"Beste harreman mota bat lantzen da Ur maran, gertukoagoa"

Jon Miranda Labaien 2020ko uzt. 16a, 07:42

Alkizan natura eta artea uztartzen dituen museoan praktika-aldia burutzen ari da Artearen Historia ikasten ari den gazte ibartarra; Besteak beste, espazioak erakusketako bisitak gidatuko ditu egunotan

Gasteizen Artearen Historia ikasten du Leire Iruretagoienak (Ibarra, 1999). Erroman Erasmus programa egiten ari zela lehertu zen pandemia eta etxera itzuli behar izan zuen. Praktika-aldia egiten ari da Ur mara museoan.

Nola sortu zaizu aukera Ur maran praktika-aldia egiteko?

Aukera geneukan udan borondatezko praktikak egiteko. Umetan ikastolarekin hemen izanda nengoen, ireki berritan, espazio hau 2011n ireki baitzuten. DBHn nengoela etorri ginen. Orduko oroitzapenak neuzkan eta borondatezko praktikak egiteko aukera zegoela jakin nuenean Ibarra inguruan zein museo egon zitezkeen begira aritu nintzen. Segituan oso jator erantzun zidaten, lasai etortzeko. Animatu nintzen.

Pozik zaude egin dizuten harrerarekin?

Bai, oso pozik. Artista batek lana nola egiten duen gertutik ikustea, opari bat da niretzat. Koldobika Jauregi eta Elena Cajaraville oso jatorrak dira, gertukoak, etxekoa banintz bezala tratatu naute lehenengo egunetik. Bisitak gidatuko ditut tarte honetan eta testuak nik nahi bezala prestatzeko askatasun osoa eman didate. Ordutegi malgua daukat gainera.

Gustuko duzu Artearen Historia ikastea?

Bai. Hirugarren maila egin dut eta laugarrena hasiko dut irailean. Erasmusa egiten egon naiz aurten Erroman eta pentsamendua pixka bat aldatu zait, baina hala ere, gustatuko litzaidake arte komisariotzan espezializatzea, arte erakusketak eta kultur ekitaldiak antolatzen jardutea. Oraindik ez dut argi. Udako praktika-aldi honen bidez kredituak lortuko ditut eta era horretara ikasgai bat baliozkotzeko aukera izango dut. Hala ere, aldi hau bereziki baliatuko dut lan munduari begira eskarmentua hartzeko eta ikasketa pertsonal gisa.

Zenbat denbora egongo zara Ur maran?

Abuztu erdialdera arte egongo naiz. Uztailean hasi nintzen eta hilabete inguru emango dut hemen.

Zertan ariko zara tarte honetan?

Berez, zeregin nagusiak museoan egiten diren bisitak gidatzea izango da. Gero katalogazioa egiten ere jardungo dut, bi biltegi dituzte arte lan pila batekin eta horiek sailkatu eta ondo jasotzeaz arduratuko naiz. Sare sozialak ere kudeatzen ditut eta webgunea berritzeaz arduratzen naiz. Baina, egia da, egunerokotasunean denetan laguntzen diedala. Gaur, adibidez, Elenak Dantza filmerako egin zituen bitxiak sailkatzen eta gordetzen aritu gara. Erakusketa bat antolatu behar dute eta Koldobikaren grabatuak markoan jarri genituen aurrekoan. Aparteko lanak ere bertatik bertara ikusi ahal izan ditut, adibidez, eskultura bat zaharberritzen ari dira eta prozesua nola den ikusi ahal izan dut.

Noiz egingo dituzu bisita gidatuak?

Gaur dut aurrenekoa. Lehenik, Koldobikak erakutsi zidan museoa, itzuli osoa egin genuen eta banan-bana erakutsi zizkidan eskultura guztiak. Sinbolikoak dira eta lan bakoitzaren atzean dagoen esanahia azaldu zidan. Nik koaderno batean oharrak hartu nituen gero bisita prestatzeko.

Zer da Ur mara museoaren bereizgarri nagusia?

Esango nuke ez dela museo konbentzional bat. Artea eta natura uztartzen ditu eta ardatz nagusia askatasuna da. Oso modu librean daude sakabanatuta artelanak. Gero azpimarratzekoa da sormenerako gune bat dela, espazio ezberdinak daude horretarako propio prestatuta. Esango nuke, baita ere, azpimarratzekoa dela, Koldobika eta Elena, biak artista eta intelektualak izanda, zeinen gertukoak eta umilak diren. Eroso sentiarazi naute lehenengo momentutik.

Gertuko museo bat dela esango zenuke?

Bai, beste museo askotan artelanak sakralizatu egiten dira. Idulki baten gainean, kristal baten atzean jartzen dira lanak, bisitariaren eta artelanaren artean distantzia dago eta arrotz sentitu daiteke jendea. Hemen, berriz, jendeak patxadaz ikusi dezake eskultura, buelta guztia eman diezaioke eskulturari. Beste harreman mota bat da, gertuagokoa.

Gune esperimental bat da Ur mara.

Bai. Arte diziplina ezberdinak elkarrekintzan daude hemen. Koldobikak performance batzuk prestatzen ditu, musikari eta dantzariekin batera. Adibidez, Thoreau espazioa dago hemen filosofiari eta poesiari irekia. Ez da arte plastikoa soilik, zabalagoa da hemen egiten dena.

Gomendatuko zenieke herritarrei museoa bisitatzea?

Bai, noski. San Telmo edo Tabakalera etortzen zaizkigu gogora museoak aipatzen zaizkigunean, eta gero, hemen, Alkizan horrelako aukera bat dugu. Ez zait iruditzen jendeak asko ezagutzen duenik. Pena da, merezi baitu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!