«Modu artifizial batean bizi gara, eta pozik bizi garela erakutsi behar dugu»

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko uzt. 27a, 07:56

Alkizan bizi den Kepa Fernandez de Larrinoa antropologok garbi du, festa egiteko beste bide batzuk aurkitzera eraman gaituela koronabirusak. Baina festaren zentzua «galduta» dagoela dio, «orain, festa noiznahi egiten da».

Udak festa usaina izan ohi du. Herriko festak bereziak izan ohi dira, eta uda festaz festa ibiltzeko aitzakia ere bada askorentzat. Aurtengoak ez du festatik asko izango, ordea. Kepa Fernandez de Larrinoa (Bilbo, 1958) festaren funtsaz eta zentzuaz aritu da hizketan.

Zein garrantzia dute festek pertsonentzat?

Lehenik eta behin festa zer den kontestualizatu beharko litzateke. Zer den festa bat, zertarako balio duen, zer-nolako eragina duen pertsonengan, bizitzan eta kolektiboen bizitzetan. Festak ospakizunak dira, hau da, zerbait ospatzen da. Ospakizunen logika zer den ezagutu behar dugu.

Zer hartu behar da, beraz, kontuan?

Ospakizunak ulertu ahal izateko, adituok, bi ziklo ulertu behar ditugu; bi bizitza ziklo mota. Hor daudela jabetu behar gara, eta hor mugitzen garela. Lehendabizikoa da, pertsonaren beraren bizitza zikloa. Alegia, hor badago jaiotza, koskortzen gara, gaztetu egiten gara, heldu egiten gara eta gero zahartu. Bizitzan zehar momentu ezberdinak ditugu, eta horiek pasatzen ditugu ospakizunetan. Jaiotzen garenetik, garai bakoitzean ospakizun ezberdinak bizitzen ditugu hiltzen garen arte. Beste sistema naturaren bizitzaren zikloa da. Urtaroak ditugu, eta horietan festa ezberdinak daude. Festa horiek naturaren bizitzaren zikloa erakusten digute. Neguko festak modu batekoak dira, eta udaberrikoak bestelakoak.

Pertsona eta natura uztartzen dira?

Bi bizitza ziklo horiek uztartuta ditugu. Banaka edo uztartuta erakusteko errituak agertzen dira; pasa-errituak. Erlijioa duten errituetan bataioa, ezkontza eta hileta daude, edota gaztaroan jaunartzea. Gazte taldean basa errituak luzeagoak dira, bestelako sistema bat da. Ez da agintarien sistemaren barrukoa, hau da, agintari zibilen edo erlijiosoaren sistemaren barrukoa, baizik eta, kanpokoa. Iraultzaileagoa da gazteriaren ospakizuna normalean.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Ospakizunak pasa-errituak dira. Sartu-irten errituak dira. Estatus bat uzten dugu eta beste batean sartzen gara. Urtaro bat uzten dugu eta beste batean sartzen gara. Hor ari gara bizitzaren zikloa markatzen. Jaio, sortu eta hil. Hori da norberaren bizitza biologikoa, naturaren, hau da, eguzki eta ilargi sistemaren mugimenduan. Hor emozioak dramatizatzen ditugu, sentimenduak adierazten ditugu. Esaterako, zein festa den eta norekin egiten dugun, poza adierazten dugu, edo tristura izango da nabarmentzen dena. Gazte festa batean bagaude, edo ehorzketa batean edo ezkontza batean, sentimenduak bestelakoak dira. Poza, tristura, gazi-gozoa, benetako sentimenduak ditugu; bai sentimendu pertsonalak edo sentimendu kolektiboak. Sentimendu eta emozio horiek pertsonalak eta kolektiboak dira, eta festa horiek kanalizatzen dituzte. Horretarako dira festa horiek; norberak bere barruan, edo, talde edo kolektibo batek multzotasun horretan. Sentimendu eta emozioez gain, talde horretako kidea zein den eta zein ez den ere adierazten dugu.



Horrek zer esan nahi du?

Ospakizunetan gizarte loturak erakusten, agertzen, dramatizatzen edo antzezten direla esan nahi du. Gizarte loturak, oro har, baina baita gizarte taldeen joskerak ere; eta gizarte talde txikien joskerak erakusten baditugu, noski, ajeak ere bai. Eta agian amildegiak zeintzuk diren ere ezkutatzen ditugu. Pertsonen arteko zubiak agertzen dira, baina hutsuneak ere bai.

Orain kanpoko faktore bat dugu: Koronabirusa. Horrek eraginik badu?

Arazo bat dugu. Kanpoko elementu bat sartu zaigu, eta ikusi besterik ez dago zer gertatzen ari zaigun herriko festa edo hilabete hauetako ospakizunetan. Herriko festak bakarrik ez, begiratu behar dugu adinekoak zahar etxeetan hil direla, bakarrik hil direla, ehorzketarik ez dela izan, familiako kiderik ez dela izan, gorpuak edo hautsak beranduago jasoak izan direla,... Komunikazio eza ere hor dago, eta komunikazioa izan bada, teknologia berrien bidez izan da. Ez da komunikazio fisikorik izan. Dramatizatze behar horretan kinesia bat erabili dugu, hau da, gorputz lengoaia. Gorputz lengoaia berezia, ezagutua, kodifikatua; eta, sinbolika, ikur lengoaia ere erabili dugu ospakizun horietan. Berdin dio ospakizuna zein motatakoa den. Naturaren zikloari lotuta dagoen edo pertsonari lotua, edo biei lotua den. Kinesia sinbolika horretan une eta guneak daude. Eguneko une eta gune horiek ospakizunetan transformatzen ditugu, eta horretarako kinesia eta sinbolika bereziak ditugu. Uneak bereziak dira eta espazioak ere bai. Ospakizunetan eguneroko lengoaia transformatzen da.

Orain, sozializatzeko arazoak ditugu, ordea.

Bai. Bat-batean sistema horrek ez du balio. Ikusten dugu sistema hori erabiliz gero, kutsatzen garela eta arriskuan jartzen garela. Geure burua jartzen dugu arriskuan eta gure aldamenekoak ere bai. Alegia, gure taldea ere arriskuan jartzen dugu: senideak, lagunak, aldamenekoak, beraz, festetan parte hartu behar izanez gero, talde garela erakustea baino izan liteke taldeari kaltea ekarriko diogula. Orduan, kontziente baldin bazara, mesfidantza sortzen da. Beraz, ospakizunaren funtzioa modu batez ulertu dugu orain arte, eta orain konturatzen gara funtzio hori ez dela betetzen. Alegia, taldeari berari kalte eragin diezaiokegu. Hori ez gertatzeko, gure taldea defendatu edo maitatu nahi badugu, beste modu batez egin behar dugu, eta festa birformulatu behar dugu. Ospakizuna beste modu batez egin behar dugu, eta berrasmatze horrek behar luke bestelako kinesia; bestelako sinbolika, eta bestelako gorputz lengoaia. Hori da gaur egunean dugun erronka, eta bat-batean etorri zaigu. Orain arte erabili dugun sistema kutsatuta dago, eta beste bat asmatu behar dugu. Elkar kide garela esateko, izateko eta erakusteko horretan koronabirusak infektatu du gure sistema. Besarkadak, musuak, elkarren ondoan dantza egitea, elkar ukitu, ikustea,... ez da posible.

Festak belaunaldiz belaunaldi pasa dira, baina gizartea gero eta indibidualagoa da. Honek areagotu dezake?

Ematen du komunitatean bizi garela, festetan jende asko biltzen delako, baina, festa horiek oso indibidualki bizi garela ezkutatzen dute. Gizarte indibidualista batean bizi gara, eta gizartea oso kontsumista da. Batik bat kontsumo festak dira. Eta norberaren zikloari eta naturari ez diogu jarraitzen. Festak egiten dira noiznahi. Lehen jendeak festa bere herrian egiten zuen, edo bisita eginez senideen herrian. Orain jendea herriz herri mugitzen da astebururo. Modu artifizial batean bizi gara, eta pozik bizi garela erakutsi behar dugu. Festaren zentzua galduta dago. Funtsa hor dago: sentimendu bat adieraztea eta talde bat garela esatea, eta horrek hor jarraitzen du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!