Basoen Nazioarteko Egunaren inguruko egitaraua antolatu dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 10a, 13:08

Fagus Alkiza interpretazio zentroak hitzaldi bat antolatu du martxoaren 26an eta ibilaldi gidatu bat martxoaren 27an.

Martxoaren 21ean ospatzen da Basoen Nazioarteko Eguna. Fagus Alkiza interpretazio zentroak bat egin du egun horrekin eta egitaraua antolatu du.

Alkizan hainbat motatako basoak aurki daitezke, gehienak Garrantzi Komunitarioko Habitata bezala izendatuak, eta Euskal Herriko bioaniztasuna babesteko oso garrantzitsuak. Bertan pagadiak, hariztiak, urkidiak, baso nahasiak edo haltzadi bakan batzuk daude.

Hernio-Gazume Konserbazio Bereziko Eremua da eta Natura 2000 Sarean barruan kokatua dago. "Basoen erabilera intentsiboaren ondorioz, gaur egun mendian dauden zuhaitz masak txikiak dira eta egitura aldetik pobreak", esan dute Fagus Alkizako arduradunek. Beraz, Hernio-Gazume KBEko pagadien kontserbazio egoera hobetzea dute helburuetako bat. Horretarako, Naturtzaindiako biologo eta basozainek hainbat lan egin dituzte: hildako egur kantitatea gehitu dute zuhaitzak eraztundu eta botaz; basoetan soilguneak handitu dituzte; espezie exotikoak kendu dituzte (radiata pinua, alertzea...); eremu honetan nagusi diren pagadi eta hariztiei laguntzeko zuhaitz espezie egokiak landatu dituzte; zuhaitz lepatuak kontserbatzeko hainbat arbolatan interbentzioak egin dituzte, izaki bizidun askorentzat (ugaztunak, hegaztiak, intsektuak) habitat garrantzitsuak baitira.

"Basoak dira gizadiaren birikak eta euren baitan dago gizaki, animalia zein landareen biziraupena", esan dute Fagus Alkiza interpretazio zentroko kideek. Basoen Nazioarteko Eguna gogoan dutela, bi ekitaldi antolatu dituzte.

  • Martxoaren 26, ostirala

19:00. Fagus Alkiza zentroan Eukaliptoen eragina ingurumenean. Arturo Elosegi EHUko Ekologia saileko irakasleak eskainiko du.

  • Martxoak 27, larunbata

10:00. Alkizako plazatik abiatuta pago motzak ezagutzeko ibilbide gidatua egingo udte. Hernio-Gazume KBEn interes ekologiko handiko pago motz sail ederrak bisitatuko dituzte. Valentin Mugartza Aizkorri-Aratz natura parkeko zuzendariak egingo ditu gidari lanak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!