31 herrik osatzen dute Tolosaldeko osasun eremua eta horietako 25 herritako alkatek osatzen dute Alkateen Mugimendua -23 alkate dira eskualdekoak-. Atzo Alkateen Foroa izan zuten eta Inaki Irazabalbeitia Alkizako alkatea bertan izan zen. Esan du Alkateen Mugimendua sustatu nahi duten osasun sistemarekin dagoela kezkatuta, eta ez horrenbeste kokagunearekin. "Kokapena Osasun sailak erabakiko du, bere ikuspegi teknikotik egokiena den lekua proposatu du. Tolosako Udalak kokapenik egokienaren berri eman du, hain justu EH Bilduk duela aste batzuk emandako kokapen bera, baina hori ez da garrantzitsuena gure ustez".
Datorren asteazkenean bilera izango dute Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin eta mugimenduak Osasun sailarekin egiten duen lehena izango da. Ibarrako, Villabonako eta Alkizako alkateak izango dira bertan eta euren proposamena mahai gainean jarriko dutela aurreratu du Irazabalbeitiak. "Gure proposamena bere mahaiaren gainean jarri nahi dugu eta Osasun sailak zer asmo dituen jakin nahi dugu, baita ospitale publikoa egiteko aurreikusten duten epea ere".
Jaurlaritzak eskualderako sustatu nahi duen osasun sistemaren inguruan hitz egin nahi dute sailburuarekin eta 2010. urte inguruan egindako azterka bat ekarri du gogora: "Azterketa horretan osasun sistema komunitarioa planteatzen zuten, baina ez zuten abiarazi, eta guri iruditzen zaigu Tolosaldean, ospitale publikoaren ikuspegitik, zerotik hasi behar dugunez, egokia izan litekeela proiektu pilotu bat egitea duela 10-11 urte Osakidetzak eta Osasun sailak egindako azterketa hori aplikatzeko". Azterketa hori hiru geruza dituen osasun sistema batean oinarritzen dela esan du Alkizako alkateak. Lehen geruzan prebentzioa dagoela esan du; "hainbat arlo ukitzen ditu; elikadura, kirola, etxebizitzena, lantokiena... hau da, arlo desberdinak kontuan hartuz gure osasunean ondoriorik ez izateko zein neurri hartu daitezken aurreikusten du. Bigarrenen geruzan lehen mailako arreta dago; "orain dugun antolakuntza baino hobea izanez gero, horrek ondorioa hobeak izango lituzkeela dio". Azken geruzan dago ospitale publikoa bera. "Gure ikuspegitik eztabaida hor dago, guzti hori nola bideratuko dugun da garrantzitsua, zein osasun sistema izango dugun".
Beste arlo bat aipatu du ere, Asuncion ospitaleko langileena hain zuzen. "Asuncion desagertzen denean horko langileak zein egoeratan geratuko diren eta zein irteera izango duten kezkatzen gaitu. Gure ustez Osasun sailak hori ere izan beharko luke kontuan".
Alkateen Mugimenduak orain arte ez du harremanik izan Osasun sailarekin, eta lehen bilera honetan euren asmoen berri eman nahi diote Sagarduiri. "Orain arte ez gaituzte aintzat hartu. Eskualdeko alderdi sozialistekin egon ziren, Tolosako Udala bere interesen alde egiten ari da... eta gu solaskide egokiak garela uste dugu". Oraindik mugimenduko kide ez diren herrietako alkateei batzeko deia egin die, era berean.