Sormenaren Kabira deitu dituzte sortzaileak, laugarrenez

Jon Miranda Labaien 2021ko eka. 1a, 19:58

Alkizan hausnartu eta sortzeko aukera izango dute bi artistek, hiru astez, bekari esker; uztailaren 5era arte jasoko dituzte proposamenak

Alkizako Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, artistentzat Sormenaren Kabia beka sortu zuen duela lau urte. Honenbestez, bi artistak, hiru astez, sormen lan bat burutu dezakete Alkizako ingurumenarekin eta herritarrekin harremanetan jarrita. Laugarren edizioan hitzarekin jolas egiten duten sortzaileak erakarri nahi ditu ekimenak eta gaurtik uztailaren 5era arte eman dezakete izena interesa dutenek. Oinarriak www.fagus-alkiza.eus atarian kontsultatu daitezke.

Iaz hiru astera luzatu zuten egonaldia eta aurten molde berdinean jarraituko dutela adierazi du Inaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak. «Aukera eman nahi diegu sortzaileei gure herrira etorri, naturaz gozatu, eta lan egin dezaten. Sormenaren Kabiak ez du sortzeko gune bakarrik izan nahi, gure herriak ere aberastu nahi du sormen lan horretatik». Kultura eta arte sorkuntza hirietatik «deszentralizatzeko» gogoa aipatu du alkateak ekimenaren aurkezpenean: «Erakutsi nahi dugu landa-eremuko herri txikietan ere proiektu artistikoak gauzatu daitezkeela. Akuilua izan nahi dugu sorkuntza lanak gizarteratu eta artisten lanei ikusgarritasuna emateko».

Eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlanari esker sortu da Sormenaren Kabia beka eta udalarekin batera, besteak beste, Lete landa-turismo etxeak hartzen du parte ekimenean. Bertan egin dute bekaren laugarren edizioaren aurkezpena eta ekitaldian Imanol Lizardik sortutako Herniopeko mundu txiki hau bertso sorta eskaini dute herriko Manu Urruzola, Martin Lizardi eta Shrabani Aranzabe musikariek.



Sormenaren Kabian parte hartuko duten bi artisten aholkulari gisa arituko da, aurtengoan ere, Koldobika Jauregi eskultorea. Bere esanetan aurkeztutako proiektuek Alkizan finkatuta dituzten hiru ardatzekin koherentzia eduki beharko dute, alegia, natura, gizakia eta kulturarekin. «Kontuan hartu beharko ditu landa eremuko herri txiki euskaldun baten ezaugarriak eta herriko eragileak, eta oro har, herritarrak, aintzat hartzea baloratuko dugu», esan du Jauregik.

Urtero epaimahai bat osatzen dute aurkeztutako proposamen guztien artetik bi aukeratzeko. Aurten, Jauregiren alboan egongo dira Susana Cencillo musikaria, Mariasun Landa idazlea eta Txiki Keixeta pintore eta eskultorea. Irazabalbeitiak nabarmendu duenez edozein artistarentzat dago irekita deialdia: «Eskultoreek, arotzek, harginek, margolariek edota ilustratzaileek eman dezakete izena, baina baita idazleek, gidoilariek, clownek edota aktoreek ere. Sortzea eta natura maite duen orok izango du izena emateko aukera».

EPAIMAHAIKIDEAK: ZERGATIK AURKEZTU BEKA DEIALDIRA?

«Idazle bati behar duen guztia eskaintzen dio gisa honetako egonaldi batek»

MARIASUN LANDA - Idazlea

Mariasun Landa liburu ugari plazaratu eta hainbat sari lortu ditu. EHUko Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan irakasten aritu da erretiroa hartu duen arte. Sormenaren Kabia bekaz jardun du aurkezpene ekitaldian: «Oso plan atsegina iruditzen zait. Une honetan, zalantzan nago epaimahaikide bezala jarraitu edo izena eman».

Alkiza paradisuaren ataritzat jo du Landak: «Idazle bati behar duen guztia eskaintzen dio gisa honetako egonaldi batek: isiltasuna, natura eta inguru atsegina». Hitza artistikotzat jo du idazleak: «Hitzak izendatzen du izana. Idazleon lana da gure ingurua eta gure burua izendatzea, adieraztea».

«Hemen soinuak askotarikoak dira eta bide ematen dizute gauza berriak sortzeko»

SUSANA CENCILLO  - Musikaria

Susana Cencillo musikaria eta musika irakaslea da. Alkizako Ur Mara museoarekin harreman estua du. «Alkizan, eta zehazkiago esateko Ur Mara museoan aurkitu dudana izan da inspirazioa. Hemen entzuten dituzun soinuak askotarikoak dira eta bide ematen dizute gauza berriak sortzeko», esan du aurkezpen ekitaldian.

Herri txikiek sormenerako ematen duten aukerez jardun du: «Erakargarriak zaizkizun elementu asko aurkituko dituzu hemen, hiri handiago batean nekez topatuko dituzunak». Jendearekin harremana egiteko bekak ematen duen aukera ere nabarmendu du: «Ni askotan alkizarra sentitzen naiz».

«Nik asko jaso nuen eta zerbait eman izanaren esperantza dut»

TXIKI KEIXETA- Pintore eta eskultorea

Txiki Keixeta pintore eta eskultoreak Sormenaren Kabia bekaren lehen edizioan parte hartu zuen. Berez, 15 egunekoa egonaldia ia hiru hilabetez luzatu zuen: «Herri txikiak ematen du herri handiago batek ematen ez duen konfiantza. Kanpotar bezala etorri nintzen baina segituan sortu nuen harremana bertakoekin».

Ingurunearekiko harremanetan jartzeari buruz hitz egin du Keixetak, kostaldetik etorrita, «guztiz ezberdina» den ingurune batekin topo egin zuela aitortu du. «Hemen lanean aritu nintzenean eskolako umeak inguruan izan nituen. Nik asko jaso nuen eta zerbait eman izanaren esperantza dut».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!