BABESTUTAKO EDUKIA

Baserrira etorri mundura txakolina eramateko

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 13a, 11:58
UNAI SORARRAIN

Munduan egoteko tokia dute Alkiza; Ardogintzan aritzeko bidea txakolingintza; eta burujabe izateko modua mahastigintza. Inazio Urruzola upategian egindako txakolinek gauza asko kontatzen dituzte eta egiten duten hori erakutsi nahi diete bisitariei Garaikoetxea baserrian. Biziraungo badu oinordetzan jasotako ondareak ezinbestekoa du eraldaketa, sagastietatik mahastietara, ardoak egiten baitu Hernio azpiko toki hau unibertsal.

Garaiko izenarekin 1348. urtekoak dira baserriaren inguruan topatu dituzten lehenengo dokumentuak eta XV. mendekoa da eraikinaren hezurdura osatzen duen dolarearen lehen aztarna. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Ibon Telleria arkitektoak zuzendu eta Xabier Olaizola Txikerra-k gidatuta, dolare hori berreskuratzeko lanean ari dira azken bi urteetan. Eraikina biluztu eta bihotza atera. Etxeak berak markatzen dio upategiari erritmoa eta baserriaren inguruan batu nahi dituzte proiektuaren baloreak, misioa, bisioa eta taldea. Garaikoetxea baserrian dute burujabe izateko modu bakarra eta Garaikoetxeatik baino ezingo dira mundura zabaldu.

Inazio Urruzola zenaren seme Xabier Urruzolak eta Garazi del Reyk osatu duten familiak eusten dio proiektuari 2013tik. Hiritik baserrira salto egin eta bizitokia Alkizan finkatzearekin batera, bizimodua hautatu zuten eta lurrak emandakotik bizitzea aukeratu. Lehen pinudi eta sagasti ziren lur sailak mahasti bihurtu eta lurraren zaintza organikoago baten bidean pausoak ematen ari dira. Horretarako prozesu naturalagoak erabiliz eta taldera lurrarekin lotura estua duten langileak batuz. Ardo biodinamiko eta ekologikoagoak lortzeko lehenengo urratsa da hori.

Txakolingintza ardogintza prozesu bat bihurtzeko bidean dira Inazio Urruzola upategian. Konplexuetatik ihes egin, txakolinak azken hamarkadetan izan duen irudi txarra astindu eta maila handiko ardoa egin daitekeela uste dute. Jatorrizko Hondarribi zuri mahats barietateak ematen du horretarako aukera: freskoa da, txinparta duena, azidotasuna sortzen du eta bertakoa da; ezin daiteke beste inon topatu. Ardoen unibertso horretan egoteko modua da txakolina.

Urruzolatarrak Alkizara etorri dira munduaren erdian egoteko eta Alkizatik ari dira munduarentzat ardoak egiten. Ekoizpenaren %55a kanpora esportatzen dute: Japonia, Kanada, AEB, Mexiko, Txile, Herbehereak, Frantzia... Internazionalizazioa ez da, soilik, salmentara mugatzen, egiteko moduetan ere coupage-a landu dute. Nazioarteko Helpx programaren bitartez askotariko jatorria duten pertsonak aritu dira lanean Garaikoetxea baserriko mahastietan, programa honetan parte hartzen duten ustiategien artean bisitatuenetako bat izatera iritsiz. Parte hartzaileek ostatua eta esperientziaren truke jarduten dute Alkizan.

 

Inazio Urruzola upategian orain arte sortu dituzten ardoak: txakolin txuria, txakolin gorria, Ernio txakolin berezia eta Juanita aparduna

 

Izan ere, Inazio Urruzola upategiak esplorazio toki bat izan nahi du, pertsonala bezainbat, mahastigintza eta ardogintza esperientzia bat. Getariako Txakolina jatorrizko izendapenaren barruan, Hondarribi zurirekin batera aukeran dauden gainerako mahats-barietateak ere lantzen dituzte Garaikoetxea baserriko lurretan. Haiekin jolas eginez sortu dituzte, momentuz, ondorengo ardoak: txakolin txuria, txakolin gorria, Ernio txakolin berezia eta Juanita aparduna. Eta etorriko direnak...

Mendeetako tradizioa duen upategi berria da Inazio Urruzola. Ohiturak sagarra agintzen bazuen ere, bihotzak eta senak mahatsera eraman ditu eta belaunaldi askoren jakintza jaso dute, garaiko produktu bat egiteko. Online eskuratu daitezke bertan egiten dituzten ardoak, www.inaziourruzola.eus dendan. Eta Xabier Urruzola eta Garazi del Reyren ahotik ardo horiek kontatzen dutena entzuteko aukera dago Garaikoetxean bertan, Alkizan. Gastronomia, ardoa eta artea uztartzen dituen espazioa zabalik dago Hernio magalean, Oteizaren obran oinarrituta eta Angel Uranga eta Koldobika Jauregiren lanekin apaindua. Erreserbak: 688 84 46 67 telefonoan edo erreserbak@inaziourruzola.eus helbidean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!