Kultur ekintzak antolatu dituzte urrirako Alkizan

Ataria 2020ko urriaren 1a

Beharrezko segurtasun eta higiene neurriak aintzat hartuz, urrian zehar hainbat jarduera egingo dituzte.

Osasun egoera dela-eta, antolatutako ekintzetan parte hartzeko aurrez izena eman behar da. Ekitaldiaren unean bertan plazak badaude, hauek agortu arte sartu ahal izango da eta segurtasun eta higiene neurriak bete beharko dira. Izen emateak, kultura@alkiza.eus helbidean edo WhatsAppez 688 60 44 66 telefono zenbakian.

"COVID 19aren pandemiak dena hankaz jarri duen garai  trumoitsu hauetan,  kulturak bizirik irautea nahi dugu. Horrexegatik, poliki-poliki, hasi gara ekintzak antolatzen", aipatu dute Alkizako Udaletik.

Hau da antolatu duten egitaraua:

Urriak 2, ostirala

17:00. Elizan Ameli & Xirrikituen jostunek ipuin kontaketa saioa izango da.

Urriak 16, ostirala

19:00. Elizan Zuhaitz lepatuak: itzalitako ogibide baten lekuko biziak hitzaldia emango du Alvaro Aragon historialariak.

Urriak 17, larunbata

10:00. Plazatik abiatuta, Olatzazpiko koba txukunduko dute auzolanean. Aranzadi zientzia elkarteko Jesus Tapia arkeologoaren gidaritzapean egingo dituzte lanak.

Urriak 24, larunbata

10:00. Plazatik abiatuta ibilaldi gidatua egingo dute. Galdutako usadioak ahaztu ez daitezen, konta dezagun ondarea izenburupean.

Urriak 30, ostirala

19:00. Elizan Asier Hilario Orus EHUko Geologia doktoreak hitzaldia eskainiko du: Klima atzo eta gaur. Alkizako historia geologikoa izenburupean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!