Larreak bioaniztasunaren babesleku

Ataria 2021eko maiatzaren 7a

Fagus Alkiza interpretazio zentroak Hernio Gazumeko larretan dagoen bioaniztasuna ezagutzera emateko ibilbide gidatua antolatu du maiatzaren 15ean.

Alkizako Udala, Naturtzaindia Elkartearekin batera, larreak berreskuratzeko lanean ari da eta, besteak beste, orain arte egindako esku-hartzeen berri emango dute Naturtzaindiako kideak diren Iñaki Aizpuruk eta Jon Zulaikak.

Inguruko paisaian larreak ikustea ohikoa bada ere, goi mendietako larreak izugarri gutxitu dira. Abeltzaintzaren eta artzaintzaren gainbeherak larre hauen erabilera falta ekarri du eta asko ez dira kontserbazio egoera onean aurkitzen. Alkiza larreak berreskuratzeko lanean ari da, habitat hau animalia askoren babeslekua baita.

Heskaiak zer diren eta larreak zein animalientzako babeslekuak diren emango dute ezagutzara maiatzaren 15ean Alkizan. Goizeko 10:00etan Alkizako plazatik abiatuko dira eta bi ordu eta erdi inguruko ibilbidea egingo dute. Ura eta oinetako erosoak eramatea aholkatzen dute antolatzaileek.

Ezinbestekoa da aurrez izena ematea eta horretarako kultura@alkiza.eus idatzi beharko da edo bidali whatsappa 688 604 466 telefono zenbakira. Alkizarrek eta 12 urtez azpikoak doan izango dute ibilaldi gidatua eta gainerakoek 5 euro ordaindu beharko dituzte.



 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!