Bat bakarra eta guztiak

Jon Miranda Labaien 2020ko ira. 11a, 07:59

Donostiako Kubo-Kutxa aretoan Alkizan bizi den Juan Luis Goenaga artistaren atzera begirako erakusketa zabaldu dute; 50 urtetako ibilbide artistikoa biltzen du eta urtarrilaren 10a bitartean izango da ikusgai.

Sei gune tematikotan dago antolatuta erakusketa eta elkarren segidan daude lanak, egilearen irakurketa kronologikoa eta bere obraren garapena ikusi ahal izateko. Azken 50 urteetan egindako margolanak bildu eta antolatu ditu Mikel Lertxundi Galiana komisarioak. «Hala ere, aretoak aukera ematen dio ikusleari atzean utzi duena eta aurrean daukana ikusteko, eta horri esker, Goenagaren lanetan joan-etorrian dauden gaiak ikusi ahal izango ditu».

Donostian jaio zen Juan Luis Goenaga 1950. urtean eta haurtzaroko eta nerabezaroko olio pinturetan dagoeneko antzematen zitzaion joera espresionista. 60ko hamarkadan bere sorkuntza lana euskal errealitate existentzialarekin errotzeko ahalegina egin zuen eta Alkizako Otsamendi etxean hartu zuen bizilekua. Hernio-Gazumeko parajeetan barrena ibili, naturan esku hartu eta argazkiak ateratzen zituen egunez (artistak berak errebelatutako lau argazki ikusi daitezke erakusketaren hasieran), eta gauez saiatzen zen ikusitako horrek eragindako sentsazioak pintura eta marrazkiaren bitartez esplikatzen. Jose Migel Barandiaranek jasotako mundu mitologiko eta sinbolikoan zuen interesa. Hasierako bolada horretan egindako margolanak Naturaren murgiltzea gunean daude ikusgai. Azpimarratzekoak dira, Itzalak (1972-1973), Belarrak (1973-1975) eta Sustraiak (1974-1976) serieak.

«Jakintza entziklopedikoa du Juan Luisek», aipatu du aurkezpenean Lertxundik. «Kate begi bat gehiagotzat du bere burua, kobazuloko artetik hasi eta XX. mende erdialdera arte. Pintore horiek guztiek aurkitutako soluzioak baliatu ditu bere sorkuntza lanean». Artistak berak aitortu du bere ibilbidearen hasieran Italiara egindako bidaiak eta han ezagututako pintoreek zenbateko arrastoa utzi zuten bere egiteko moduan. Areto horretan bertan ikusgai dagoen Abstracción en grises (1975) lanari begira egin du aipamena.

Juan Luis Goenaga: «Bizi guztia daramazu margotzen baina pintura benetan zer den 70 urterekin hasten zara ulertzen» 

Koadro horretan eta 70eko hamarkada bukaeratik aurrera egindakoetan, naturako elementu horien artetik azaltzen hasten dira irudiak eta erakusketaren bigarren gunean Giza irudia eta errebelazio urbanoa izenekoan presenteago egiten dira. Abstrakzioa eta figurazioa, konstanteak izango dira Goenagaren ibilbidean, «aldi berean nahastuko ditu». Alkizatik Donostiara aldatu zen artista eta 80ko hamarkadako lanei pop ukitua sumatzen zaie; kolore biziagoak erabiltzen ditu artistak baina bere horretan darrai bere pintzelkadaren kemenak eta dinamismoak. Motiboak ere aldatu egiten dira: bikoteak ageri dira, paisaia urbanoak, eguneroko eszenak... Profiden (1978), Antropomorfos y Androginos (1978-1979), Basoan dantzan (1979-1980) eta Katastrofes (1980) bildumetan ikusi daiteke hori.

1983. urtetik aurrera aldaketa dator Juan Luis Goenagaren bizitzara eta Unibertso intimoa gunea da horren erakusgarri. Alkizara itzuli zen artista eta Urruzola Asti baserrian jarri zen bizitzen familiarekin batera. Garai hartako koadroetan familia eszenak, eguneroko bizitzako objektuak eta autorretratuak ageri dira.

Juan Luis Goenagak atzera begirako erakusketaren aurkezpenean esan du, asko jota, lau edo bost gai nagusi lantzen dituela bere margolanetan. Geologia da gai horietako bat. Arrokak, fosilak eta mineralak funtsezko inspirazioa dira artistarentzat, bereziki, 1991. urtetik aurrera. Ordutik aurrera, indar handiagoz itzuli zen arkaikoaren eremura. Romanico eta Arkeolojiak sailak dira adibidea, Labarren inspirazioa gunean ikusi daitezkeenak Kubo-Kutxa aretoan.

Eta hortik aurrera, XXI. mendean sartuta, substratu arkeologikoa oinarri gisa hartuta, beste motibo batzuk tartekatu eta kolorean ere berrikuntza nabari da Goenagaren koadroetan. Abstrakzioa versus figurazioa gunean ikusi daitezke azken urteetako lanak. Mostra honetako lanik koloretsuena, akaso, izenbururik gabeko 1995. urteko obra da, erakusketarako aukeratu duten koadro erotiko bakarra. Artistak berak dio tematika horrekin beste erakusketa oso bat antolatzeko adina material baduela etxean. Pintzelkada horiak ageri dira koadroan, suelto, mugimendua balego bezala. «Goenagaren obra guztian erritmoa eta dinamismoa nabari dira, bai pintzelkadan eta baita konposizioan ere», aipatu du Lertxundik, eta albotik artistak, aitortu du maiz musika irratian jarri eta dantzan ari dela pintatzen dituela koadroak.

Kobazulotik paisaiara gunean bildu dituzte Goenagaren azken urteetako lanak. Aretoan zintzilikatuta ikusiko ez balitu, tailerrean koadro horiek lantzen arituko zen, Lertxundik aipatu duenez, «atzaparretatik kendu egin behar zaizkio Juan Luisi koadroak, bestela etengabe itzultzen da horietara». Goanagak ere aitortu du norbaiten etxean ikusten dituenean bakarrik ematen dituela obrak bukatutzat. Gune honetan 1980. hamarkadan Parisen hasi eta iaz bukatu zuen lan bat ikusi daiteke. Geruza, geruzaren gainean.

Bukatzeko beste areto batean, 50 urteotako ibilbidean paper gainean egindako obrak jaso dituzte. Margolari gehienentzat marrazkiak eta akuarelak prozesuaren aurre lana izaten dira, baina Goenagaren kasuan olio-pinturetako formen eta gaien definizioaren ondorio bezala ageri dira askotan. Gune honen sarreran, gainera, 1966tik 2018ra bitartean egindako autorretratu sorta ikusi daiteke.

Erakusketaren aurkezpen ekitaldian Juan Luis Goenagak berak nabarmendu du, inoiz ez duela aurretiaz planteatzen ez zer pintatuko duen, ezta nola pintatuko duen ere: «Mantxa bat da abiapuntua. koadroak azaldu egiten dira», esan du. Pintura «autonomoa» dela azpimarratu du artistak, eta momentuko aldarteekin zerikusi gutxi duela uste du: «Bizi guztia daramazu margotzen baina pintura benetan zer den 70 urterekin hasten zara ulertzen».

Lertxundik 2018an kaleratu zuen artistaren orain arteko ibilbidea jasotzen duen Goenaga izeneko liburua eta orduan hasi zen gorpuzten atzera begirako erakusketaren ideia. Aurten, hain justu, 25 urte betetzen dira Goenagaren azkeneko atzera begirakoa antolatu zela Gipuzkoan. Koldo Mitxelenan erakutsi zen eta Edorta Kortadi izan zen komisarioa. «Errebisio bat beharrezkoa zen», aitortu du Lertxundik. Bere aldetik, Ane Abalde, Kubo-Kutxa aretoko zuzendariak ezin aproposagoa iritzi dio atzera begirako honi, sei hilabetez itxita egon den erakusketa aretoa berriro zabaltzeko. Gainera, Donostiako Zinemaldiaren bezperetan ireki nahi izan dute, Woddy Allenek bertan estreinatuko duen Rifkin's Festival filmari keinu eginez. Allenek Goenagaren koadroak eta tailerreko materiala baliatu ditu pelikulako hainbat pasarteetan.

Artistaren bildumako lanak, 26 bilduma partikularretakoak beste hainbat erakundetakoak bildu dituzte erakusketan (Gipuzkoako Foru Aldundia, D´Museoa, Artium, Bilboko Arte Ederren museoa, San Telmo, Kutxa Fundazioa...). Guztira 128 lan dira. Donostiako Kubo-Kutxa aretoan asteartetik igandera ikusi ahal izango dira 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Bisita gidatuak egingo dituzte erakusketan zehar, larunbatetan 17:30ean euskaraz eta 18:30ean gaztelaniaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!