Alkizako Udalak erretore etxea erosi du

Ataria 2021eko apirilaren 29a

Alkizako Udalak Gipuzkoako Eliz Barrutiaren jabegokoak diren Alkizako erretore etxeko hiru solairuak erosi ditu.

Alkizako Udala eraikina osatzen duten lau solairuen jabe egin da. Udalak kreditu baten bidez lortu ditu operazioa burutzeko beharrezko diru funtsak. Guztira 240.000 euro ordaindu ditu hiru solairuen truke. Eraikinaren erosketa eta 2021an egingo diren eraberritze lanak finantzatzeko Eusko Jaurlaritzaren Leader deialdiko diru laguntza lortzea espero du udalak.

Erretore etxea XIX. mendearen hasieran altxatutako lau oineko etxea da Alkizalete familiak finantzatu zuena herriko elizarekin eginiko akordio baten bidez.

Erretore etxean udalak euskara, kultura eta turismoa ardatz izango dituen egitasmoa jarriko du abian. Inaki Irazabalbeitia herriko alkateak adierazi duenez, "Erretore etxea gure herri proiektuaren ardatzetako bat izatea nahi dugu eta bertan bisitariak hartzeko gunea, barnetegia, Fagus-Alkiza interpretazio zentroa eta herri ostatua jartzeko asmoa dugu".

Proiektua osorik garatzeko eta azpiegitura osatzeko sei bat urteko epea aurreikusten du udalak eta diru inbertsio adierazgarria eskatuko du. 2021an burutuko den lehen fasean behe oineko komunak berrituko dira eta bertara Alkizako Kabia Gunea eramango da. 2022an eta 2023an eraikinaren irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko lanei ekitea aurreikusten da eta 2026-27an Herri Ostatua eta Fagus-Alkiza interpretazio zentroa bertan kokatzea nahi da.

"2021an bertan hasiko gara barnetegi zerbitzuak ematen, baina gure helburu nagusia da 2022an edo 2023an Erretore etxean Hezkuntza sailaren Euskal Girotze Barnetegietako bat Alkizan izatea berriz ere. Helburu horrekin ari gara lanean", esan du Irazabalbeitiak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!