Klasikoan ere, genero iraultza

Jon Miranda Labaien 2020ko aza. 27a, 07:59

Musika klasikoan, geroz eta ezohikoagoa da soilik gizonezkoez osatutako orkestrak ikustea. Hala ere, instrumentuen aukeraketan generoak oraindik ere pisu handia duela uste du Shrabani Aranzabek. Txikia zela hasi zen dultzaina jotzen eta neska bakarrenetakoa zen. Orain ikasketak egiten ditu Musikenen eta ikaskide gehienak emakumezkoak ditu.

Ikasketa prozesu ia guztia mutilen artean egin du Shrabani Aranzabek (Alkiza, 1999). Hala ere, etorkizunera begira baikorra da, ikaskide gehienak emakumezkoak dituelako Euskal Herriko goi-mailako Musikene musika ikastegian. «Musika klasikoan orain arte gizonezkoei eman zaie ikusgarritasuna baina pixkanaka ikuspegia aldatzen ari dela uste dut. Lan handia dagoela egiteko? Bai, baina bidean goaz», esan du Aranzabek.

Umea zenetik lotura estua izan du alkizarrak musikarekin. Eresargi Txiki abesbatzan kantatzen hasi eta Loatzo musika eskolan egin zituen lehenengo ikasketak. Gitarra, pianoa eta dultzaina aukeratu zituen: «Nabarmena da haize instrumentuetara gehienbat mutilak animatzen direla. Dultzainarekin, hamarreko taldean ni izaten nintzen neska bakarra edo asko jota beste bat izaten nuen alboan». Harizko instrumentuetara neska gehiago animatzen direla dio Aranzabek, «baina gehienbat biolinarekin edo biolarekin». Kontrabaxuan gehienak mutilak dira. «Musikenen, esate baterako, lau mailak kontuan hartuta, uste dut kontrabaxua ikasten neska bakarra dabilela».


Emakumezkoen artean musika munduan ibilbide oparoa egiteko aukeraren aurrean etsipena nagusitzea ez da harritzekoa, baina gustuko duzun horren alde gogor egitearen aldekoa da Aranzabe: «Nik, adibidez, urteak eman ditut dultzainarekin eta iritsi zen momentu bat ezin izan nuena goi mailako ikasketarik egin instrumentu horrekin, ez baitago musika ikastegietan, eta ez delako instrumentu global bat, autoktonoa baizik. Hala ere, ez nuke ezerengatik aldatuko dultzainarekin bizi izan dudan guztia eta instrumentu horrek oparitu didana. Iñaki Salvador irakasleari zor diot guztia. Ez nintzateke gaur egun naizen musika irakaslea izango, bera nire irakasle izan ez balitz».


Musikaren pedagogian

Musikenen musikaren pedagogian ikasketak egiten dituen bitartean irakasle dabil Aranzabe. Dultzaina, kantua, pianoa eta musika hizkuntza eskolak ematen ditu. Musika ikasketak amaitu eta etorkizunean arlo horretan gehiago sakondu nahi luke. «Uste dut musika irakasleok oinarri sendo bat eduki behar dugula irakasteko eta ahalik eta erreminta gehien izan behar dugula eskura, modu ezberdinetara erakusteko gai izan gaitezen. Ikasle batekin balio dizun metodoak, beste batekin ez dizu funtzionatuko. Orain arteko musika irakaskuntzak ikasle guztiak zaku berean sartzen zituen eta horregatik askotan etsitzen zuten ikasleek».

Musika ikasketek, eta oro har, musikari lanbideak gizartean duen aitortza faltarekin kezkatuta dago Aranzabe: «Badirudi afizioa baino ez dela musika, aurrena lanbide bat edukitzeko ikasketak egin behar dituzula eta libre geratzen zaizun denbora eskaini diezaiokezula musikari. Berriki gertatu zait pianoa ederki jotzen duen ikasle batekin. Ikasketekin jarraituko ote duen galdetu eta asmorik ez duela erantzun zidan. Uste dut jarrera hori aldatu behar dugula».

Aranzabek berak euskal filologia, ingeles filologia eta hizkuntza modernoen gradu bikoitza hasi zuen Donostian, baina berehala konturatu zen musika ikasketak egin nahi zituela. «Niretzat afizioa hizkuntzak dira, baina nire bizitzeko modua musika da. Argi eduki nuen eta inguruak babestu ninduen».

Badaki, gainera, gaur egun ikasle dituen neska gazteentzat erreferente izan daitekeela: «Nik dultzaina taldean inguruan gizonezkoak baino ez nituen izan, musika ikasketetarako sarbidea prestatzeko irakasle izan nuena gizonezkoa zen eta nik kantatu dudan abesbatza guztietako zuzendariak gizonezkoak izan dira». Horregatik, besteak beste, haur abesbatzen zuzendaritza ikasketak egin izan ditu. «Segovian izan naiz ikasketak egiten eta Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak antolatutako ikastaroetan parte hartu izan dut. Haur abesbatzak zuzentzerako orduan emakumezkoak egoten gara, baina kontuak aldatu egiten dira helduen abesbatzetan edo are gehiago orkestra zuzendaritzetan. Ia ez da neskarik egoten».

Ate hori ere ez du ixten Aranzabek, noizbait egin nahi lituzke orkestra zuzendaritza ikasketak, baina bien bitartean Euskal Herriko Gazte Abesbatzan kantuan jarraituko du eta ikasketak amaituko ditu Musikenen. «Ikusiko dut etorkizunean zer egin baina musika munduan jarraituko dut. Uste dut pandemia garai honek erakutsi duela gertatzen dena gertatuta ere, musikak aurrera jarraitzen duela, eta guk musikariok dugula horri bultzada emateko ardura».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!