaidan. Sugarretatik hasi, txinpartara pasa, sugarra sortzeraino... suak berak har ditzakeen forma horiek jarri nituen lanaren abiapuntu gisa. Sinbolikoki etxea ere adierazten du suak eta lan hauetako gehienak konfinamendu garaian sortu nituen, etxean sartuta geundela. Hitzik erabili gabe, pieza hauen bitartez kontatu nahi nituen nire pentsamendu horiek. Bizi genuen beldur giro horretan, Ray Bradburyren Fahrenheit 451 obra etorri zitzaidan gogora. Ikusten nuen osasun segurtasunagatik ari ginela agindu oso zorrotzak betetzen baina gero azpiratu nahi gintuen botere baten isla ere ikusten nuen. Ideia horiek guztiak buruan nahasian neuzkala sortu nituen bitxiak, eta baita, aspaldiko partez, hainbat oihal ere. Iazko ekainean muntatu genuen erakusketa Donostiako Ekain arte galerian eta Koldobikaren hainbat koadro ere jarri genituen ikusgai.

Non saltzen dituzu zure bitxiak?

Hemen bertan Ur Maran dugun dendan jartzen ditut salgai. Ez naiz artisau azoketara joaten, nireak pieza bakanak direlako eta hortaz ohiko bitxiek baino prezio garestiagoa izaten dutelako. Hala ere, eguberrietan Donostiako eta Ziburuko arte galeriek egiten dituzten topaketetan nire lanak saldu izan ditut. Bildumak sortzen ditut normalean, baina enkarguz ere egiten ditut lanak. Gehienbat belarritakoak, lepokoak eta paparrekoak egiten ditut, eta gutxiago, berriz, eraztunak.

Zehaztasun handiz jardun behar izaten duzu. Pazientzia handia eskatzen al du?

Bai. Hori landu beharreko gauza bat da eta denborarekin ikasi egiten duzu. Horrelako pieza txikietan soldatze lanak, adibidez, kontu handiarekin egin behar dira, zehaztasun handiarekin. Prozesua, dena den, oso polita da. Sua oso presente dago eta alkimia moduko zerbait da. Nik zilarra, urrea eta harribitxiak erabiltzen ditut. Ahal dela, zilarra eta urrea birziklatuak, eta korala, dagoeneko, ez dut erosten. Uste dut naturarekiko harremanak birpentsatu egin behar ditugula. Oreka galtzen ari garela iruditzen zait. Ingurunea zaindu behar dugu, inguruneak gu zaindu gaitzan.

Zerbait presente badago Ur Mara museoan, natura da. Koldobika eta bion proiektua da. Zein esanahi du zuretzat?

Gure proiektua da, urteetan landu duguna. 2000. urte inguruan etorri ginen hona bizitzera baina museoa 2012an zabaldu genuen. Artea, natura, filosofia eta etnografia biltzen dituen toki bat da Ur Mara. Gaur egun biok kudeatzen dugu espazio hau eta bion artean erabakitzen dugu zer norabide hartuko duen museoak. Urtero jasotzen dugu diru laguntza publikoa, bildumak egokitu eta erakusketak antolatzeko, eta hori dena kudeatzeak lan handia ematen du. Bisita gidatuak antolatzen ditugu gure proiektua azaltzeko eta horiek ere antolatu egin behar izaten dira. Bulego lan handia egitea tokatzen zait.

Koldobikaren neurri handiko eskulturek, basoak berak, Thoreau espazioak, ekitaldiak egiteko negutegiak... Espazio askok osatzen dute Ur Mara. Zerk lotzen ditu bata bestearekin?

Naturak, arteak eta gizakiak. Hiruko horrek laburbiltzen du proiektuaren diskurtsoa. Gure mundu ikuskera ezagutzera emateko modu bat da, gustatzen zaigun hori hemendik kontatzeko modua. Baten batek esango du ikuspegi naif xamarra dela, baina horixe da gure bizimodua.



Zaila al da kultur proiektu hau mapan kokatzea?

Ez dakit esaten. Guk argi geneukan ez genuela arrakastaz ito nahi. Pixkanaka joan gara gauzak egiten, entseatuz, batzuetan asmatuz eta besteetan erratuz, baina batez ere presarik gabe. Slow mugimenduari jarraitzen diogu guk. Ez dugu jende asko behar, oraingo kopuruarekin konformatzen gara. Aldi berean, horrelako toki batentzat ez da jasangarria astebururo jendetza jasotzea, natura zaindu egin behar baitugu. Etortzen den horrek nola gozatzen duen ikustearekin nahikoa dugu. Hori da gure neurria. Partekatzeko toki bat da, ez da negozio bat, gure munduarekiko ikusmolde hau besteekin konpartitzeko modua da Ur Mara.

«Pixkana joan gara, entseatuz, batzuetan asmatuz eta besteetan erratuz, baina presarik gabe»


'Slow' mugimendu horrekin bat al datoz sare sozialak, adibidez?

Nik ez ditut kontraesanean ikusten. Guk gure sare sozialak tarteka elikatzen ditugu. Hor ere poliki egiten ditugu gauzak eta pentsatzen dut jaso ere horrela jaso daitezkeela, tarteka, egun guztian horri begira egon gabe. Iruditzen zait norberak egiten dituen gauzak zabaltzeko oso tresna baliagarriak direla eta sare sozialak ez zaizkit bereziki oldarkorrak iruditzen.

Proiektu honen atzean talde zabalago bat ere badago, ezta?

Bai. Guk Ur Mara proiektuaren aholkulari kontsideratzen ditugu. Elkarrekin amesten dugu. Juan Kruz Igerabide, Antonio Casado de Rocha, Susana Cencillo, Asun Landa... beti daude prest gurekin gauzak egiteko.

Alkizako herrian ondo txertatuta dago museoa?

Bai. Ur Mara sortu baino lehen herrian Itxurain taldean ibili ginen eta etnografiako hainbat proiektu garatu genituen. Garo metak, txarribodak, sagardoa, txondorra... gauza asko egin genituen. Gerora etorri dira beste proiektu batzuk, Fagus Alkiza edota Sormenaren Kabia bezalakoak. Naturalki etorri dira horiek denak, herrian bazegoelako giro bat, muntatutako diskurtso bat. Haria jarraituz etorri dira beste egitasmoak.

Sormenaren Kabia egonaldia da azkenekoa. Zu zeu arituko zara tutore.


Bitxigintzan aritzeaz gain, Koldobika Jauregiren batera Ur Mara museoa kudeatzen du. J.M.

Bai. Koldobika eta biak ariko gara. Zientzia, artea eta naturaren inguruan aritzeko egonaldiak antolatzea gauza berritzailea da. Tailerrak emango dira hemen eta zalantza teknikoak argitzeko egongo gara gu hemen.

Telmo Esnalen 'Dantza' filmeko zuzendari artistikoa izan zinen. Zein izan zen zure egitekoa?

Aspaldikoa zen filma egiteko asmoa eta Koldobika Telmo Esnalengana proposamenarekin joan zitzaionean, dagoeneko buruan zeukan pelikulan islatzen den unibertso estetiko hori. Unibertso hori, ordea, gauzatu egin behar da eta errealitate bihurtu. Talde bat osatu zen zeregin horretarako eta ni zuzendari artistiko bezala aritu nintzen. Atrezzoa, jantziak, bitxiak eta bestelako elementuak sortzea izan zen gure egitekoa. Pozik gaude emaitzarekin.

Egun hauetan, filmeko hainbat elementu biltzen dituen erakusketa Ur Mara museoan bertan duzue ikusgai.

Bai. Aurretik Zarautzen eta Andoainen ikusgai izan dira Dantza pelikulako jantziak, bitxiak eta bestelako elementuak. Aurreko maiatzaren 23an erakusketa zabaltzeko ekitaldia egin genuen eta datozen bizpahiru asteetan ikusgai izango da Ur Marako negutegian.

Sortzaile eta emakume bezala nola ikusten duzu zeure burua?

Gauzak hobetzerako bidean doazela pentsatu nahi dut. Ahaztuta eta gutxietsita egon dira emakume sortzaile asko. Esate baterako, Le Corbusierrenak zirelakoan pasatu diren lanetako asko, gerora jakin da emakumeak egindakoak direla. Orain azaltzen ari dira gauza horiek. Iruditzen zait aurrerapauso bat ematen ari dela ikusgaitasunean. Gure alabak arte ederrak ikasten ditu eta iruditzen zait sortzaile bezala guk baino aukera gehiago izango duela aurrera egiteko.

Bidean emakume izateagatik oztopoak topatu izan dituzula esango zenuke?

Pentsatzen dut egongo zirela oztopo batzuk, baina nik nire bideari jarraitu diot. Ni pertsona baikorra naiz. Bidean banoa eta hesia parez pare topatzen badut, ez dit axola, buelta erdia eman eta bide luzeago bat hartuko dut iritsi nahi dudan tokira iristeko. Ez naiz horrelako gauzekin trabatzen, eta batez ere, ez naiz zapuzten. Agian oso bizi filosofia tontoa da, baina bizitza bere zailtasun eta guzti onartu beharra dagoela iruditzen zait. Askotan pentsatzen dut: zuhaitz batetik hazi bat erori eta indartsu ernetzen dela belardi batean eta hazi horren berdin-berdina den beste batek, aldiz, harri tartera jausi eta askoz ere zailagoa izaten duela ernetzen. Errealitate hori natura ere bada. Oztopoak ere bizitzaren parte dira. Gu ez gara animaliak edo zuhaitzak baino gehiago, ez gaude burbuila batean gizakiak izateagatik eta gauzak guri ere gertatzen zaizkigu. Ez dut esaten bidea urratu behar ez dugunik, baina bide horretan topatuko ditugun oztopoak behintzat ez ditzagun eraso bezala hartu, naturala ere badelako eta bizitzak ere badakartzalako horrelakoak. Natura gara, eta hostoa adaxkan jaio eta udazkenean erortzen den bezala jaio eta hilko gara gu egunen batean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!