Sormen Kabia bekari esker, argazkia eta dantza izango dira protagonista

Tolosaldeko Ataria 2020ko ira. 9a, 19:59

Idoia Unzurrunzaga eta Maria Andres dira Sormenaren Kabia beka jaso dutenak; iraila eta azaroa bitartean Alkizan izango dira euren proiektuak burutzen.

Sormenaren Kabia bekak baditu irabazleak: Idoia Unzurrunzaga argazkilaria eta Maria Andres dantzaria. Iraila eta azaroa bitartean Alkizan izango dira euren proiektuak burutzeko. Gaur goizean elkartu dira biak Alkizan bertan, eta Iñaki Irazabalbeitia Alkizako alkatea, Edurne Ayuso Kultur eta Turismo teknikaria eta Koldobika Jauregi epaimahaikidearekin batera, bekaren eta egingo dituzten proiektuen inguruko xehetasunak eman dituzte.

Alkizako Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, artistek hausnartu, sortu, esperimentatu eta esperientziak partekatzeko egonaldia sortu zuen 2018an. Ekainean artistentzako egonaldien hirugarren edizioan parte hartzeko deialdia egin zutenetik, aleka-aleka jaso dituzte proposamenak, 15 orotara. Antolatzaileek azaldu dutenez, «emakume aurpegia» du aurtengo ekitaldiak ere, izan ere, jaso dituzten proposamenetatik bederatzi emakumezkoak baitira. Aurkeztutako proiektu gehienak Euskal Herriko artistenak izan direla azaldu dute, baina Txile, Ekuador eta Bartzelonako hautagaien proposamenak ere jaso dituztela argitu dute.

Aurten, ahalegin berezia egin dute antolatzaileek egonaldia bi astetatik hiru astetara luzatzeko, horrela aukera izango dute egonaldiaz «gehiago gozatzeko». Era berean, antolakuntzak «izugarri estimatu» du hautagaiek Alkiza ezagutzeko eta alkizarrak euren proiektuetan inplikatzeko «aparteko ahalegina» egin izana.

Dantzariak, koreografoak, informatikariak, aktoreak, ilustratzaileak, bitxigileak, zinemagileak, antzerki sortzaileak… denetariko profesionalen lanak jaso dituzte. Eta horiek epaitzen aritu dira Aizpea Goenaga, Koldobika Jauregi, Nagore Legarreta eta Xabier Artola. Hirugarren edizioko maila «igo» egin dela esan du Jauregik, «profesional askok egin baitituzte proposamenak». «Zalantza gutxi izan ditugu irabazleak hautatzerakoan». 

Bi artista, bi proiektu
Bata argazkigintzari lotuta, eta bestea dantzari lotuta. Bi proposamen erabat ezberdin landuko dituzte bi artistek, Alkizan egingo duten egonaldian. Artista bakoitzak mila euroko beka bana jasoko dute proiektua egiteko. 

Maria Andres Donostian bizi den mungiarra, hiriko zurrunbiloarekin gogaiturik, Alkizako parajeetako giro baketsuaren bila joango da. «Nire esentzia aurkitu nahi dut», zioen. Bakardadeaz egin nahi du gogoeta; bai bakarrik, eta baita herritarrekin batera ere, «berriz mugimendura eta gorputzera eramateko bakardade hori». Lehen astean isolamendu prozesu bat egingo du, eta bigarren astean hainbat grabazio egingo ditu alkizarrekin batera bakardadeari buruz hitz egiteko, eta amaieran, bildutako osagaiekin dantza pieza bat osatuko du.

Idoia Unzurrunzaga donostiarrak, aldiz, alkizarrek bere ingurunearekin zer nolako harremana duten aztertu nahi du. Horretarako, egonaldian zehar, Alkizako bost auzoetan bizi diren hainbat bizilagunekin ibilbideak egingo ditu. «Laguntzen nauenak bere protagonismoa izango du, berari esker ezagutuko baitut herria», esan du. Herritarren ahotsek, naturaren soinuek eta parajeetako argazkiek osatuko dute Unzurrunzagaren lana. Egonaldian zehar, tailer bat egingo du haurrekin, objektu geometriko bat lortzeko. Eta amaieran, 360 graduko argazkiz osaturiko bisita birtualak aurkeztuko ditu. 

Era berean, Unai Sorrarain bideogile alkizarra bi artisten alboan izango da egonaldian zehar, eta ikus-entzunezko lan banatan laburbilduko du sortzaileen lana. Eta abenduaren 18an, jendaurrean aurkeztuko dituzte aurtengo edizioan egingo diren lanak eta eurekin solasean aritzeko aukera izango da. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!