Goenagaren atzera begirako erakusketa Kubo-kutxa aretoan

Jon Miranda Labaien 2020ko ira. 3a, 20:59

Irailaren 4tik urtarrilaren 10era egongo da erakusketa jarrita eta Alkizan lekututako artistaren 128 margolan izango dira ikusgai Donostiako aretoan.

Sei gune tematikotan dago antolatuta erakusketa eta elkarren segidan daude, egilearen irakurketa kronologikoa eta bere obraren garapena ikusi ahal izateko. Azken 50 urteetan egindako margolanak bildu eta antolatu ditu Mikel Lertxundi Galiana komisarioak.

Erakusketaren aurkezpen ekitaldian Juan Luis Goenagak berak nabarmendu du, inoiz ez duela planteatzen ez zer pintatuko duen, ezta nola pintatuko duen ere: "koadroak azaldu egiten dira". Pintura "autonomoa" dela azpimarratu du eta momentuko aldarteekin zerikusi gutxi duela uste du: "Bizi guztia daramazu margotzen baina pintura benetan zer den 70 urterekin hasten zara ulertzen".

Mikel Lertxundi Galianak 2018an kaleratu zuen artistaren orain arteko ibilbidea jasotzen duen Goenaga izeneko liburua eta orduan hasi zen gorpuzten atzera begirako erakusketa. Ane Abalde, Kubo-kutxa aretoko zuzendariak ezin aproposagoa iritzi dio atzera begirako honi, sei hilabetez itxita egon den erakusketa aretoa berriro zabaltzeko. Gainera, Donostiako Zinemaldiaren bezperetan ireki nahi izan dute, Woddy Allenek bertan estreinatuko duen Rifkin's Festival filmari keinu eginez. Pelikulan Goenagaren koadroak ageri dira eta bere Alkizako estudioaren erreplika bat azaltzen da.

Erakusketa honetan artistaren bildumako lanak, 26 bilduma partikularretakoak beste hainbat erakundetakoak bildu dituzte (Gipuzkoako Foru Aldundia, D´Museoa, Artium, Bilboko Arte Ederren museoa, San Telmo, Kuta Fundazioa...). Guztira 128 lan dira. Donostiako Kubo-kutxa aretoan asteartetik igandera ikusi ahal izango dira 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Bisita gidatuak egingo dituzte erakusketan zehar, larunbatetan, 17:30ean euskaraz eta 18:30an gaztelaniaz.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!