Olatzazpiko koba auzolanean txukuntzeko deia luzatu dute

Ataria 2021eko ekainaren 10a

Larunbatean izango da hitzordua eta Jesus Tapia Aranzadiko arkeologoaren zuzendaritzapean egingo dira lanak. 10:00etan abiatuko dira Alkizako plazatik.

Alkizako altxorren artean dago Olatzazpiko koba. Aita Barandiaranen gidaritzapean hainbat indusketa egin ziren bertan eta azterlan horiek emaitza oparoak eman zituzten. Alkizako Udalak hasitako bide horri jarraipena eman nahi dio, eta asmoa du etorkizunean indusketa lanekin jarraitzeko. Horretarako, ordea, hainbat urrats egin behar dira aurretik eta tartean koba txukundu beharra dago. Larunbatean, ekainaren 12an,  Jesus Tapia Aranzadiko arkeologoaren zuzendaritzapean auzolanean egingo dituzte garbitze lanak.

Alkizako plazan, larunbatean 10:00etan egin dute hitzordua Olatzazpira joateko. Auzolanean parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea, aforoa oso mugatua baita. Horretarako, whatsapp mezu bat bidali beharko da 688 604 466 zenbakira. Edo, bestela, honako helbidera bidali daiteke mezua: kultura@alkiza.eus.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!