Astebeteko hiru egonaldi egingo dituzte udan Ur Mara museoan

Jon Miranda Labaien 2021ko mai. 26a, 11:58

Sormenaren Kabia proiektuaren barruan eta aldundiaren laguntzarekin, lehen aldiz antolatu dituzte zientzia, natura eta artea uztartuko dituzten egonaldiak

Zientzia eta naturari lotutako esperimentazio eta prestakuntza artistikorako egoitzak antolatu ditu Ur Mara museoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Astebeteko iraupena izango duten hiru egonaldi desberdin egingo dira: uztailaren 25etik 31ra, abuztuaren 8tik 14ra eta abuztuaren 22tik 28ra. Ekainaren 25a baino lehen egin beharko dira izen emateak, www.fagus-alkiza.eus edota www.urma- ra.com atarietan.

Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusiak adierazi duenez, «Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat pozgarria da pandemia garai hauetan proiektu kultural berri bat martxan jartzeko aukera izatea. Kulturak inoiz baino beharrezkoagoa du erakundeon laguntza eta uste dugu sorkuntza artistikoa gizarteratu nahi duten ekimenak babestea garrantzitsua dela».

Sormenaren Kabia egonaldiak erakunde publiko eta pribatuen elkarlanari esker sortu dira. Izan ere, Ur Mara museoa eta Alkizako Udala elkar hartuta doaz eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izango du ekimenak.

Inaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak azaldu duenez, herritarrekin eta herriko eragileekin batera egindako gogoeta prozesu luze baten emaitza da Fagus-Alkiza herri proiektua, herriaren etorkizunaren nondik norakoak finkatzen dituena. «Hiru dira egitasmoaren zutabeak: natura, gizakia eta bi horien arteko harremanetik sortzen den kultura». Azken horri lotuta sortu zen Sormenaren Kabia beka 2018an, eta orain, Ur Mara museoaren gidaritzapean eta aldundiaren laguntzarekin sortu dira Sormenaren Kabia egonaldiak.

ASTEBETEKO HIRU EGONALDI

Ur Mara museoko arduradun Koldobika Jauregi eta Elena Cajaraville artistak izango dira Sormenaren Kabia egonaldietako parte hartzaileen tutoreak. Ikasleei euren sormen prozesuan lagunduko diete, bakarka zein taldean. Astebeteko egonaldi bakoitzean, gutxienez 7 eta gehienez 12 laguneko taldeak osatuko dira.

Jauregik egonaldi bakoitzean gai bat landuko dela eta aurtengoan materia, paisaia eta espazioa izango direla aurreratu du. Eskultorearen hitzetan, Ur Mara jakin-mina duten eta esperimentatu nahi duten pertsonentzako «laborategi moduko bat» izango da.

Sormenaren Kabia egonaldietan hainbat zientzia esparrutako adituek ere parte hartuko dutela aditzera eman dute antolatzaileek. Lehenengo ekitaldian, esate baterako, Ana Galarraga zientzia dibulgatzailea materiaz ariko da; bigarren astean Itziar Garate astrofisikariak espazioaz egingo du gogoeta; eta azkeneko egonaldira, Arantza Aranburu geologoa gonbidatu dute paisaiaz hitz egiteko. Zientzialari hauen laguntzaz aukeratutako gaiaren inguruan, hausnartu eta sorkuntza prozesuan sakontzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Jauregik, bestalde, jakinarazi du Juan Barbé papergile artisauak ere egonaldietan saio teoriko eta praktikoak eskainiko dituela. Eskultore alkizarrak azpimarratu nahi izan du pandemiak eragindako garai «trumoitsu» hauetan, aire zabalean lan egiteko aukera «paregabea» izango dutela ikasleek eta horretarako Ur Marak eskaintzen dituen espazioak baliatuko dituztela.

Egonaldietan parte hartu dezake adinez nagusia den eta interesa duen edonork. Artea, natura eta erronka berriak maite dituzten pertsonentzat «sekulako gozamena» izango dela nabarmendu dute antolatzaileek. Izena emateko epea irekita dago eta plaza guztiak agortu arte izango da inskribatzeko aukera. Edonola ere, izen ematea ekainaren 25aren aurretik egin beharko da eta ekainaren 11 baino lehen izena ematen dutenek %10eko beherapena izango dute prezioan. Sormenaren Kabia egonaldietan parte hartu nahi dutenek, Alkizan bertan ostatu hartzeko hainbat aukera izango dituztela ere azaldu dute.

Unai Sorarrain bideogile alkizarrak ikus-entzunezko lan batean Alkizako paisaia ederrak eta Ur Mara museoko txokoak erakutsi ditu Sormenaren Kabia egonaldien esentzia zein izango den argi adieraziz, musika eta irudi bidez. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!