Erretore etxea erosi eta berrituko du Alkizako Udalak

Jon Miranda Labaien 2021ko ots. 2a, 10:29

Eraikinaren hiru solairu erosiko ditu udalak eta 260.000 euro gastatuko ditu, erosketa gauzatu eta lehen egokitzapenak egiteko

2021. ekitaldirako aurrekontua onartu berri du Alkizako Udalak. Orotara, 838.202 eurokoa izango da, iazkoa baino %39 handiagoa. Inbertsioen atalak izan du hazkunde handiena, udalak herriko plazan dagoen eta orain arte Donostiako Elizbarrutiarena izan den erretore etxea erostea erabaki baitu. 265.000 euroko inbertsioa egingo du eraikinean eta mailegu baten bidez finantzatuko du.

Inaki Irazabalbeitia alkatearen hitzetan, Alkiza bezalako herri batentzat orain da momentua etorkizuna «bermatzen eta indartzen» hasteko. «Pandemiak naturarekiko jarrera aldaketa ekarri du eta dei horri erantzunez geroz eta jende gehiago sumatzen dugu gurea bezalako herrietan. Aukera hori aprobetxatu behar dugu eta gure azpiegiturak prestatu behar ditugu jende horri harrera egiteko, beti ere ikuspegi jasangarri batetik. Ez ditugu turista autobuskadak nahi herrian. Naturaz eta kulturaz gozatuko duen bisitaria nahi dugu, gurean gustura egongo dena».

Azpiegitura horietako bat da erretore etxea eta horregatik erosi nahi du udalak. Erosketa gauzatzeko mailegua emateko prest hiru entitate agertu direla azaldu du alkateak eta hurrengo asteetan jasoko dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena, zorpetu eta mailegua eskatu ahal izateko. Inbertsioari aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza ere espero du udalak.

245.000 eurotan adostu dute salneurria Donostiako Elizbarrutiarekin, baina aurten, 20.000 euro inguruko inbertsioa ere egingo dute etxearen beheko solairuan dauden komunak egokitzen. Hurrengo bi urteetan eraikinaren irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa hobetzeko eta teilatuan eguzki plakak jartzeko lanak egitea aurreikusten dute.

BARNETEGIA JOMUGAN

Erretore etxearen lehen solairua udalarena da eta bertan daude kokatuta liburutegia eta salto gela deitzen diotena. Egin asmo duten erosketarekin beheko solairua, bigarrena eta ganbara erosiko ditu udalak. Guztira, 930 metro karratu dira. 2017ra arte, Hondarribira lekualdatu zuten arte, bigarren solairu horretan egon da kokatuta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren euskara barnetegia. «Alkizan barnetegi bat jartzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu, baita eskualde ikuspegitik ere, Tolosaldean ez baitago besterik. Ez da erreferentzialtasun kontua bakarrik, horrelako azpiegitura batek enplegua ere sortuko luke. Hasi gara Hezkuntza sailarekin harremanetan», esan du alkateak.

Barnetegia erabiltzen ez den garaian espazio hori aisialdi taldeei eta bestelakoei eskaintzea ere bada udalaren asmoa eta epe luzeagoan bisitariei begirako zerbitzu guztiak erretore etxean kokatzeko ametsa aipatu du Irazabalbeitiak. 8-10 urteko perspektibaz hitz egin du: «Udal zerbitzu guztiak, liburutegia barne, gaur egun udaletxea dagoen eraikinean kokatu nahi genituzke eta udaletxeko azpialdean dagoen ostatua eta ganbaran dagoen Fagus-Alkiza museoa erretore etxera aldatu. Bisitariarentzat erreferentziazko gune izango litzateke plazan dagoen eraikina».

Irazabalbeitiak uste du, turismo jasangarriaren ikuspegitik, Alkizak «puntako» azpiegitura bat izan dezakeela hemendik hamar urtera. «Gu bizi garen tokian bizi gara, Hernio mendiaren magalean, naturagune zoragarri batean eta ondare kultural eta tradizional aberatsa dugu. Guk ezin dugu industriagune erraldoien lehia horretan sartu eta ez da udal honen asmoa ere. Natura, gizakia eta kultura dira gure herri proiektuaren oinarri eta apustu hori egin nahi dugu. Natura eta ingurua zainduz, jendeari aukera eman paraje honekin goza dezan, modu egoki eta jasangarrian».

Hain zuzen, Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuan biodibertsitatea zaintzeko eta indartzeko hainbat esku hartze egiteko asmoa du Alkizako udalak 2021. urtean. Aurrekontuan 59.000 euroko partida gorde du horretarako eta alkateak aurreratu duenez, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzarekin finantzatuko da, «ia %100». Aurreko urteetako konpromisoari eutsiko diote, honenbestez.

Udalak Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuko bideen erabileraren inguruko arautegi bat ere onartu berri du azkeneko osoko bilkuran. Pistatik kanpo motordun ibilgailuak noiz ibili daitezkeen arautzen du ordenantzak. «Pistatik kanpo ibiltzea debekatuta egongo da, baina salbuespenak egon litezke, abeltzaintza eta nekazaritza lanei lotuta. Dena den, zirkulatu ahal izateko baimen berezia eskatu beharko da udaletxean eta udalak erabakiko du eskaera onartzeko modukoa den ala ez».

PLAN OROKORRA LANTZEN

Iaz hasi ziren Alkizan Plan Orokorra lantzen eta aurten arau subsidiarioak berrikusiko dituzte. Lanketa hori egiteko 35.000 euroko inbertsioa egingo du udalak. Bigarren fasea izango da aurtengoa eta plan orokorra 2023rako prest egotea espero du alkateak: «Indarrean daukaguna 1996koa da eta momentu honetan ez dago apenas aukerarik etxe berriak egiteko». Herri gaztea da Alkiza. Populazioaren laurdena, gutxi gora behera, 20 urtetik beherako da. «Gazte horiei aukera eman nahi diegu herrian bizitzen jarraitzeko. Etxebizitza berriak egin nahi ditugu, hemendik bospasei urtera».

Erretore etxearen erosketarekin, Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuan egingo diren interbentzioekin eta Plan Orokor berria garatzeko jarriko den diruarekin, 370.000 euroko inbertsioak egingo ditu udalak 2021ean. Hirukoiztu egin da atala iaztik hona.

GAKOAK

Erretore etxea. Donostiako Elizbarrutiaren jabetzakoak diren eraikinaren hiru solairuak erostea erabaki du udalak eta eraberritze lan batzuk egingo ditu 2021ean. 260.000 euro inguruko inbertsioa izango da eta mailegu bidez finantzatuko dira erosketa eta egokitze lanak. Besteak beste, beheko solairuan dauden komunak egokituko dituzte aurten. 2017ra arte bertan kokatuta egon zen euskara barnetegia berreskuratzea da udalaren asmoa.

Hernio-Gazume. Kontserbazio Bereziko Eremuaren biodibertsitatea zaintzeko eta indartzeko hainbat esku hartze egingo dituzte aurten. Guztira, 59.000 euro bideratuko dituzte lan horietara eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzarekin finantzatuko dira lan horiek.

Plan Orokorra.Alkizako Udalak 1996. urtekoa du aurreko plana eta iaz abiatu zuen plan orokor berria osatzeko prozesua. Aurten 35.000 euro bideratuko dituzte arau subsidiarioak egokitzera. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasotzea espero du udalak. 2023rako Plan Orokorra prest eduki nahi dute, epe ertainera etxebizitza berriak egin ahal izateko. Populazioaren laurdena 20 urtetik beherako da Alkizan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!