Profesionalak eta zikloturistak, Alkizan gora

Ataria 2021eko apirilaren 8a

Itzulia Tolosaldetik igaro da, eta, besteak beste, jende ugari elkartu da Alkizako mendatean, horietatik asko bizikleta gainean igo direnak.

Ziztu bizian egin dute txirrindulariek eskualdetik bidea, eta aurrerapen handiarekin pasatu ere. Ordu erdi lehenago igaro dira Alkizatik, eta mendatean bertan sortu da etapako ihesaldia. Azkenean, baina, aurreko postuetako txirrindulariak izan dira etaparen lehian, eta Erlaitzetik behera aurrera egin du taldetxo batek, tartean gaur sailkapeneko lider jarri den Brandon McNulty bera. Azken esprintean bi euskaldun izan dira borrokan, eta gurpil bat baino gutxiagoko tartearekin Jon Izagirrek irabazi du, bigarren Pello Bilbao izan delarik.

Alkizako gainean txalo ugari eta animo oihu asko jaso dituzte txirrindulariek. Zale asko, gainera, bizikletaz igo du mendatea. Jon Irisarri leaburuarra ez da azkenean ihes eginda pasa eskualdetik, besteak beste, bere taldeko txirrindulari bat ihesaldian sartu delako. Hori bai, animoak ere jaso ditu Caja Rural-RGA taldeko txirrindulariak, tartean Alkizara bizikleta gainean igo diren bere kuadrillakoak, pankarta eta guzti. Irisarriren lagunak, gaur Alkizan ez ezik, bigarren etapan ere izan ziren, La Asturiana mendatean, animoak ematen kuadrillako txirrindulariari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!