«Bakardadea oso erlazionatuta dago maitasunarekin»

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 12a, 11:59

Maria Andres dantzariak 'Bakar bat' kaleko dantza pieza sortzeko baliatu du egonaldi artistikoa; bakardadeari buruzko gogoeta da ikuskizunaren oinarria eta Alkizako parajea baliatu du gaiari buruz hausnarketa egiteko

Sormenaren Kabia izeneko egonaldi artistikoak eskaintzen duen hiru asteko tartea luzatzea erabaki du Maria Andres Sanzek (Mungia, 1987). Aurreko egunetan bildutako materialarekin lanean dabil, Alkizako liburutegi ondoko salto gelan atondutako dantza estudioan.

Koreografo, ikertzaile eta dantzaria zara. Zein izan da zure ibilbidea?

Txikitatik egin izan dut dantza. Amak lagunduta Bilbora joan eta Matxalen Bilbaorekin hasi nintzen dantza garaikidea egiten. Esan behar dut bihotzean daramadala pertsona hori, dantza beste modu batera ikusten lagundu zidalako. Handik Madrilera joan nintzen foru aldundiko beka bati esker, eta dantza ikastearekin batera, Arte Ederrak egin nituen. Beti egon naiz bi arteen artean eta garaiaren arabera arreta handiagoa eskaini diot bati edo besteari. Ikus-entzunezko arloa eta batez ere argazkilaritza landu ditut. Arte bisualeko lanak eginak ditut eta bere garaian Bartzelonako galeria batekin egin nuen lan. Erakusketa ezberdinak egin ditut eta sariren bat edo beste ere eman didate. Orain artista bisualaren kontua baztertuta daukat eta dantzan nago zentratuta.

Nola izan zenuen Sormenaren Kabia bekaren berri?

Iaz ikusi nuen Arte Ederren fakultateko buletin batean eta pentsatu nuen naturaren inguruko zerbait egitea polita izan zitekeela. Momentu horretan ez neukan gisa horretako proiekturik buruan eta albo batera utzi nuen. Aurten, proiektu handiago bat lantzen ari naiz, dantzaren bitartez nire esentzia propioa bilatzeko. Sormenaren Kabia beka eskuratu duen proiektua, beste egitasmo handiago horren seme bat dela esan daiteke.

'Bakar bat' proiektua aurkeztu zenuen Sormenaren Kabian.

Bai. Bakardadeari buruzkoa da. Gogoeta lehenagotik dator, baina bizi izan dugun konfinamenduan erabat garatu dut ideia.

Nola antolatu duzu egonaldia?

Hiru aste oso motz geratzen dira. Lehenengo astean bakardade prozesu batean murgildu nintzen. Bakarrik egoteko aprobetxatu nuen, inolako kontakturik gabe, hitz egin gabe, teknologiarik gabe, Internet, telebista, ordenagailu eta mugikorrik gabe. Konfinamenduan bizi izan genuen isolamendua harago eraman nahi nuen. Batez ere, yogako teknika batzuk erabiltzea interesatzen zitzaidan. Vipassana izeneko erretiro espiritualean hamar eguneko topaketa bat egiten da, non jendeak ez duen elkarrekin hitz egiten. Esperientzia horren oinarriak dantza prozesura ekarri nahi nituen. Estudioan yoga eta dantzaren arteko hibridoa diren teknikak erabili nituen. Bigarren astea, Alkizako herritarrei elkarrizketak egiteko aprobetxatu nuen, beti ere, bakardadeari buruz zuten iritzia jakiteko. Bi asteetan lortutako materialarekin, lehen astean grabatutako bideoekin eta bigarren asteko audioekin, sormen prozesua abiatu dut. Kalerako dantza pieza bat eraikitzea da asmoa, non audioan eta musikaren barruan elkarrizketa hauek egongo diren.

Herriko eragileekin hartu-emana izan duzu. Emankorra izan al da?

Bai. Adin eta klase guztietakoak aukeratu ditut elkarrizketetarako. Geroz eta jende ezberdinagoa orduan eta gehiago aberasten da ikuspegia. Herritarrekin tailer bat ere egin dut eta eraman dudan prozesua erakutsi diet. Koldobika Jauregirekin ere izan nintzen aurrekoan Ur mara museoan eta azken aste honetan Jone Iruretagoiena arropa diseinatzailearekin nago harremanetan. Unai Sorarrain herritarra ari da prozesu guztia jarraitzen eta iruditu zitzaigun osatuko duen erreportajea ixteko Joneren jantziekin basoan hartutako irudiak baliatu genitzakeela.

Zein ondorio atera dituzu bakardadearen inguruan?

Bakardadearekiko dauzkagun ideiak oso ezberdinak dira norberak izandako esperientzien arabera. Pertsona batetik bestera asko aldatzen da kontzeptua. Ikusi ahal izan dudan gauza ederrenetako bat izan da bakardadea oso erlazionatuta dagoela maitasunarekin. Ez beste pertsonekiko, baizik eta norberak bere buruarekiko duen maitasunarekin du zerikusia bakardadeak.

Aurreratu dezakezu nolakoa izango den prestatuko duzun dantza pieza?

Aipatu bezala herritarrekin egindako elkarrizketen audioak joango dira dantzan, eta bestalde, Klaus Ratzekin ari naiz lanean. Alemaniarra da eta orkestra batean kontrabaxua jotzen du. Musika elektronikoa ere egiten du eta bere pieza batzuk, hitza eta musikaren artekoak dira. Oso ondo datozkit Bakar bat lanerako.

Sormen lana egiteko Alkiza toki aproposa iruditzen zaizu?

Bai. Izugarrizko ingurunea da. Aurreko astean Unairekin argazki batzuk egitera joan eta ardi bat ikusi genuen kumea izan berritan. Niretzat oso esperientzia magikoa izan zen hori ikustea. Gaur egun beste mundu batean bizi gara eta hori guztia galdua dugu. Bizitza errealago batera itzultzeko aukera eskaintzen digu Alkizak. Gaur egun, sarean gaude, gure alter egoak ditugu online, eta horregatik bilatzen nuen nik konexio hau berreskuratzea.

Gustura al zaude sortu zaizun aukera honekin?

Prozesuarekin oso kontentu nago eta laguntza izugarria jaso dut. Badaude sormenerako eskaintzen diren beste espazioak, Alkizakoa bezalakoak, baina gutxi dira. Bilatuz gero topatuko dituzu, baina beste arloekin alderatuz gero, gutxi dira.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!