Sormenaren Kabiak aurten eman duena jendaurrean erakutsi dute

Ataria 2020ko abe. 19a, 11:58

Idoia Unzurrunzaga Llach argazkilariak eta Maria Andres Sanz dantzariak irabazi dute aurtengo Sormenaren Kabia beka. Iraila eta azaroa bitartean Alkizan izan dira euren proiektua burutzeko eta Unai Sorarrain bideogile alkizarra bidelagun izan dute.

Ostiralean jendaurrean aurkeztu zuten Alkizako egonaldian zehar egin dutena. Sorarrainek ekoiztutako ikus-entzunezkoek artista bakoitzaren lana laburbiltzen dute eta horiek ikusi ondoren, artistek euren esperientziaz hitz egin zuten jendaurrean.

Idoia Unzurrunzaga Arte Ederretan lizentziaduna da eta ikus-entzunezkoan espezializaturik dago. Eskola ezberdinetan argazkigintza ikasle izan ondoren, arkitektura, makro eta erretratu argazkilari profesional bezala dihardu. Hainbat enpresekin kolaborazioak egiten ditu eta bere argazkietan oinarrituz produktuak diseinatzen ditu. Alkizarrek bere ingurunearekin zer nolako harremana duten aztertu nahi izan du donostiarrak. Horretarako, egonaldian zehar, Alkizako bost auzoetan bizi diren hainbat bizilagunekin ibilbideak egin ditu. Hernio mendiaren magaleko paraje ederrak eta alkizarren ohitura eta pasarteak ezagutu ditu Unzurrunzagak. Herritarren ahotsek, naturaren soinuek eta parajeen edertasuna islatzen duten argazkiek osatuko dute bere lana. Hemen Unai Sorarrainek prestatu duen bideoa.

Artista bisuala, koreografoa, aktorea eta ikertzailea da Maria Andres. Dantza Garaikidean eta Arte Ederretan lizentziaduna da eta egun Euskal Herriko Unibertsitatean ikerketak egiten ari da. Bakar Bat izeneko proiektuari esker, Sormenaren Kabia beka eskuratu du bizkaitarrak. Hiriko zurrunbiloarekin gogaiturik, Alkizako parajeetako giro baketsuaren bila etorri da Maria Andres. Bakardadeaz gogoeta egin du, bai bakarrik, baita herritarrekin batera ere. Hainbat grabazio egin ditu alkizarrekin batera eta amaieran, bildutako osagaiekin dantza pieza bat osatuko du. Gainera, Bakar Bat dantza pieza sortzeko prozesuak beste proiektu independente bat garatzeko bidea ere eman dio. Ione Iruretagoiena diseinatzailearen laguntza izan du abentura berri horretan. Hemen Unai Sorarrainek prestatu duen bideoa.

Aurtengo Sormenaren Kabiak zer eman duen aurkezteko ekitaldian izan ziren epaimahaikideak ere. Hala nola, Aizpea Goenaga zinema-zuzendari, idazle eta aktorea; Koldobika Jauregi eskultorea; Nagore Legarreta argazkilaria eta Xabier Artola informatikan doktorea eta argazkilaria.

Erlazionatuak

Maria Andres Sormenaren Kabia 2020

Erabiltzailearen aurpegia Unai Sorarrain 2020 abe 19 Alkiza

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!