Erretratu Nomada proiektua Alkizan izango da

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 7a, 10:00
Argazkia: Nomad Studio

Maiatzaren 10etik 16ra alkizarrei erretratuak atera eta argazki artxiboa osatzen lagunduko dute Nomad Studioko kideek. Maiatzaren 7an, 17:00etan, proiektua aurkeztuko dute Alkizako elizan.

Eli Garmendia tolosarra eta Carlos Pericás argazkilariak dira. Bartzelonan hamabost urtez bizi ondoren, euren bizimodua errotik aldatzea erabaki zuten. Gauza materialekiko kateak apurtu, slow mugimendura gerturatu eta presarik gabe bizitzea hautatu zuten. Hala, autokarabana txiki batean, 17 hilabetetan hamar mila kilometro baina gehiago egin dituzte batera eta bestera bidaiatuz.

Argazki estudio ibiltari bihurtu dute euren bizitokia ere baden ibilgailua eta herriz-herri ibili dira erretratuak atera eta hamaika lagunen historiak eta istorioak ezagutuz. Nomad Studiok gaur egun, erronka bat du esku artean: Erretratu Nomada: Gipuzkoa egitasmoa. Garai bateko argazkilariek bezala, Gipuzkoako hainbat herritara joan nahi dute herritarrei erretratuak atera eta argazki artxibo bat osatzeko. Besteak beste, Alkizan izango dira. Maiatzaren 10ean iritsiko dira eta bertako plaza argazki estudio bihurtuko dute hilaren 16ra bitartean.

Maiatzaren 7an, 17:00etan herriko elizan, herritarrei euren proiektua aurkeztuko diete. 

Hurrengo asteetan eskualdeko beste hainbat herritara eramango dute proiektua. Besteak beste, Altzo, Baliarrain, Orendain eta Orexan izango dira ekaina bukaera bitartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!